viernes, 16 de diciembre de 2016

SORGINKERIETAN


Errotabidek atorraren sakeletik txirula arrunta ttiki bat atera eta doinu alaian hasi zen jotzen.
Derrepentean, isildu egin zen, ilunean urretxindor batek erantzuten zion, Errotabide  kanta aditzen gelditu zen, eta soldaduek ere.
_ Ez gaitezen geldi. Aitzina! Aitzina! _ oihu egin zuen Matxainek.
Jarraitu zuten. Zugarramurdiko kobara hurbiltzen, Etxaunek Matxain abisatu zuen, eta Matxainek zulotzarraren ondoan zeudenak.
Bideak arkupe bat gurutzatzen zuen; ezker aldera koba-zuloaren aho izugarria egiten zen ireki, nondik itzaltzarrak bertzerik ez ziren ageri. Begiak egiten zirenean zekusan harako maindire beltz baten modukoa, kobaren zola kurritzen zuena, infernuko erreka, misteriotsu pilpira dardarka. Koba-zuloaren ilunean, dirdira zen suziri bat, han sakonean, joan etorrian norbaitek inarrosten zuena.
Sagutzar batzuk haren inguruan hegan; hontza bat inoizka hegalak astintzen entzun zen, kurrinkari eta irrintzika.
_ Hau duk helmuga_ erran zuen Errotabidek.
_ Hemendik sartuko gaituk_ ... Matxainek.
Soldaduek persignatu eta ezpatak atera zituzten.
_ Aitzin!_ oihu egin zuen Errotabidek eta jauzika sartu zen leizean, makila astinduz, eta pauso arinez.
Errotabidek ez zuen ematen sorginen beldur zenik; hango zoko eta akelarreak ezagutzen zituen doike.


Ilargiak gaua argitzen hasi zuen, baso eta belaiak ekaitz baten modura pasatzen zituelarik. Sorginak iskinetan haizezko aizkorak eskuetan; zakurrek zaunka gibeletik; Goiburu danborrariak, doinua hautsiz giroa egiten zuen apartakoa. Mendi gailurretan sugar gaitzek urteko solstizioa gurtzen zuten.
Gaua umela eta goxoa zen, zeru bobedan izarrak lasterka zebiltzan. Inoizka apo baten txistua entzuten zen, eta urrunean hontz araldien kexu tristea.
                                                                                                           Pio Barojari ebatsia



No hay comentarios: