miércoles, 30 de noviembre de 2016

AIO FIDEL


Udaberriko egun polit bat zen, amak oilategiko oilasko ederrena hil zuen, ttantta Mikaela bazkaltzera heldu zen. Haurrok ez genuen ezagutzen ttantta Mikaela, baziren hogei urte Kubara joana zela. Amaren lehengusua zen eta haren historia sarritan aditua genuen su ondoan. Gazte ezkondu eta senarrarekin Kubara joan zen; senarrak Donostiako elkarte gastronomiko batean abestu egiten zuen; “Los Xei” deritzon talde bat osatu zuten bortz lagunek eta Bartzelonan ari zirela abesten, kubatar enpresari batek egin zituen urte bateko kontratatu. Presaka ezkondu zen gure ttantta, eta ezkon bidaia hasiera urte batekoa, hogei urte luzatu zuten. “Oh Pepita, Pepita de Mallorca... edo Buen menu... Buen menu.. eta horrelakoak abesten zituen taldeak egunero Tropicana kabaretean. Xarmanki egin ziren laketu Kuban, etxe eder baten jabe ziren, eta irlako elitearekin egiten zuten bizia.
1959an Fidel Kastro Habanan sartu zenean, dena utzi eta Miamira ihes egin zuten. Edozer gerta ere sosa batzuk zituzten han altxatuak. Gibelat egiterik ez zegoela ikusi zutenean, Euskal Herrira etorri ziren.
Automobil handi batekin hasi ziren gure baserrira heltzen, gurdi bide zakar bat zen bidea, eta lohian trabatu egin ziren; idiak uztartu eta aita joan zen kotxea putzu hartatik ateratzera. Gaizki pasa zuen gure Mikaelak trantze hartan, pinpilinpauxa baten antzera kolorez jantzia, harri bitxiz gainezka, haren zapata finak, lohiez blai... ez zen nahi orduko gurera ailegatu.
Bazkal ostean liluratu gintuen Habanako kontu kontari; haien etxe politaren xehetasunak, baratza eta ur putzuaren xarma, osabaren zaldi zuriaren jauziak, bi neskameen fidelitatea... Etxe nagusietan egiten zituzten bestak, Batista diktadorearen etxeko dantzaldiak, kontzertuak, barbakoak...
Osabak “allí en la habana” abestu zigun, eta arras ongi pasa genuen. Argazki kamera bat Miamitik ekarri zuten eta mahai inguruan denok bapo-bapo jarrita argazki bat egin zigun osabak.
Arratsalde apalean ttantta karibe-minez nire amari kexu mintzo zitzaion; Kuban galdutakoak ez zion lorik egiten uzten; haren bizi zoragarria bizardun basa batzuk bat batean kendu egin zioten. Karibeko argia, itsasoaren kolorea, ilunabarreko haize epela...
Anitz urte geroago nire semearen gelako paretetan Che eta Fidelen argazkiak ikusten nituen eta gustatu ere, hainen ziren erakargarriak!
Ttantta Mikaelak baleki!


No hay comentarios: