miércoles, 5 de julio de 2017

INFERNUKO ERREKA


Anitzetan galdetzen diot neure buruari noiztik erraten dioten Infernuko Erreka leku ikaragarri honi. Giristinoak izanen ziren jatorrizko izena aldatuko ziotena. (?) Orabidea bidean, ohol zati batean Infernuko Erreka idatzia dago; mendi eta baso artean, malda beheiti sei bat kilometrotara, edonondik urrun, inondik hurbil, inongo bidean, errota handi bat dago, 60 hamarkadan utzi zion ehotzeari. Errotarako bide erdian ostatu bat dago, amuarrainak ekoizteko ur putzu bat, eta pilota frontoi batekin. Errepidea konpondua dago haraino, handik aitzin errotaraino (ordu bat) oinez joaterik baino ez dago. Bidea goiti, errekari jarrai, baso xarmanta gurutzatuz, ur bazterrak sahats eta haltza nahiko, iretze, ainar, elorri eta otez inguraturik haritz erraldoiak, han-hemenka lizar eta pagoak, gaztaina ondoak itzal ederra ematen. Errota jatorriz zura eta harriz eraikia, alimaleko errota-harriak bere tokian, eta errota-zainaren egoitza, hau ere hantxe. Altxapean egin zuten errota; Etxalar, Baztan eta Bertizko mugetan, eta gabez ehotzen zuen; asto garraiolariak basoan altxaturik. Otsoak uluka, sorginak irrintzika, ilargi betea...

1555an ...los tancteados que corren en la tierra de Baztan por causa de los lobos que hacen en el ganado, ponen por asiento... que cualquiera que matara lobos, que por cada lobo que matare, al matador se le dé y pague dos ducados...

1595an haber decomisado en la sierra de Atxola cinquenta panes a un hombre y una mujer de Azpilicueta... Aber llevado trigo a Francia contravininendo a las leyes...

Ogia, irina eta garia kontrabandoz eramaten zen Ipar aldera zergak ekiditeko. Gero Espainiako azken guda ostean artoa ezkutuan egiten zen eho, estraperloan saltzeko, hortaz gauez, eta ahalik eta isilenean. Nik ez dut otsorik ikusi, ezta sorginik ere, azeri bat bista bezala ihes buztan harro, eta txori anitz, txioka, ala hegaletan. Bide bazterrean kamamila.

No hay comentarios: