jueves, 29 de septiembre de 2016

ETIOPIA



Zeren gibeletik genbiltzan jakin gabe ginen abiatu, hamabortz lagun eta gidaria ginen, denetara hamasei, gehienak biziaren azken txanpan, modari darraio, azpigaratu lurraldeen xarmak deiturik, bakoitzak bere zamari so; arrakasta eta frustrazioei, onura eta gabeziei, amodio minei...; horiei denei aurpegi ona emanez; janzteko eta oinetako egokiak, eltxo-uxatzeko spraya aise, paper zelulosakoa beti eskuragarri; haiexek ziren gure lehentasunak, Omo ibaiaren bazterrean bizi den tribu basenari bisita egitera hurbildu ginenean; argazki kamera eskuan haien bizimodu harrigarriaren lekuko, sos batzuen truke gure erranetara etortzen zirenengan; haurra bularrean, haurra lurrean, etxola-atarian, kalashnikov bizkarrean, irrika; barregarriak baikintuzten doike, lotsarik gabe bularrak airean, gure atorrak ukitu, eta usnatu egiten gintuen.
Etiopia hegoaldean Omo ibaiaren inguruan, bazkatzen dituzte behi eta ahuntzak, sorgo eta arto ttikia ekoiztu, eta pizti ttikiak harrapatu, sendabelarrak eta barraskilo oskolak bildu; erle-etxetako eztia hartu. Ez dute zirrika erabiltzen, ez dute inoiz haren beharrik ukan, beti ibiltari, janaria garraio baino hari hurbiltzen direlako. Abar eta lastozko etxolak bere gisa uzten dituzte abiatzen direnean, egokitzen diren lekuan berri bat eraikitzeko. Mursi erraten diete, 9 mila inguru dira, eta bere mintzoa daukate, batzuk baino ez du amarikoa (Etiopiako hizkuntza ofiziala) ezagutzen; era bat bakartuak mundu globalizatu batean. Gurean gertatzen denaz deus guti dakite, eta ez zuen ematen anitz axola zitzaienik.

Oskarbi ernatu zuen egunak, eta ortzian hegazti bat gozoki hegaletan, zantzu ona zela pentsatu zuen. Arretaz apaintzen saiatu zen emakumea egun hartan. Burua polita jartzen ahalegindu zen barraskilo oskolak, haranak, lore idorrak, ahuntz adarrak... denak ahienez lotu eta burutik bizkar gaineraino erortzen utziz; ezpain mintza bortxatuan buztinezko plater politena jarri zuen, eta dozena bat kolorezko lepoko, bular biluziaren gainean. Seme zaharrena gizon egin zitzaion, eta indarrak makilez armaturik neurtzera zihoan. Soro zabal batean urtero bezala bilduko ziren tribuko gazteak, garrantzi handiko erritoa, non gizon nagusiak lekuko, belaunaldi bateko gazteak gizon eginen ziren. Ongi zaindu zuen emakumeak semea, eta Tuwmi-ri (Jinkoari) erregu eta eskaintzak egina zen; irabaziz gero bazekielako semeak emazterik aberatsena aukera ahalko zuela, eta komunitatearen errespetua ukan. Estu sumatzen zuen bihotza emakumeak, bazekielako ere, semeak mina hartzen ahal zuela, eta bizia galdu ere, urtero gertatzen zirelako ezbeharrak. Sorginak sendabelarrak bildu, eta zaurituak sendatzeko prest zeudela jakiteak ongi zegien.
Senarra eta semea zuriz margotzen lagundu zituen, karez egindako ukendu batekin marraztatuak ibiltzen baitziren gizonak xarmanki biluzik. Alaba gaztena beti alboan, ezkongabea oraindik, ongi zaindu behar zuen, aita ezagunik gabeko sortu berriak, bizirik errekara botatzen zituztelako ohituraz, eta horrelakorik gerta ez zekion erne ibiltzen zen. Alaba polita zen, eta eztei saria prestatzen ari ziren etxean, bazituzten behi on batzuk, eta ahutzak ere; neskaren dotea osatzeren arma tratante batekin ari zen senarra tratuan kalashnikov bat lortzeko, anitz preziatua delako arma tribuaren mugak babesteko.

Besta giroan, algara ederrean, irrintzika, danborren arrakada handian, bidexka guzietatik heldu ziren familiak; gazteek makil beldurgarriak eskuetan, haur sortu berriak amaren bizkarrean lotuak, muttiko koxkorrak aitaren lepoan, handixekoak saltoka, irrika: nagusiak hatsanka, izerditan; inork galdu ez zuen nahi besta, lehia, basakeria.  

No hay comentarios: