martes, 4 de octubre de 2016

GAU BELTZA


                                                              


Abuztuko azken egun hartan, Juana Josefa eta bere sei seme alabak nekez zeuden lo borda biluzian gizonen oihuak aditu zituztenean, ernatzeko moduko oihuak, lazgarriak, eta oihu artean sua, su eta ke artean, erdi itorik atera ziren arnas hartzera; oraindik arnasestuka zituzten inguratu, iraindu eta haizkatu, Legarreako leizeko bidean ziriak sutan zuzendu zituztenean bano ez zen emakumea gertatzen ari zitzaionaz jabetu, “oraindik nik ez dut inor hil eta” alkateren hitzak oroitu zituen, hitz horiexek hain zuzen aditu zituenak alkatea eta bi zinegotzi ilunabar batez etxera etorri zirenean, batzarrean hartutako erabakia zela eta, etxetik joateko gonbitea egitera, gonbitea, horixe, gonbitea eta ez agindua, “oraindik nik ez dut inor hil eta” alkateak argi utzi ukan nahi zuela pentsatu zuen Juana Josefak nekez sabel handitua hasi zenean malda goiti, zortzigarren hilabetean ernari malda goiti, sei haur negarrez inguraturik, ziriak sutan akuilu, egin zituen emakumeak leizerainoko hirurehun metroak, hirurehun metroetan bere bizi miserablearen iruzkinak ikusi zituen; ile hori eta begi urdin, neska xarmanta, horixe izan zen bere galera, gizonak beti gibeletik lizunkerietan, emakumeen gorrotoa sumatzen zuen, eta apeza, apezaren etxea parez-pare, apez urdearen begiradak hormatua utzi zuen, auxilio eske joan zitzaionean, “etxetik bota bazaituzte zerbaiten gaitik izanen da, ezta?” bertzerik gabe bota zion eta; bazekien apezak senarra urrun zuela, dirurik gabe gelditu zela, ezin zuela etxe errenta ordaindu, ezta umeak elikatu ere; apezak eta herriko guziek ere, ogi idor puskak gauez etxeko atean uzten zionak bezalaxe, edo zaku bat baba beltz etxeko atean utzi zionak, bere larritasunaz herri osoak zekien; goseak hilik joaten zela pata edo kalabaza batzuk herrikideen baratzetan hartzera, eta horregatik iraindu egiten zutela; “begizuri zikina” sarritan zuen aditua, apo hilak etxeko atarian, etxeko ur zikinen zurruta trabatua, etxeko leiho azpian sua..., horiexek denak egin zutela ahuldu, indargabetu, bazekien Juana Josefak, amore eman zuela, etxea utzi eta senarra etorri bitartean mendiko borda hartara joan zenean; hil zorian bano ez zuen argi ikusi Juana Josefak, herri guziaren bekatu ispilu zela, eta handik lekutzea erabaki zutela, eta bereak eta bere familiarenak egina zuela; leizeko zulo aho bazterrean lau gizon armatuei otoi egin zien, “hil nazazue lehenik”; ez zuen umeak hiltzen ikusi nahi.


1936Ko Abuztuak 30 Juana Josefa Goñi eta bere sei ume desagertu ziren. Gazteluko jende guziak deus ez zekiela erran zuen beti. 80 urte geroago Legarrea deritzon leizean herritik hurbil gorpuzkinak agertu dira.

LA SIMA
¿Que fue de la familia sagardia?

Jose Mari Esparza

No hay comentarios: