miércoles, 23 de noviembre de 2016

HARAR


122000 biztanle, 82 meskita, eta 200 santu hobi, harresiz inguratua. Islamaren laugarren hiri santua. Etiopiako sortalderantz kokatua. Herri musulmana, zazpi garren gizaldian sortua, Adal-eko sultangoa. Etnia anitza, Harari, Amhara, Oromo, Somali, Tigray...

Hiriak erdi-arora eramaten zaitu. Harresiko bortz ateetan, gizonak josten, harakinak oilasko hiltzen, gozogile, gozosaltzaile, zapatagile, ile-moztaile... Egunero sartzen dira Oromo nekazariak astoak egurrez, ikatzez, patataz, azukre kanaberaz... gainezka kontrabandoan Somaliatik garraio. Inziensoa, kanela, kafea, albahaka eta hainbat belarren usainak, emakumeen jantzien koloreak, eta hiriko bizimoduak liluratu zuen Arthur Rimboud poeta frantsa, eta bere azken hamar urteak hantxe egin zituen. Hiria biziki da ederra, kale estuak, makurrak, etxeak ttikiak eta propiki apainduak, ate eta leiho koloretsu. Etxeetako patio babestuetan emakumeak ikusi gabe aditu egiten dira. Mutiko koxkorrak jostetan kale arteko enparantza ttikietan. Han-hemenka asto bat atarian lotua, edo oilar bat ihesian. Gizonak meskita bidean, noraezean turistak...
Kahat da gaur egun Harari lurraldean egiten den negozio handiena. Bizigarri bat da kahat deritzon hori; zuhaitz hosto sortu berri xamurra, argi-hastean ihintzez blai bildu eta hogeita lau ordu baino lehen matxikatu egiten dena. Arazo handiak sortzen duen hostoa da, zaletuz gero ahoa belztu, hortzak galearazi eta erotu ere egiten duena. Sarritan ikusten dira gizonak etzanda kalean era bat zorabiatuak.
Harar-ko kahat-a munduko hoberentzat hartua da, eta Itsaso Gorriraino iristen da haren merkatua. Goiz hasten da hiriko harresiko kanpoko aldean, narkotiko azokan hosto enkantea; algarara ederrean emakumeak direlarik merkatua aitzina eramaten dutenak. Alimaleko kamio ilara egoten da hostoaren zain Somaliara eramateko, gero ordu gutitan hegazkinez Yemen-era heltzen da; herrialde hura delarik narkotikoaren lehen kontsumitzailea.


Arratsalde apalean, imanak erregu egitera deitzen duenean, emakumeak, tunika gorri, more edo urre kolorezkoak galtza gainean, eta painelua buruan erretiratzen dira etxe txuri ate urdin, berde, edo moreetara. Kafea, tea eta hosto bigunak prestatzera, gizonak meskitatik itzultzen direnean, elkarrekin eginen dituzte erausian orduak hosto matxikatzen eta kafe edaten.    

No hay comentarios: