Umeak iratzarri du,
goseak titi bila. Argitzen ari du, eta laster gizonak prestatuko dira
ihizira joateko. Lore, piko batzuk jan eta haurra bizkarrean mandril
larruan bildu eta basora atera da, auzoko emakumeekin. Bi ilargi
gelditzen dira fruituak biltzeko, basoa hosto galtzen hasiko da, eta
hego aldera mugitzeko tenorea izanen da. Kalabaza bat hustua darama
bezperan zuhaitz batean erle abaraska ikusi zuen, eta gaur eztia
bilduko du. Bizpalau ordu aritu da emakume aldea jateko biltzen,
haurrak gibeletik jauzika, elkarri jarrai, jostetan, gaiztakerietan.
Eta bildu dituzte intxaurrak, pikoak, gereziak, urrak, masustak eta
zain horiak, eta patata basak. Lorek, loreak hartu ditu, bere gizona
itzultzen denerako ilea apaintzeko. Beti polita nahi du izan, eta
lorez apaintzea maite du; horregatik Lore erraten diote.
Duela 150.000 urte
Sapiens bizi omen zen Afrikan. Horrela diote zientzialariek. 70.000
urte bertzerik ezta Afrikatik atera eta mundu osoa kolonizatu zutela.
12.000 mila eskas landareak eta piztiak hezi zituztela. Nekazari
bihurtu ziren,( hitzak adierazten duen bezala neke-zare)
Jinkoak egin zituzten asmatu, eta haien debeku eta aginduetara bizi.
Baina, hori ez daki Lorek, ez daki Afrikan gelditzen den ehiztari-
ekoizle multzo bakarra dela berea. Nola jakin?. Habtzabe-ak erraten
dietela, eta 1000 biztanle gelditzen direla, beraiek soilik dakiten
mintzoa dutela. Ez dutela Jinkorik, hortaz egutegirik ere. Hildakoak
ez dituztela lurperatzen, bere gisa utzi eta joan egiten direla. Beti
ibiltari, non janaria hantxe gelditu. Eta horrela, 100.000 urte?
50.000? ez daki, axolarik ere.
Algaraka ederrean itzuli
dira gizonak, solas eta keinuz euren arrakasta azalduz. Mandril
batzuk hil dituzte; hantxe bertan sua egin erre, eta oturantz ederra
egin dute, gero pusketa batzuk etxekoentzako ekarri dituzte, larruak
ere, jantziak egiteko. Lagun batek kautxuzko kamioi zirrika bat
ekarri du, oinetakoak egiteko, orain arte ñu edo zebra larruekin
egiten dituzte oinetakoak, baina, modernitate pixka bat, zergatik ez?
No hay comentarios:
Publicar un comentario