Abuztua, agorrila erraten zioten
aspaldi, aldakor hila erranen nioke nik, eguzkiak erretzetik erauntsiak blaitzera,
ortotsak eta inezturak ikaratzera… egun berean eramaten gaituelako. Eta hori
aukera ona izanik, baso ondoan bizi garenok jasan beharrezko makur xamurra.
Bertzelakoa dute Euskal Herrian itsaso bazterrean bizi direnek. “Turismo”
deituriko moda txoro batek jende uholdeak ekartzen baititu, alde batetik
bertzera denbora pasa ibiltzera. Egun eguzkitsuetan hondartzetan milaka jende
lerroz-lerro etzanda edo uretan pixa egin eta txapla-txapla egiten. Muku edo
lainotsu egiten badu, uholdeak hartzen
ditu kaleak, eta arratsalde apalean denak “pintxotara” oiloak artora etxekoandreak
“purra-purra” deitzen dituenean nola.
Makurrena turismoa ogibide
bihurtu dutela, eta haren mesedetan denak duela balio. Etxe bizitzak ostatu,
baserriak ogro-turismo, errepideak haien beharrak asetzeko garraio bide. Aurten, gure herria pixka bat gehiago orakatzera Donald Trump heldu zaigu,
kakaren gainean kaka egitera. Moda, moda guziak bezala igaro daiteke. Gertatzen
denean, Jinkoak zain gaitzala.
Bai, laket dut abuztua. Nire
baitan murgiltzeko aukera ematen didalako. Fruitu basak bildu, haranak, masustak,
intsusak… negurako marmeladak egiten lasai ibiltzen naiz goizetan, arratsaldetan
esku lanetan, paper puskekin kolage bat hasi dut, zamaltzain bat egitea otu
zait. Papertxo bakoitzak bizi eskarmentuak dakarzkit gogora, goraintziak izaten
diren nola, zatika, bat bertzearekin loturarik gabe. Koloretsuak, hitsak, biziak,
apalak. Itxaropentsuak, goibelak… oreka perfektu batean jarri behar direnak.

No hay comentarios:
Publicar un comentario