martes, 15 de mayo de 2018

ILOBARI




Amatxi, zer ari zara? Etorri zait goizean iloba. Nire iloba politak hamasei urte bertzerik ez ditu, baina ala guziz ere emakumeen egoeraz arduratzen hasi da. Ba, Leticia nire lagunak eskatu dit emakume eta gizon arteko berdintasunaren inguruan edozer idaztea. Erantzun diot. Ez gara berdinak ,ala? Zergatik eta nork pentsatzen du horrela? Harriduraz erantzun dit neskatilak.
Nola azaldu neskatxo bati matxismoaren erroak? Kobazuloetatik heldu diren erro horiek, luze eta gotor errotuak, gizarte antolakuntza denak dituela hartuak?
Zientzialariak diotenez, duela hamar mila urte guti gora behera “Sapiens” delakoak, gure arbasoak ehiza eta bilketa utzi eta nekazari egin ziren. Landatu zituzten larreak, eta belaiak aberez bete. Azienda zaintzeren hurbilean egin zituzten etxebizitzak. Emakumea gelditzen zen etxean umeak eta baratzeak zaintzen, gizona maiz joaten zen ehizara edo abere zain. Jabego pribatua sortu, eta familia osatu zen. Gizona zen azienda eta familiaren jabea, emakumeak behi edo mando baten balioa zuen. Emakumea matxinatu zen, eta haren sexualitatea eta libertatea kontrolatzeren Jinkoak egin zituzten asmatu. Jinko zigortzaileak, beldurgarriak. Herri edo zibilizazio bakoitzak bere Jinkoa zeukan, eta Jinko guziek emakumea zuten zigortu, arimarik gabeko piztia, gizonen bekatuen errudun... Gizaldiz gizaldi ongi egin du profitatu gizonak erlijioak eman dion boterea. Ekonomia, armada, eliza, justizia... gizonezkoak dute zuzentzen. Emakumeak adin txikikoak balira izan dira tratatuak. Gizonen babesean bizitzen behartuak.
Berriz ere emakumeak matxinatu dira. Bozkatu ahal dute, dibortziatu ahal dute, abortua legalizatu dute... Hartu dituzte unibertsitateak, eta gizon hainbat zientzialari, ekonomialari, idazle, artista... Eta gizona izutu egin da, emakumearen inteligentziak desorekatzen du. Boterea galduz gero zer gelditzen zaio? Era bat galduta sentitzen da. Baina, emakumeak ez du boterea beretzako nahi, emakumeak boterea partekatu nahi du. Gizon emakume gizarte orekatu batean. Emakumea handitu da, ea ez da adin txikikoa, erabakitzen du, bere biziaren jabe da. Ez du gizonaren babesa nahi, haren laguna izan nahi du. Gizartearen arazoei aurre egiten partaide nahi du izan. Anitz du portatzeko, giza eskubide, ekologia, pobrezia, parekotasun, genero biolentzia... eta hainbat gaietan sentsibilitate berezia duelako.
Saiatu naiz hauek denak nire ilobari esplikatzen. Eta denen gainetik, helarazi nahi izan diot.
Zuk sinetsi behar duzu zure burujabetza. Librea zarela, eta mutilen eskubide berberak dituzula, ez gehiago eta ez gutiago. Ez duzula mutilen babesa nahi, laguna nahi duzula izan, eta elkarrekin lan eginen duzuela mundu ederrago bat lortzeren.



No hay comentarios: