Iraileko egun eder bat zen. Zerua
garbi eta haize fina, beraz txango bat egiteko egun aproposa. Ogitartekoak,
bizpalau melokotoi eta ura bizkar-zakuan, Goramendi magaletik hartu genuen bidea, gainbehera,
aise ttapa-ttapa, ahizpa eta biok Aritzakun herri atzenduaren bila. Noizka
gibelat behatzen nuen eta itzulian malda goiti egin beharrak izutzen ninduen. Aritzakun,
Arizkungo auzo bat, gan den gizaldiko hirurogei hamarkadan biztanleak lekutu
eta hutsik gelditu zena, mendi artean ibar loretsu bat ematen du. Udaberria
liliz betea, uda belar hori, udazkena iretze gorri. Negua euri eta laino, otso
eta azeri leku.
Bide-zigor bat oihanean beheiti ongi seinalatu hartu genuen. Pottokek eta
betixuek begiratzen gintuzten, baita bi
orein umek ere. Hegan zapelatza, mirua, ugatza… eta han nonbait hontza
altxapean. Minetako Zokoan alimaleko
harri pilaketak bide bazterrean, erdi estaliak, goroldioa eta zuhaixkak
gainean. Erromatarren urre meategi baten
hondakinak dira nonbait; ez dago dokumenturik, baina nork eginen zuen horrelako
lana?. Plinio Zaharraren idatzi batzuetan aipatzen dira urrea lortzeren lan
saioak; horietako bat mendia urratzea izanen zen; eta bai urratu ere!. Harrizko
hondakinek bizpalau kilometro luze, 300-400 metro zabal, 10-12 metro altuera
hartzen dute. Harriak kuartzo eta kuartzita omen dira. Milioi anitz tona. Eta
haien denen artean Turburua, Urreputzu, Lamiarrieta
baserria, eta 1913ko uholdeek zutik utzi erromatar zubi bakarra.
Beti du egin urreak jendea erotu, eta haren inguruan mila
erranairu, kondaira eta fantasia sortu dira. Bada kondaira bat nahiko berezia.
Hamazazpi garren gizaldian Lamiarrieta baserria sortu Juan Bautista Iturraldek
( gero Murilloko markes izanen zenak) Urreputzun aurkitu urrearekin Arizkungo “Santa
Maria de los Angeles” monasterioa eraiki zuen, 1737ko otsailak hamaseian sartu
zirelarik bertan lehendabiziko mojak, eta hantxe dute jarraitzen.
Ea hiru orduren bueltan iritsi
ginen auzo burura; hunkigarria beraz, pilota lekua eta eskola zelai eder batez
inguraturik, denboran gelditua, erlikia
modura zaindua. Parez-pare baserri zahar handi bat, gizaldi erdi bat bizirik
gabeko seinale, baina, ingurua zaindua
hark ere, eta atarian idatzi bat “ jabego pribatua”, haren ondoan eseri ginen
ogitartekoa jaten, eta ikusi nuen etxekoandrea haur sortu berria besoetan
Arizkungo elizara abiatzen, emakume erdi
berria lau orduko bidea egiten umea bataiatzeko. Eta hura guti ez balitz,
berrogei egun umatu eta gero derrigorrez gan behar zuen emakumeak umea besoetan
elizara “garbitzera”. Zertaz garbitu?
No hay comentarios:
Publicar un comentario