miércoles, 14 de noviembre de 2012

MARKO POLOREN BIDEA


SETAREN BIDEA

Marco Polok bere garaian egin zuen bidea jarraitu nahian abiatu nintzen gogotsu 2012ko uztailaren bigarren egunean. Goizeko seietan Bilbon hegazkina hartu eta hogeita lau ordu geroago Beijinen nintzen. Kanbalik zeritzona Polotarrak ailegatu zirenean. Aireportua, Norman Fosteren lan xarmanta da. Goizeko hamarretan hartu genuen lurra.

Bederatzi ginen taldean, bi gizon eta zazpi emakume. Ahizpa eta bion lagun batekin nengoen, lo egiteko unean gutako batek arrotz batekin joan behar zuen gelak binakakoak baitziren. Suertatu zitzaigun, gidaria hogeita hamar urteko mutil xarmanta izatea. Parekatuak ez geundenez, gutako batekin derrigorrez lo egin behar zuela gaztigatu gintuen gidariak . Agian, bi ahizpek elkarrekin lo egin nahi izanen genuela hasi zen erraten mutila. Zalu eta argi erran nion ezetz, ez nuela inongo horrelako asmorik, eta gogo onez eginen nuela berarekin lo. Taldea harriturik eta mutu beha gelditu zitzaidan. Irribarretsu zuzendu nintzaion mutilari eta ─ Arras ongi konponduko gara, ikusiko duzu, amatxirena eginen dut. ─ Erran nion. Taldean zaharrena nintzen eta mutilak baino berrogei bat urte gehiago beteak. Eta oso ongi konpondu ere egin ginen, ia ez ginen elkar ikusten, arratsetan lo izaten nintzen mutila etortzen zenerako eta goizetan ni izaten nintzen joaten zena mutila jaiki baina lehen. Logelak bi gaztetxoena ematen zuen, eta hori gustukoa nuen, ordenagailua mesanotxean, arropa zakutoa lurrean, dutxa-gela eta labanda kolonia lurrina bainu gelan …

Bi egun egin genituen Beijin, Hiri Debekatua, Zeruko Atea, Udako Jauregia, Harresi Handiaren hasiera eta Tiananmen enparantza bisitatu genituen. Monumentuz aparte hiriak ez du interes handirik. Badirudi txinatarrek raskazieloa hartu dutela etxebizitza modelo, milaka etxebizitza erraldoi daude, non nahi eta nola nahi eraikinak, lerroz lerro, banaka edo multzoka. Era bat arrotza sentitzen nintzen, hiria handiegia egiten zitzaidan. Ezin nuen nire tokia aurkitu, beldur nintzen. Txinatar gehienek ez ninduten ikusten, edo ez ikusiarena egiten zuten. Trafikoa erogarria zen, ikaragarrizko abiaduran eta denak batera tutua joka. Oinezkoak kotxe eta motor artean kalean ezin pasa… benetan egoera surrealista.

1250an Kublai khan Gengis Khanen iloba zen, Marko Polo errezibitu zuen bere jauregian, enperadore mogolaren bizimoduarekin liluraturik gelditu zen Polo mutila, eta horrela goraipatzen zuen bere idatzietan.

Khan Handia, Jaun guzien jaun. 1205an iraileko ilargiaren hogeita zortzigarren egunean sortu zen. Gorputza ongi garatua du, espresio onekoa, larru zuri eta muxu gorri da. Begi beltz ederren azpian sudurra ongi egina dauka.
Lau emazte dauzka, seme eta alaba anitz, baina seme zaharrena izanen da erreinuaren jabe Khan Handia zendu eta gero. Emazte bakoitza bere jauregian hirurehun damekin bizi da. Kublai Khanek emazte batekin egon nahi duenean bere jauregira deitzen du, baina batzutan bera da joaten dena emaztearen egoitzara.

Kublai Khan alkimiaren sekretuen jabe da, eta bere gizonak bidaltzen ditu basora, basoak masustondoz estaliak daude. Masustondoak harrez beteak, eta hauek seta egiten dute, har bakoitzak hamabortz mila metro hari. Masustondoaren bigarren azalarekin Khan Handiaren gizonek papera egiten dute, kotoizkoa bezain fina eta leuna. Paperarekin moneta. Balioaren arabera zatitzen dute papera eta Kublai Kahanen ikurra inprimatze dute bertan. Eta enperadoreak erreinu osorako behar duen diru guzia Kanbalik-en egiten du..

Hiri debekatua harresi eta urez inguraturik, eraso ezina zen. 1406-1420 bitarte eraiki zen. Mogolak lurraldetik bota eta gero. Beraz, Marko Polok ezagutu zituen jauregiak ez ziren gaur egun ikusten ditugunok.


Hiru egun Beijinen egin eta Lintong aldera hegazkinez atera ginen. Buztinezko ejertzitoa ikustera joan ginen eta inpresio handia sentitu nuen. Zortzi milatik gora gudari daude lerroka jarriak, bakoitzari dagokien heinean behar bezala apaindu eta hornituak. Gudariak armatuak daude, arkua, lantza edo ezpataz, hauek ere buztinezkoak. Badira gurdiak zaldiak eta zaldunak. Gudari helduak , gazteak eta nerabeak oraindik bizar gabeak ere. Eta denak Qin enperadorearen hilobi aldera gatazka modura formatuak. Enperadorea berpizten zenean hauek ere bizia har zitzaten.
221 k.a. Qin Shi Huang-ek bere burua enperadore izendatu zuen, ordu-arteko boterea jauntxoei kendu eta Txina behin betiko batu ere egin zuen. Qin dinastiak bere gora-beherekin 1912 arte iraun zuen.

Lanzhoura hegazkinez ailegatu ginen. Setaren merkatuan Tibet, Siberia eta Indiako bidean garrantzi handiko hiria izan zen Lanzhou Ibai Horiaren bazterrean. Binbling gure garaiko 420 urte aldera Tibetik jaisten ziren merkatariek merkantziak harpetan altxatzen hasi ziren, altxorren zaintza Budari eskatuz. Arkaitz zulo edo harpeak Budaren irudiekin apaindu eta edertzen zituzten. Harkaitzetan zizelkatu batzuetan, margotu bertzetan, baina beti Buda eta bere bizia izaten zelarik artisten gaia.

Marko Polok horrela ikusi zituen Tibet eta tibetarrak.

Zortzi erreinu handik osatutako herrialdea da Tibet. Bere mintzoa sinesmen eta ohiturak dauzka. Aintzira, mendi eta urrez betetako ibai anitz daude. Seta eta urrearekin iruten duten oihala biziki preziatua da. Idolatrak dira, aztikeri eta sorginkeriatan hainen dira trebeak ze, beldurra ematen du aipatzeak ere…

Om mani padme hum” doinu tristean errepikatuz, erromes eskuek mendetan egin duten antzera, errezo zirrikak itzuli, itzuli eta itzuliz, “la cora” egitera konbidatu gintuen monasterioko fraideek. Taldekide batzuk egin zuten, ni hasi nintzen, baina arras neketsua egiten zitzaidan eta nire fedea eskasa denez utzi egin nion zirrikak itzultzeari .

Xiahe aldera jarraitu genuen. Ia hiru mila altu Xiahe Tibet kulturan bete-betean murgildurik dago eta bertan Labrang monasterioak biltzen du budismo lamaistaren filosofia. Monasterioa  1709an eraikina, bere garai oparoan lau mila fraide bazituen.  1950an Txinak okupatu eta  iraultza kulturala ezarri eta antzinatik zetorren guzia suntsitu nahian lurralde osoarekin batera elbarritu zuen,   gero zaharberritua, gaur egun mila bortzehun bat fraide bizi dira bertan. Txinan den unibertsitate budista bakarra da. Hamar-hamabi urterekin hasten dira mutiko koxkorrak budismoaren filosofia eta diziplina ikasten. Heziketa oparoa fraideak hartzen dutena. Filosofia, sendabelar medikuntza eta xilografia teknikak bertzeak bertze ikasten dituzte.
Monasterioko inprentan zurezko oholtxoetan hizkiz hizki zizelkatzen dituzte mantrak, gero banaka eta eskuz dindatu ondoren arroz-paperean inprimatzeko.
Bi egun egin genituen Labrang inguruan, Bon monasterio bat bisitatu genuen. Bon erlijio txamanikoek Tibet osoa hartzen zuen antzinatik, baina budismoa indarrez sartu eta gainditu egin zuen. Bon deritzon Monasterio bakar batzuk bertzerik ez dira gelditzen. Bon erritoak Budismoak bereak egin baitzituen. Agnostiko batek ez ditu bereizten, “La Cora” egiterakoan ez bada. Erregu zirrikak eskuin ezker itzultzen dituzte bonpek, aldiz budistek ezker eskuin. 
Buda hil eta mila urte geroago, VIIgarren gizaldian sartu zen budismoa Tibeten. Ordura arte, inork ez daki noiztik Bon deritzon erlijio txamanikoa bizi zuten. Himalaiako Kailash mendian kuku bat ernaldua zerutik jaitsi eta Shenrab sortu zuen, honek deabruak menperatu eta gekkos izeneko 360 jainkoei eman zien mendia. Gekkos nagusia larru urdin beltz harana eta bederatzi besoen jabe da, Shiva eta Denchog-en aitzindari nazkagarria , agotik ortotsak jariatzen dituena. Hinduistek   ere Kailash gurtzen baitute.
  

Lasai eta ongi ibili ginen lurralde honetan, xarmanki jan eta erosketa batzuk ere egin genituen.
Trena hartu eta Jiayuguan hirira joan ginen. Bere garaian setaren iparraldeko bidean garrantzi handiko hiria izan zen. Kilian mendi katea ipar aldetik, eta mendi kate Beltza hego aldera elkar egiten duten toki hartantxe dago harresi Handiaren azken gotorlekua, oraindik osorik eta ongi zaindua. Fuertean gobernadorea, jeneral militarra eta ondasun ministroa bere familiekin bizi ziren. Bazeuden aduana bulegoa eta funtzionarioen egoitzak. Antzerti bat gudariak entretenitzeko eta eliza pare bat errezatu egiteko. Txina inperioko azken atea zen eta gotorlekuaren betze aldean Taklamaklan basamortua,pirata, mamu eta deabruen mundua zegoen.
Gotorlekua basamortuaren bazterrean dago eta era bat edonondik urrun. Pentsatzekoa da ura bazegoela eta kanpoko aldean baratzak zeudela. Jende xeha, langile arruntak, ofizio dunak, emakumeak… harresiari itsatsita egindako etxoletan biziko ziren seguru aski.
  
Mogao harpeak, Dunhuang probintzian daude, eta 492 koba zuloetatik 40 konpondu eta ireki dituzte. Gure garaiko laugarren mendean hasi ziren harpeak handitu eta dekoratzen. Hasieran harpeak fraideak beren errito eta hausnarketak egiteko   soilik egokituak zeuden, baina gero monasterio bihurtuz joan ziren eta setaren bidea jarraitzen zuen jendea bertara hurbiltzen zen errezatzera. Budismoa indarrez sartu zen lurraldean eta harpeak garrantzi handia hartu zuten. Enperadoreek eta kleroak  harpe handienak hartu eta luxuz apaindu zituzten. Baziren ere  merkatariak, militarrak, jende arrunta eta emakume multzo bat  ere hasi zirenak kobak konpondu eta dekoratzen.
Mila urtez joan ziren garatuz kobak, pagoda modura egin zizkieten sarrera ateak, Txinan dauden antzinako Buda erraldoienak bertan daude, haietako batzuk urrez estaliak, horma irudi xarmantek apaintzen dituzte tenpluen pareta eta    sabaiak. Hamalau gizaldian Ming dinastia garaian setaren bidea alde batera utzia gelditu zen eta denboraren poderioz harpeak gain behera etorri zen.
Hemeretzi garren mende hondar aldera esploratzaile eta miatzaile artean antzinako Setaren Bidean interesa sortu zen eta zientzialariak Dunhuang-era ailegatu ziren. Wang Yuanlu fraide taoist harekin topatu ziren. Fraidea  koba batean bizi zen eta Magoa-ko harpeen zaintza bere gain hartua zuen. Baziren arez estalitako harpe anitz. Fraideak haietako bat ireki zuen eta _Ze harridura!    Esku-idaztiz betea zegoen, pergaminoak erroilutan bilduak milaka zeuden, ongi kontserbatuak. Gehienak txinoz idatziak, baina baziren ere sanskritoan eta inguruko hizkuntzetan. Anitz ziren Budaren dotrina helarazten zutenak, baina baziren ere Konfuzio-ren hitzekin, Taoist-enekin, kiristionoak, hiztegiak eta kaligrafia lanak, administrazio txostenak eta gobernuaren aginduak bertzeak bertze. Bazeuden ere seta oihalean dindatutako iduri ederrak eta parafernalia    budista, ikurrak eta altzariak. Esku-idaztiak 406 eta 1002 bitartekoak dira eta ez dute aztertu zehazki zertaz metatu zituzten koba hartan.
Txinako aginteek hasieran ez zuten aurkikuntza gogo handiz hartu eta Aurel Stein ingelesak eta Paul Peilliot frantsesak ongi profitatu zuten egoera. Arkeologoak ziren biak eta ongi zekiten aurkikuntzaren garrantzia.  Laster hedatu ziren esku-izkribuak munduaren zehar. Steinek zazpi mila erosi zizkion fraide-zaindariari eta Peillotek hamar milatik gora. Gaur egun gehienak europar museotan daude.
Maoren iraultza kulturalak ez zuen anitz lagundu Magao harpeak zaintzen. Bertako aginteek 1921an Errusiatik ihesean ailegatu ziren gudariak egokitu zituzten kobetan eta hondamendia ikaragarria izan zen. 1924an Langdon Warner ikerlari amerikarrak bere gain hartu zuen harpeen  berriztapena.

Ilunabarrean hartu genuen trena Turfan-era. 150m itsas behera hiria oasi batean dago, eta oraindik ikus daiteke antzinako karabanen azpiegitura.
Turfan-en  berriz trena hartu eta  Taklamaklan basamortua  bere ipar-sortaldea gaindituz  Kashgar hirira ailegatu ginen eta Marko Polorekin oroitu  nintzen…
Kashgar antzinan erreinu aizan zen; gaur egun Khan Handiaren menpe biztanleek Mahoma gurtzen dute. Ipar-ekialde eta sortalde aldera hiri eta gaztelu anitz daude, horietatik handiena Kashgar delarik. Ofizio eta merkataritza dituzte ogi bide. Bertako merkatariek sarritan joaten dira munduaren zehar. Baratz eta mahatsondo anitzen jabe dira eta kotoi preziatua ekoizten dute. Beraien mintzoa daukate. Kristauak  ere  badira  eta badituzte elizak.  Lurraldea  bortz jardunalditan  gurutzatzen da.

 Naiz eta antzinako hiria erori zorian egon,  badu bere  xarma. Ofizio guziak kaleetan daude, bizargileak, okinak, jostunak,  txapel eta boneta-egileak, abere-hiltzaile eta larrutzaileak, bitxigile eta saltzaileak,  eta horien denen artean barazkiak, fruituak, arrautza  eta esnekiak. Gari eta laboreak. Perretxiko eta onttoak.  Espezia eta ongailuak kolore eta zapore guzietakoak.
Usaina; pisua, sakona, gozoa, geza, samina… erre usaina, perfume usaina, izerdi eta hanka usaina… mando kaka ufada, ahuntz eta ardi larru kiratsa…
 
Setaren Bidea  Gaur  atzo bezala  merkataritza eta kultura anitzean datza.  Kashgarren komunitatea gehien bat iugur-a da.   Bide gurutze batean kokaturik antzinako usadio eta ohiturei atxikia  betiko mintzoa mantentzen du, musulmana da eta meskita ederra hiriko enparantzan dauka. Kirgis-ak,  tadjik-ak, kazako-ak, uzbeko-ak… ematen diote hiriari kolorea eta aniztasuna, merkatuari interesa eta oparoa. Aldi berean herriari mestizaxe osasuntsua.
Bi egun egon ginen Kashgar-en eta laburra egin zitzaidan.  Bertako biztanle eta tratanteekin kalean jaten genuen. Janari bizi-bizia,  bizkorra, zaporetsua eta pipermintsua.  Ez genekien zer eramaten genuen ahora, baino _Tira, ondokoari ongi egiten ba dio guri ere ongi dagigu._ Pentsatzen genuen.
Erosketa xarmantak egin nituen. Agure xahar batekin egin nuen tratu, denda ttiki baten atean eserita lo zegoen, zuriz jantzia iugur txapeltxoa buruan eta bizar luze. Bitrina  hantzeko batean zeuzkan  merkantzia guziak, hauek ere denboretan lo. Hauts kapa batez estalita, trapu bat hartu eta garbitu  egin zion beirazko estalkia .  Eta hantxe zeuzkan era sinplean antzinako modura zilarrarekin kateatu eta krokatuak harribitxi eta perlak. Eraztun, koilare, belarritako edo amuleto…     Anitz gustatu zitzaizkidan.       
     
   
                   


Kara Kul (aintzira beltza)  Txina aldera ematen duen Karakorun mendi katean lekurik ederrenean dago. Gure azken otordua Txinan, hantxe egin genuen.
 KKH (Karakorun Highway)  Inoiz eraiki den biderik ausartena,  antzinatik zetorren setaren bidea jarraituz txinatar injineruek  egindako errepide  honek  gainditzen  du Pakistan eta Txina arteko bidea. Munduko sabaia gurutzatuz Karakorum, Panir, Hindu Kush eta Imalayaren erroitzak gainduz.   Muga honetatik  hain zuzen sartu zen  Marko Polo Txinan.  Gu alderantziz ari ginen bidea egiten, bera sartu zen atetik  atera eginen ginen.  
Khunjerab Pass.   1986an ireki zuten bide hau mendebaldarrentzako ,  bortz mila kilometro altu dago eta Txina eta Pakistan arteko muga honetan txinatar militarrek zorrotz behatu zizkigun gure afera eta paperak.
Uztailak hogeita batgarrenean sartu ginen Pakistanen. Setaren bidean derrigorrezko pauso hau mitikoa izan zen denboretan. Mendien betiko higaduren harri jauzia, uholde, lehorte, elurte eta bertako biztanleen ebasketa-erasoak gainditu behar baitzituzten.
Passu herrira arratsaldez ailegatu ginen, aterpea hartu eta atseden bat egin genuen.                
Rakaposhi (horma distiratsua 7.788m) mendiaren babesean Hontza bailara bereziki da ederra. Burushaski mintzatzen dute, erreinu bat izan zen 1974arte eta behin betiko gaztetasunaren lurra da. Muxika, intxaurra eta maria ekoizten dute bertzeak bertze. Baratza eta zerealak ongi ematen du glaziarrek ureztatzen dutelako.
Jatorriaz greko kulturarekin zer ikusirik baduten aztertuak. Gisa-antolakuntza, ardo egiteko era, aulki ttikietan esertzeko ohitura, emakumeen buru apaintzeko manera eta horrelakoak grekoen parekoak direlakoan. Gaur egun musulmanak dira baina   zenbait  antzinako sinesmen txamaniko iraun, irauten du.      

Karakorum  mendi gailurretan eguzkia gorantz. Harriak laxoan,  bideak urdin ikatza hartzen zuen. Urrunean, gailurrak estaltzen zituzten hodeiak geldirik zeuden.  Nire oinetakoen asotsek bertzerik ez zuen isila hausten. Nindoan heinean gibelat uzten ari nintzen  zintzurra handitzen zen eta  Huntza ibaia zilarrezkoa zirudien. Epeka lau hanketan nenbilen, harri laxoan pauso txar batekin irrist egin eta erroizteko beldur  bainintzen. Batura glaziarraren ertza jarraituz ttapa, ttapa nire xerpak oina paratzen zuen hartan paratzen nuen nirea.  Glaziarra 75km luze eta 5km zabal Karakorumen den handiena da.  Fosil bizidun   mutur beltza, begiak  handitu eta brankiak orro eta ziztuka hasi zen, zainak eta nerbioak dardarka,  bidexka gero eta estuagoa irensten ari zen eta akitu egin zen. Itzultzeko tenore zen, lapurretan ari ginen, airea zikintzen, gure erausi eta oihu ergelekin betiko bakea hausten genien eta glaziarra asertu  egin zen.

2010ko urtarrilaren lauan mendi bat gainbehera etorri zen eta Hunza ibaia moztu zuen. Hogei pertsonek galdu zuten bizia, istripuak herri ttiki bat lurperatu baitzuen. Attabad lakua sortu berri zen, hamazazpi kilometroko  esmeralda koloreko aintzira honek Karakorum errepidea irentsi zuen.  Mendi gorri biluzi artean naturaren kapritxo bat da lakua. Txina eta Pakistan arteko trafikoa derrigorrez txalupaz egiten da. Alde bitan ehunka kamioi tuneatuek  paisaiari kolore alaia ematen diote. Txalupen garraio ahalmena ongi profitatzen dute eta nahasketa ederrean merkantzia, animalia eta pertsonek tokia hartzen dute.
Lakua utzi eta autobusez jarraitu genuen Karimabat hiriraino, Huntza erresuma ttiki bat izan zen eta hemen zuen erregeak bere gaztelua eta gortea. Bereziki da ederra parajea, Hultar glaziarraren urek bustitzen dituzte landa belai eta baratzak, mendi idor eta gorrien artean oasi bat sortuz. Setaren bidean tokia sarritan aipatua izan zen  garraiolariak atakatzen baitzituzten.
Bi egun egin genituen Kaimabaten eta handik Gilgit aldera abiatu. Pakistaniar Cachemiran merkatu-gune garrantzi handiko hiria.  Eguna hantxe egin eta Nanga Parbat 8.125m erraldoiaren oinak jarraituz Chilas aldera zuzendu ginen.
Gau iluna zegoen, ia ez zegoen argirik herrian, ura eta jateko zerbait bila hasi ginen, gizonez betea zegoen, bazirudien herriko gizon guziak kalean zeudela, emakumerik ez zen ageri, gizasemeek  zuriz jantziak eta bizar luze harriduraz begiratzen gintuzten. Erraten dute Chilasen errazago dela kalashnikov bat erostea garagardo bat baino. Guk ura bertzerik ez genuen nahi…            
                             

                                        

No hay comentarios: