martes, 4 de julio de 2017

K. D. 2017

Kaixo Kultur Dealer, 

Zorionak! Zure kontakizuna aukeratua izan da.

TÍTULO / IZENBURUA: Soka Urkatzeko

Kultur Dealers-en epaileak zure mikrokontakizuna hoberenetarikoen artean kontsideratu du. 

Zure kontakizuna uztail, abuztu eta irailean zehar kaleetan egongo diren Kultur Dealers-en makinetan aurkitu ahal izango duzu.

Informazio gehiago hemen daukazu: www.kulturdealers.com.

Eskerrik asko parte-hartzeagatik.

Antonio bere buruaz bertze egitera zihoan; dena zeukan ongi pentsatua. Gosaldu ondoren soinean eraman behar zuen arropa aukeratu zuen, bazekielako forentseak potreta eginen ziola, eta nolanahi jantzia egoteak ere, ez zitzaion ongi iruditzen.
Hartu zuen soka motxilan eta abiatu zen oraindik ilun, autatua zeukan zuhaitza bila. Haritzondo eder bat zen, herritik gertu, belai ttiki batean erreka bazterrean. Argitzen hasi zen eta zuhaitza, handia, ederra, beltza ikusi zuen eta zitzikatu zen, hainen zen handia ematen zion gozoa haren adarretik zilintzan akitzeak!
Hurbiltzen ari zen eta harako mukuru beltz bat zuhaizpean nabaritu zuen; gizon bat zegoen lurrean eserita soka bat korapilatzen.
_Zer ari haiz hemen puta seme hori?
Bertzerik gabe bota zion Antoniok okupa-ri.
_Ba, ez duk ikusten, aparejua prestatzen, zer haiz itsua edo...
Erantzun zion bera bezalako zori-gaiztokoari.
_Leku hadi hemendik! zuhaitz hau nirea duk eta...
_Hirea?

Aztoratua gelditu zen Antonio, egoerak gainditzen zuen, ez zekien nola konpondu arazoa eta gizonaren ondoan eseri, eta solasaldi surrealista bat hasi zuten.
_Felipe nauk, sagar bat nahi?
_Ni Antonio, bai, ekar iezadak, errege-sagarra ona duk...
_Nun erosi duk soka?
_Xaian, arrantzale kooperatiban. Eta hik?
_Txino batean, baina badiet zalantza, uste duk iraunen duela?
_Ba, frogatu beharko...
_Bai to! Eta irauten badik?...
_Hireak sendoa ematen dik, zilintza hadi lehenik. Hirea duk zuhaitza eta.
_E! E! Kieto parau! Hi hengoen lehenik.
_Alu zikina!...
_Asto pitoa!...
_ Eta bla, bla, bla

Bitartean argitu zuen, hego haize epelaren ferekak egin zituen lasaitu, bildu zituzten sokak eta bertze baterako uztea erabaki zuten. Astiro gurutzatu zuten belaia, elkarri mokoka, elkar zirikatzen. Ez zeuden bakarrik, bazuten laguna.

 



 

No hay comentarios: