Merkataritza
kaletik geltokiko haur eskolaraino, ehun bat metroko kalea da Doleak
kalea. Kale arrunt bat da, zerbait aipatzekotan landareak dira
aipagarri, iskin eta txoko guziak lorez estaliak baitaude.
Munduarekin ongi komunikatua, berrehun metrotara Frantziako tren
sarea, Europa osorako atea, ondoan “topoa” Euskal Herrian iparra
eta hegoa batzen dituen garraioa.
Doleak
zazpigarrenean suertaturik, kale bereko laugarrena dut parez-pare.
Eraikin sinple bat da, lau pisu, eta solairu bakoitzean bizitza bi
dituena. Lehendabiziko solairuko, eskuin aldean Xiberoako bikote bat
bizi da, Parisen egiten dute lana astean hiru egun, joan etorria
trenez eginez. Ezker aldeko bizitzan etorkin musulman bat bertako neska
gazte batekin ezkondua bizi da. Hiru urte dira ezkonduak eta
hirugarren umearen zain dago emakumea. Senarrak erran dio nona beloa
jarri behar duen, baina oraindik ez da ongi moldatzen, nonbait beloak
irrist egiten dio eta kopetako bilo batzuk ageri zaizkio batzuetan.
Etxean ez dauka ispilurik, Koranak debekatzen duelako, eta beirazko
etxeko sotoko ateari begira egiten du neskak beloa behar den bezala
atondu. Bigarren solairuan, eskuin aldean ikastolako maisu bat bizi
da, seme bat dauka, eta bikotea haurdun dago. Lau bat urteko semeari
balkoian baratzea jarri dio, tomateak eta litxiak ekoizten ikasten
ari da mutikoa. Ezker aldekoan “Santi” eta ez Santiago bizi da,
hegoaldekoa da, eta iparraldeko emakume batekin ezkondua, bi seme
dauzkate. Goiz batez poliziak atxilotu eta Interpola-ren aginduz
Pariserat eraman zuten, nonbait Italiatik zetorren agindua, Santiago
deritzon, Frantzian bizi zen Espainol baten bila zebiltzan, droga
kartel baten buru zelakoan. Bederatzi hilabete egin zituen espetxean,
eta libro utzi zuten. 60.000 mila euro eman zioten, gaizki egina
erremediatzeko. Zortzi urte geroago, lehengoan berriz ere atxilotu
dute; nonbait, Frantziak ez zion bere garaian komunikatu
Interpola-ari gizonarekin gertatutako errua. Pau-ko epaiaren
erabakiaren zain, etxean dago gure Santi. Eta gu paper bat sinatzen;
gure laguna ez dela Santiago, gure laguna beti Santi izan dela zin
eginez. Euskadiko Orkestrako soinujolea da hirugarren solairuan bizi
dena, hau ere etorkina. Bere emaztea ere musikaria, biolina jotzaile maisua. Zelanda
Berrikoak dira. Gizonaren arbasoak ingelesak, eta emakumearenak
italiarrak. Gizona biolontxelo jotzailea da, eta euskaltzale
amorratua. Ez du okasio bat galtzen mintzapraktika egiteko. Seme
alaba dituzte eta ikastolan heziak, Ingalaterran eta Suedian ikasten
ari dira. Xuban eta Mayi ezkerreko aldean bizi dira, bi haur
zoragarriak liburu bete motxila gaten dira ikastolara. Gurasoak beti
lanpetuak ez dute balkoia erabiltzen. Teilatupean laugarren
solairua, Pariskoak omen giltzainak; ez ditut ezagutzen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario