lunes, 28 de marzo de 2016

PAZKOTAKO BILDOTSA


Larrean artaldearen biltzen zen Moises ilunabar hartan, oinaztargi batek ortzia argitu eta Jinkoa mintzatu zitzaion. Moises larriturik belaunikatu zen. Har ezazu zure herria eta ilargi berriarekin zoazte ihes, zuen bila datoz eta, ahots gardenez aditu zuen Jinkoa. Aspalditik ziren laketuak Egipton, baina lekutzerik bertze ez zuten. Bildu zuen Moisesek bere herria eta behar-beharrezko aferak biltzeko agindu zuen. Moises artzaina zen eta artaldea bere gisa uzteak mina ematen zion. Bildots xarmantak behea, gogoeta bat izan zuen. Berriz ere bere herriari zuzendu zitzaion: ilargi berri bezperan janen ditugu bildotsak, gure azken afaria izanen da Egipton. Erran zien. Abilezia handiko gizona zen Moises, tinko zuzendu zuen herria oztopo guzien gainetik, itsasoko urak zituen zatitu, bide baten irekitzeko.
Ia bi mila urte geroago, Canaan-n ziren egokituak. Maria neskatila polit bat zen, goiz batean amari aztoratua joan zitzaion; bartatsean oinaztargi batekin batera uso bat bere gelan sartu zela, eta; Jinkoaren espiritua naiz eta ernaltzera natzaizu, haren semea sortuko duzu, Jesus erranen diotena; ahots gozoz erran eta joan zela usoa hegan, gero, lo sakon gozo batean murgildu zela. Mariaren familia nahiko arrunta zen, sosa gutikoa, nola nahi ere senar bat bilatu behar zioten alabari, sortu berriak aita bat izan zezan. Sotoan zurgin bat bizi zen, urte batzuk bazituen, gizon zintzoa eta beti Jinkoaren aginduetara bizi zena. Jose erraten zioten. Harekin mintzo zen Mariaren aita eta, ez dakigu zein izan ziren arrazoiak gizona konbentzitzeko, baina, Mariarekin ezkondu zen.
Jesus mutiko ederra, eta mintzo onekoa suertatu zen, ez zuen zurgingoa laket, eta lagunekin hasi zen kale borrokan. Erromatarrek zuten herria menpe, eta haiek igorri egin behar zituzten. Jesusen tresna oberena solasa zen, populista, herria salbatzaile baten beharrean, Jinkoaren semea ontzat hartu zuten.
Jesusen etxean pazkotan bildotsa ez zen barkatzen, Egiptotik atera ziren eguna ospatuz, baina mutila berritzailea zen eta gurasoen aurka, guti bazen ere zerbait egiteren, gaztetxean bildu zuen taldea, eta ogia eta ardoarekin ospatzea otu zitzaion. Aitzina pazkotan, ogia bere gorputza, eta ardoa bere odola, izanen zen oturuntza. Gero mozkorraldia pasatzen olibondo batzuen azpian lo gelditu ziren. Erromatarrek taldean infiltratu bat zeukan erosia eta goizeko ordu ttikitan Judasek Jesusi musu eman zion...

Bi mila urte geroago pazkotan neure etxean bildotsa ez da barkatzen. Zehatz ez dakit zergatik, amaren gaindik datorkigun zaletasuna delako, Edo arras gustuko dugulako. Errito bat nola nahi ere.  Amatxi Lizarrakoa zen, eta zurgin baten alaba, sosa gutikoa, haren arbasoak baliteke juduak izatea. 1498 urtean judoak Nafarroatik igorri zituzten, gehienak Baiona aldera heldu ziren. Baina denak joaterik izan al zuten? Gauza da, ogia eta ardoarekin ez dugula pazko eguna ospatzen. 

No hay comentarios: