martes, 28 de mayo de 2013

AZKEN AGOTEA (2)






Zazpi urte neramatzan herrian, eta goizeko ordu ttikietan zerua lehertu zen; ortotsen orroek jendea iratzarri, eta ikara bizian dardarka  ohatzetik jaikiarazi zuen. Oihana gainbehera etorri zen, eta bidean eraman zituen errepideak, argi instalazioak, automobilak, traktoreak eta gainontzeko guziak. Animaliako zuhaitz ondoak erroetatik atera eta, abar, lokatz eta harriek herria estali zuten. Ur bideak lehertu, eta ur zurruta berrogei metro zein geiser zerurantz joan zen. Herriko enparantzako harlauzak harrotu eta etxeetako ateak estali zituen. Argi eta urik gabe gelditu ziren etxeak. Argi hastean baizik ez zen jendea arazoaren handitasunaz arduratu. Herria islatua zegoen, ibaia gainezka, urak errepideak moztu zituen, etxeetako sotoak urak hartuak, jendea leihoetan deus egin ahal izan gabe. Denetara hogeita lau ordu iraun zuen ekaitzak. Nire etxea oihana bidean miragarri salbatu zen, haritz ondo erraldoi bat saihetsean gozoki gelditu zen, haren kontra abarrak, harriak eta lokatzak hogei metro luzera  bider sei metro gora barrikada moduko bat osatu zuten, eta horrela salbatu nituen etxe bazterreko loreak, eta sarrerako beirazko atea. Ur pittin bat bertzerik ez zen sartu etxean. Harriduraz behatzen nuen etxe ingurua. Egun batean loreak konpontzen apo bat topatu nuen eta zuzenki begietara behatzen zidan. Urduri paratzen ninduen apo hark, hartu nuen eta oihanera eraman nuen. Garbitu zuten herria, eta bide batez nire etxe bazterrean zinpeko alkateak uholdeek hondatu ez zuena lekutu zuen. Eta apoa berriz nire atean agertu zenean, susmo txarra sumatu nuen eta berriz ere oihanera igori nuen
Etorri ziren aginteak, kazetariak, teknikoak, topografoak… herria konpontzeko plangintza egin zuten. Eta hasi ziren asfaltatzen. Eta asfaltatu zituzten kaleak, enparantza eta erreka. Eta nire etxe ingurua ere arriskuan zegoela arduratu nintzen berriz ere apoa ikusi nuenean nire atean tinko niri begira.
Eskribitu nion urbanismo zinegotziari  etxe bazterrean lur pittin bat utzi diezadan erregu eginez. Xarmanki utzi zidaten teilapean metro erdiko lurra eta apoa desagertu zen. Eta berriz ere loratu zen nire etxe bazterra. Izpilikua handitu zen, mahats-parra eta glizinia pareta gora elegante joan ziren, arrosa landarea lorez gainezka...
Denbora berean bortz urte lehenago Nafarroako gobernuan jarria neukan helegitearen sententzia iritsi zen. Nire etxeko larraina neukan eskatua, baina ezezkoa eman zidaten. Udalarekin neukan liskarra, eta sententziak zionez ez genuen ez batak ez bertzeak behar zen bezala gure jabegoa kreditatu, hortaz udalari ematen zion nire larrainaren administrazioa. Hilabete neukan helegitea jartzeko, baino ez nuen deus egin, hondamendia eta gero udalak iadanik nire lurra asfaltatu zuelako.
Zinpeko-alkateak nire etxeko gibeleko aldeko oilategian, alabarentzako egin zuen etxea, eta honek patata eta tomateen ordez ipotx eta kakanarruz bete-bete zuen etxeko baratza. Astotxoak plastikozko lore garraioan, zazpi ipotx eta Edurne Gorritxo dantzan, ur putzu fazatia gezurrezko nenufarrekin... Beraz, nire estudioko leihoan gortina bat jartzeko tenorea ailegatu zela pentsatu nuen.
Bazirudien gauzak bere onera etorri zirela eta nire bizilagunek ez zeukatela deus ni zirikatzeko. Bortz urtetan modu txarretan ibilitako pertsonai traketsek eta apoa bera ere alde egin zuten, eta lasai gelditu nintzen. Lasai bai, baina, nire jakin mina ez zen ase. Nire etxe xumearen larraina berreskuratzeko udalak hartu zuen lana, era bat lekuz kanpo zegoen. Auzokideen azpi joko zikinen etekina ez nuen inon ikusten. Lanbro ilun batean erdi aro usaina sumatzen zen.


2013. Otsailak hamabortzgarrena zuen eta telefonoz dei bat hartu nuen. Andre bat zen, eta nirekin mintzatu nahi zuela erran zidan. Andrea Pedro Zigaren patrimonioaren oinordekoa izanik haren onen ziurta-agiriak ondasun erregistroan behatzen ari zen eta nire ondoko etxearen jabego inskribua aurkitu zuen. Etxea okupatua zegoen. Pedro Zigak 1941an erosia zuen etxea baina, ez zegoen saldu zuen izkriburik. Etxea okupatu zutenak ez ziren bertan bizi, baratza eta oilo batzuk zaintzen dituzten bertan. Bazirudien etxearen paperak ez zituztela zilegi, erregistroan mugak ez ziren berdinak, ezta etxearen izena ere. Kontribuzioa ere ordaintzen zuten.
Pedro Ziga 1868an Iruñean sortu zen. Dorotea Fernandez andrearekin ezkondu zen. Emakumea aberatsa, oso aberatsa zen. Fernandezek ikaragarrizko fortuna egin zuten Ameriketan. Ziga senar-emazteak 1989an Bertiz-Arana jaurgoa erosi zuten, bertako jauregia handitu, eta baratza mundu guziko zuhaitzez jantzi. Lorategia Baztan ibaiaren bazterrean modernismo moduan apaindu, eta dotoretu zuten, bertan musika emanaldiak, eta dantzaldiak antolatzen zituzten. Oronoz-Mugairi aldeko emakumeek ibaian garbitzen zuten arropa, baina, musika eta abestiak ikaraturik utzi zioten arropa garbitzeari. Laminak zirela uste baitzuten... Jauntza mendi eta baso handi baten jabe da, Oronoz-Mugairi herriko etxe anitzena ere. 1950An Pedro Zigak testamentu holografoa egin zuen abokatua zelako. Bertiz-Arana jaurgoa apez zaharren zaintzarako elizari dohaintza egin zuen ehun urtetako baldintza gogor pean. Baldin eta baldintzak ez bete bere oinordeko jatorriei itzuliko zen jauntza urte mugarik gabe. Egun, oinordeko jatorriek dagokien eskubideen araberan dohaintzaren argi bideak bila hasi ziren. Nafarroako lur aberastasunean Pedro Ziga izandakoaren ondasunaren datak eskatu zituzten eta aipatutako jauntzaren gain bazituen bertze baserri, etxe eta landa: 1920an erosiak ziren, eta ez zeudenak apezei egindako dohaintzaren barne. Horietako bat Jauregizarreako agot ghettoa hain zuzen.
Suntsituta gelditu nintzen. Zaplastako bat eman bazidaten bezala, zozotua. Suspertu nintzenean barregura sentitu nuen. Beti pentsatu nuen etxearen gibeletik zebiltzala._ Emakumea, emakumea, hago isilik! nola ibiliko ditun ba hiri etxea kendu nahian?_ Erraten zidaten lagunak, burutik ongi ba ote nintzen pentsatuz. Baina, ez, ez nengoen gaizki. Arras argi ikusten nuen, falta zitzaidan puzzlearen azken atala aurkitu bainuen. Ziga jaunak Ursua ondorengoei erosi zien ghetto osoa, eta bera ere “jauntxo” izanik, ghettoko biztanleei Bertizko mendietan lana eman zien. Bertako etxe printzipaleko ate gaineko harlauzan zizelkatua “capataz-enia” irakur daiteke.
Erdi aroko ilunerantz egin nuen. Herriko jendeak bazekien bazterrak astintzen ari nintzela, eta ihes egiten zuten. Isil itun baten barne baleude bezala, nire galderei ez zioten erantzuten. Inork ez zekien deus ere. Aspaldiko kontuan dira horiek... edo, batek daki... eta horrelako arrazoiak ematen zizkidaten. Baina, nik banekien bazekitela, bazekitela ghettoaren istorioa, gehienen arbasoak bertakoak zirelako. Marjinazioaren aztarnak oraindik garbitu gabeak, isilduak eta ezkutatuak, baina nola nahi ere sendatu gabeak.
Arotz sudur luze bat nintzen haientzako, eta ulertu ere ulertzen hasi nintzen haien jokaera. Ez nintzen Estokolmoko sindrome pean. Ez, ez zen hori. Ez ziren beraien ekintzen jabe, ez zeukatelako oraindik burujabetza lortua. Eraikuntza burbuilak animaturik erotu egin ziren; sosa hipotetikoen soinu dantzan hasi ziren, zinegotzi eta udaltzain lotsagabeak, zinpeko alkate asto-pitoa, nekazari miserableak... eta horien denen gainetik batuta tinko eskuan ustelkeria. Jakintsua zen ustelkeria, bazekien non landatu behar zen lapatina edo arrosa.
Eta denen artean, bakea kendu zidaten. Bullyng deritzon hori ezagutzen ez duenak ez daki, zeinen krudela izan daitekeen baten arimarako. Ilunabarrera gizonak etxe parean erausian. Udal zaina paisanoz noiz-nahi kalean gora kalean behera. Auzoko zakurrek (ongi ikasiak) nire landareak pizez ihinztatzen. Alimaleko suge puska goizeko hamarretan nire atarian. Ur zikinen zurruta harri eta trapu batzuekin trabatua. Baratza zaborrak nire leiho azpian erretzen... Eta horiek denak inolako zigorgabetasunik gabe. Aratuste mozorroan ezkutaturik, ilunpetan, tribu-babesean, koldarki jokatuz.
Alkate-andreari nire kezkak azalduz hogei bat gutun zuzendu nizkion, herriko apezari bizpalau; ez nuen erantzunik hartu. Egun batean, Karlos Garaikoetxeari idaztea otu zitzaidan. Honek, bai, erantzun zidan; gutun polit bat hartu nuen, eta anitz eskertu ere. Alkate-andrearekin mintzatuko zela; erraten zidan, eta horrek lasaitu ninduen; banekielako alkatea ez zela zilegi jokatzen ari, eta bere alderdiaren burua horren jakinen gainean egoteak ez ziola ongi kokatzen. Nola nahi ere erasoak baretzen joan ziren. Ez dakit Garaikotxea jaunaren eraginez izan zen, edo nire temak andrea ikaratu zuen. Neu ere nire buruaz kezkatzen hasia nintzen. Gertatzen ari zitzaidana ezin nuen inolaz ere isildu. Eta ala edo nola publizitatea eman behar nion, baina aukerak akitzen ari zitzaizkidan. Gero eta gorago joan behar nuen; noraino?

URSUA

Ursuarrak XIV /XVIII gizaldi bitarte Baztanen jauntxo. / Zazpi errota berri / Zortzi jauregi zuri
/Hoien guztiegatik / Nik ez Ursua nahi /. Horrela dio herri kondairak, Lantaniako Yoana Ursuako semearekin ezkontzera etorri zeneko garaia (?) gogoraraziz. Ursuarrek amodio, gorroto eta liskarrean sarri, sei gizaldiz beinepein bailatako jauregi guziak ezkontza bidez lotuak zituzten. Ursuarrak ikasiak ziren gizalditan testamentu, inskribu, ordenu eta itunen notario, sarri izan baitziren. Militarrak eta abenturazale, Amerika, Filipinak, Italia, Flandes... eta hainbat herrialdetan aipatuak izan dira gizalditan. Ursuako Pedro 1561an Perun “El Dorado” bila Agirreko loperekin batera zebilela, hantxe kasatu zituen Agirreko Lopek Ursuako Pedro eta Ines Atienza bere amorosa. Badugu euskaldunok bertze Ursuar bat aipatzeko. Martin Jauregizaharreko semea: Fernando Katolikoaren enbaxadore izan zen, eta Leringo Kondearen ejertzito kapitaina ikurra propioarekin. Nafarroako erresuma galearazten lagundu, eta Amaiur gazteluko atea hartu, eta Jaurezaharrean jarri zuena.
Aspaldi zaharrean galtzen da Ursutarren leinua. Ursua armarria, “zilarrez nabar hiru uso triangeluan”. 1353An Migel Sanchez Ursua horrela aipatua da. “Su rango de escudero real no es tan vinculante que le impida trepar a los arboles para cazar un azor primo en el monte Ibarrola y vigilar el nido de criazon, con que alegrar la cetrería del rey su señor. El tesorero del reino le premia con 30 sueldos carlines, que partirá a medias con el escudero Ochoa de Joaonsaras, su asociado en la misma aventura.”
 Baxenabarra? Xuberoa? Lantaina jauregiko alaba Joana  goizeko hamarretan ezkondu zen Ursua jaunarekin, eta arratsaldeko bortzetan, jauregiaren parean dagoen Santa Ana baselizan ezpata ukaldiz hil zuen senarrak emaztea,   haurdun zegoelako.
Zaldiari ferrak alderantziz paratu eta, ipar aldera ihes egin zuen Urtsuak.
Herri kondaira ahotz-aho eta gizaldiz gizaldi iraun du. Lantania etxea –Azparren?-Bidarrai? Etxe aberatsa zen, Leihoak Ursuak baino handiagoak zeuzkan./Ursuak eder leiho/Laantainak ederrago/  Joanak 500 luises eskaini zizkion bere  anaia apaizari  isilaren truke baino honek sabelen zeraman haurra besoetara ematea eskatu zion.
Gertakizuna baliteke XVII garren gizaldian gertatua izatea.   Luis sosa 1610 urtean LuisXIII erregeak akuinatu zuen. Pedro Ursua Arizmendi 1588an sortu zen Ursua jauregian  eta lehen Ursua kondea izan zen. Herri kondairan konde bat aipatzen da.   
Legenda bertsotan bildua dago, bertsoak abesteko eginak gizalditan abestu dira besta eta ezteietan.
Arizkungo Ursua jauregiak harresi eder batek babesturik, larrainean animaliako errota-harriak dauzka garaiko zazpi erroten lekuko,   eta baseliza, ttikia eta bildua  parean, harrizko bideak separatzen du jauregitik.  Ermitatxoak, gotor hetsia, barnean altxatzen duen misterioari tinko eusten dio
Jauregizaharrea eta Zubiria, Lantaniako Joanak aipatutako zazpi jauregietako bide dira. Egun elegante eta dotore zainduak, goizero leihoak irekitzean, gizalditan bertan bizi ziren esklaboak egiten zuten bezala, ikusten ditut. Ihesian zebiltzan agotak haien landetan errefuxiatzen baitziren. Txostak egiteko baimena ematen zieten nagusien esklabo bihurtuz. Etxetxoen jabe ziren, baina ez etxea oinarritzen zen lurrarena. Egoitzak ezin zituzten baztandarren errolda zerrendetan inskribatu, hortaz ondorengoak dohaintza bidez hartzen zuen jabegoa.
 Jauregizaharrea eta Zubiriako lurrak bat bertzearen mugan egonik, naiz eta jabeak jendakiak izan, gizalditan liskarrean ibili baziren ere, egundaino ez zituzten mugak argitu. Bi jauregien artean agota etxetxo edo txostaz osatutako auzoaren aztarnak iraun dute. 1650An Tristan Ursua, Zubiriako semea Ezpeletako Sabadina Zozaiarekin ezkondu eta Tristanena etxea eraiki zuen agota auzoko errekaren bertze aldean. (Sabadina Zozaia Tristan Ursuaren emaztea Ezpeletan sortu zen; sorginkerian trebea, etxe bazterrean apoak zaintzen zituen edabe eta ukenduak egiteko. 1611An bere alaba Beatrizekin batera auzipetua izan zen). Aitzina hiru familia izanen ziren esklaboak partekatzeko.
Tristanena etxearen parean agota auzoko zelataria (agota bera ere) bizi zen eta haren alabak jauntxoen arropa garbitzen zuen. Kattalin, arropa garbitzailea hamasei urteko neska begi urdin eta ile hori xarmanta zen, eta Tristanen gustukoa. 1660Ko abenduan Kattalinak mutiko bat sortu zuen, umea ederra eta ile horia zen eta Ursuaren begi beltzaran berberak zituen. Gabez bataiatu zuten bastarta, eta Joxe Txostoarena izena eman zioten. 1698An egin zuen Tristan Ursuak testamentua, Migel Narbarte notarioaren aitzinean. Egun berean, Joxe Txostoarenari, bere amarekin batera bizi zen etxetxoaren dohaintza egin zion. Etxea eta larraina denetara area eta erdi, mutila eta bere ondorengoentzako.
Hamaika belaunaldi geroago Joxeren ondorengoak saldu zidan etxea. Baina, Tristan Ursuak bere seme bastartari utzi zion etxearen lurra ez zen berea, Jauregizaharreko osabarena baizik, eta bertze liskar bat finkatu zuen. Pedro Zigak 1921ean Ursua ondorengoei erosi zien ghetto osoa. Ghettoan zutik gelditzen diren etxeak lau dira. Nirea bizitzeko moduan konpondua, bertze hiruak eror zorian, oilategi eta untxitegi. Eraikin burbuila eromenean baziren ghettoa erosiko zutenak, baina osoa nahi zuten. Nire etxea sarreran dago eta traba egiten zuen.

No hay comentarios: