viernes, 13 de enero de 2017

URREZKO EURIA


Benetan naturaz gozatzeko bakarrik egotea, inoren presentziarik gabe; horixe zen gizonak pentsatzen zuena goiz hartan. Arroka grisak, uraren irribarrea, itsas hondar leuna eta zeruaren beltza atseginduz, aitzina bizidun orbanik gabe, uhinen doinuen erritmoa jarraituz zihoan, goizean irratian entzundako albiste baten gain hausnartzen hasi zenean. Atton zahar bat Ipar Ameriketan, munduko agintari boteretsuena hain zuzen, lau mari-zirtzil kontratatu eta hotel printzipal batean suite bat alokatu eta ohatzea mari-purtzilek urrezko euriaz ihinztatu ondoren, urdetu eta orakatu egin dela enperadorea. Egiteak badik berea, baina filmatu eta sarean paratzeak... Bere buruarekin ari zen, euri tanta potolo batzuk sumatu zituenean, Zeruari begiratu eta erauntsi ederra zetorrela ikusi zuen. Eskua sakelara eraman eta “Hara giltzak! non ditiat kotxearen giltzak?” Urduri telefonoa hartu zuen. “Kaka zaharra! bateriarik gabe” Etxetik ordu luze batera zegoen, izotzil gordinean ez zen inor ageri, autobusik ez. Urez blai, txipa-txipa egina ailegatu zen etxera, txirri jo eta zortzi urteko bere alaba kuttunak ireki zion atea. “Aita non zinen? Bi besoak lepora eraman zizkion. Nire printzea, “ze ari zara? Gizona gozo. Etorri aita begira ze zirriborro polita ari naizen egiten.   

No hay comentarios: