1973ko
abenduak 20 zituen
Eguberritako
pinua apaintzen ari zen. Alabak Korte Inglesen erositako plastikozko
pinotxoa ekarri zion, nonbait Ameriketatik heldu zen azken moda
zen,eta bazituela bere abantailak pentsatu zuen Carmenek, alde
batetik ez zuen kimarik galtzen, bertzetik ez zen idortzen, eta
hurrengo baten erabili zitekeen. Belaunetan eskoziar estalkiarekin
goxo-goxo betiko bere eserlekuan egunkariak irakurtzen ari zen Paco.
Jauregiko alde batean era bat pribatuki zegoen senar-emaztea
egokitua. Alde horretan ez zuten bisitarik hartzen, hortaz,
senarraren idazkaria abisatu gabe sartzen ikusi zuenean, Carmen
larritu zen. Bainu-gelan sartu, eta ispiluaren aitzinean ilea
konpondu eta ezpainak gorriztatu zituen, ondoren senarrarengana
hurbildu zen, eta gizona negarrez, zotinka, muki zeriola,
hatsanka,ikusi zuen, bazirudien gizona ttikitu egin zela, burua
bular gainean, eserlekuan kuzkurtua lastimagarri._ Paco !_ Zer
duzu?_ Ongi zara?_ gizona kontsolatu nahian eskuineko eskua hartu
zion, eta milaka herioz-zigor tinko sinatu zituen senarraren eskua
lehendabiziko aldiz dardarka sumatu zuen.
Julian
Ramirez inspektorea Toledoko bidean irratia entzuten lasai gidatzen
zihoan. Batean, irratia mutu gelditu zen, istant bat geroago Arias
Navarroren ahotsa aditu zuen eta errepidearen bazterrean gelditu
zen.” Luis Carrero Blanco almirantea meza ondoan etxerako bidean
Claudio Coello kalean hil egin dute,”aditu zuen ._ Ostia!
_Ahoskatu zuen Ramirecek. “Jose Antonio Bueno inspektorea eta
txoferra ere hil dira.” _Ostia! Ostia! Ostiaaa! _Oihuka hasi zen
bere lagunaren izena entzutean. “Lehergailu batek almirantearen
autoaren azpian eztanda egin du, kotxea, hogei metroko eraikin baten
gainetik frantziskotarren egoitzaren patioan erori da...”
Komando
txikia:
Inaki Mugika /Inaki Perez
“Wilson”/Jose Mari Zugarramurdi “Kizkur”/ Javier Llarrategi
“Atxulo./Jose Migel Beñaran “Argala”
Komandoak atentatua burutu, eta
ipar aldera ihes egin zuen.
Julian
Fernandez eta Rocio Gracia Gasteizko tren geltokian jaitsi eta ia
tente gelditu ziren. Zero azpitik bi gradu zeuden, eta batez ere
Rociok hotza ez zuen ongi jasaten. Azeri larruz jantzia, senarrari
atxiki zitzaion eta besarkaturik Dato kalea hartu zuten.
_
Oinez joan behar dugu _ Ala? _ Galdetu zion Rociok senarrari.
_
Bai, lasai, gertu dago hogeita bi garrena. Erantzun zion Julianek,
masaila musukatuz.
1977ko
abenduaren 3a zen eta Dato kalea eguberritako apaindua zegoen.
Zuhaitz izoztuek argi zuriz jantziak, giro lanbroan mamuak ematen
zuten, Amabirjina zuriaren enparantzan zegoen izarra ia ez zen
ikusten. Gaueko hamarretan bakar bakarrik zihoazen, beraien
oinetakoen asotsa bertzerik ez zuten aditzen. Etxeko sotoan sartu
ziren, eta Rociok berokia laxatu zuen. Julianek solairu
printzipalean apartamentuko atea ireki eta:_ Aurrera nire printzea_
Erranez emazteri pausoa utzi zion.
Rocio
nahiko ongi egokitu zen Gasteizen, gobernadore zibilaren
emaztearekin, foru aldundi presidentearenarekin, eta bertze kargu
handidun emazteekin biltzen zen arratsaldetan kanasta jokoan. Senarra
guti ikusten zuen, batzuetan ez zen lo egitera ere etortzen. Haren
lanaz ezin zen mintzatu, sekretupean zelako, eta egia errateko ez
zuelako ongi ulertzen zein zen haren lana ere. Berak ere bazuen
sekretu bat, sekretu handia, sekretu hordigarri bat. Bortz urte
zeraman ezkondua, baina umerik ez zen iristen, eta Rociok umeak nahi
zituen. Garrantzi handiko lan bat zuzentzera Gasteiza bidaliko
zutela, senarrak erran zionean, Rociok ez zuen gogo onez hartu,
baino, gero haur bat lortzeko aukera izan zitekeela azaldu zionean
pozik hartu zuen ideia.
Foru
Aldundiko gizarte-laguntzaile batek umezurztegira zuzendu zuen
senar-emaztea. Sor Maria, moja igar eta hotz batek egin zien
harrera. Galdeketa zorrotz bat egin ondoren dohaintza bat emateko
kutun azal bat eman zien. Mojak, behin kutun azala eskuan azaldu
zizkien aitzina eman behar zituzten pausoak. Ginekologo baten
helbidea eskuratu zien, lehen bai lehen harekin harremanetan jar
zitezen. _Beti baditugu emakume miserableak gurera erditzera etortzen
direnak, gehienean bekatuaren umeak izaten dira, eta eliza santuaren
doktrinan bizi diren bikoteei haurrak ematen saiatzen gara. _
Bertzerik gabe bota zien mojak. Rociori hotzikara eman zion, eta
senarraren eskua estutu zuen, gizonak irribarre bero bat itzuli
zion.
Mirentxu
maleta ttiki bat eskuan iritsi zen goizean goiz eta umezurtz-etxeko
txirrina jo zuen. Sor Mariak ireki zion atea, bazekien neska
etortzekoa zela, apaizak neska bat igortzen ziola abisu egin
baitzion. Mirentxuk bi urte zeramatzan neskato izorra zela
etxekoandreari erran zionean, hark apaizarengana zuzendu zuen. Neska
areto hotz biluzian lastozko eserleku batean eseri zen, parean Sor
Maria bertze batean. Mojak etxeko arauak azaldu zizkion. Mantenua
ordaintzeko lana eginen zuen, umea sortu eta berrogei egun geroago
joanen zen, haurra umezurztegian uztea erabakitzen bazuen, haren
mantenua ordainduko zuen._ Goizeko seietan meza entzun ondoren
gosaldu eta eguerdi arte etxeko lanak, arratsaldean baratza landu,
oiloak eta zerriak gobernatu, zazpietan arrosarioa errezatu, afaldu
eta hamarrak arte joste-tailerra, hori izanen da zure bizia gurean._
Arrapaladan bota zion mojak.
Fernandez
jaun andreak hartu zuten mezua, sei hilabete barru haurra ukanen
zuten. Rocioren bizi era bat aldatu zen. Haurdunaldia antzeztu behar
zuen, eta hasieran arraroa egin bazitzaion ere, gero txantxari gustua
hartu zion. Lagunei enbaraza zela gaztigua egin zien, erosi zituen
soineko berriak, gerria loditzeko kuxin bat antolatu zuen,
plastikozkoa, pixkanaka puztu egin behar baitzuen. Inoizka apeta
ere sentitzen zen, senarrak mugaren bertze aldetik gutiziak ekartzen
zizkion, batez ere jogurtak, txokolatea, lurrin onak... Iruten ikasi
zuen, artilezko elastikoak haurrarentzako egiten saiatu zen. Seaska
bikain jantzi zuen, harizko maindireak,eta estalkiak brodatu...
Urriak
hogeita zortzi garrena zuen, eta goiz aldera Mirentxuk urak autsi
zituen. Eri-gelara eraman zuten, ordu pare batean umea garrasika
kendu zioten. Amak ez zuen haren aurpegia ikusteko denborarik ukan.
Garbitu zuten eta kafesne bat pilula batekin ekarri. Arratsalde arte
ez zen iratzarri. Sor Maria irribarretsu etorri zitzaion, eta kopeta
laztanduz eman zion albistea, haurra hil egin zela_ Alajinkoa!
Azaroak
bat Omiasaindu eguna, goizeko hamarretan ginekologoak deitu zuen.
Rocio bakarrik zegoen etxean, baziren egun bare bat senarra
iparraldean zela, eta ezin zuen harekin komunikatu. Aldez aurretik
prestatua zeukan maletatxoa hartu,eta taxi batean ospitalera joan
zen. Lehenerdi bat baino urduriago sartu zen Rocio erietxeko gelan.
Ginekologoak, lasaitzeko erraten zion, arropaz aldatu eta ohatzean
sartzeko, ordu bitan erizain aldaketa izanen zela eta orduan ekarriko
ziotela neskatikoa. Ordu bata zen eta azken ordu hori erdiminetan
jasan zuen Rociok.
1978ko
abenduaren 21an Angelun, goizeko bederatzi eta erditan Jose Migel
Beñaran “Argala” etxetik atera zen, autoa martxan jartzean,
azpian ezarri zioten lehergailu batek eztanda egin eta kasatu zuen.
1 comentario:
Oso originala zure narrazioa.
!Lastima ez publikatzea beste toki batetan !
Zorionak.
Josefa Maria Setién
Publicar un comentario