1920
urtean maisuak horrela idatzi zuen
Egunak
dira elurra ari duela, eta hotz dago; udaberria derrepentean lekutu
eta negua dugu berriz. Mendiak elurretan txuri, eta haizea hotz.
Etxeetan sua biztu izan behar dute berriz.
Sasoi
honetan naturak badu harako fruitu heze kutsu bat; ageriko egiten
dute zuhaitzek bere kolore argi eta berdea. Etxe ondoko erreka
handitzen hasten da, marmarka, ikaragarrizko abiaduran, eta bere ur
horixkak arriskutsu bihurtu egiten dira. Joan den urtean, hainbertze
anditu zen, ze bideak hartu eta etxea ia inguratu zigun, uharte
modura.
Xantel
erreka, (erraten diote batzuk) Eltzaurdi erreka,(bertze batzuk)
Frantziako mugako amildegietan sortzen diren bi errekek hornitzen
dute; Eltzaurdi erreka ezker aldetik, eta Iturriandiko erreka
eskuinetik, hiru baserriren ondotik pasatzen dena. Xantel errekak
urak hartu, herrian handitu eta Bidasoa ibaian isurtzen da.
Xantel
erreka honek beti darama ura, nahiz eta uda partean gutiago. Lehen,
nire gelako leihoaren aitzinean bi harri zeuden errekaren erdian,
gauez urak gainetik pasatzean egiten zuen asotsa erausi bat ematen
zuen. Lekutu zituzten harriak, eta orain Xantel erreka ez da mintzo.
Arraintxoak daude errekan, amuarrain ederrak eta aingirak.
Egun
hauetan gure erreka handitu da, eta bere ur horietan uhin ttiki eta
apar txuri artean alimaleko enborrak igeri, mamu beltz balira ahats
hartzeko inoizka burua ateraz.
Zenbat
buztin, zenbat osagai organiko eraman ote ditu horrelako erreka batek
existitzen denetik? Eta, noiztik existitzen da erreka hau izen
ezagunik gabe? Milaka urte, seguru aski ehunka mila urtetan itsasora
ura isurtzen. Erreka xume hau beha, gizakiaren ingurugiroaren
betikotasunez ausnartzen gelditu naiz. Gezurra ematen du, mundu
ezagunean, gizakia izanik kontzientziaren jabe bakarra, hainen motza
eta igarokorra izatea.
Egia
da ere, mila urteko erreka hau ez dela trinkoa. Eramaten duen ura ez
da beti ur bera. Beraz, gauza guzietan berdin da, dena da anizkoitza
eta denbora berean bakarra, hila ala biziduna; bizidunarengan soilik
egiten da kontzientzia batu.
Egun
euritsu hauetan, istant bat atertzen duenean, berokian bildua joaten
naiz baratzera.
Dena
ematen du geldi: sagarrondoak lorerik gabe, udareondoak udare
ttikiak galdu dituzte kazkabarraren eraginez, arrosa kuskuak ez dira
ireki.
Baratzeak
behatoki ttiki bat dauka, bertatik Frantziarako bidea ikusten da.
Polita da errepide hau, bihurrika Biandiz porturaino eramaten duena.
Gailurretik Donibane Lohitzune, Baiona eta Frantziako landak
begiztatzen ahal direneraino ikusten dira.
Errepideak
badu ere alde dramatikoa, mugalarien topagune bat delako. Gaur egun
hauek ogia eta janariekin egiten dute kontrabandoa, eta sarritan
ikusten dira karabineroak mugalariei hartutako zama bizkarrean
itzultzen.
Mugalari
bakoitzak gauero hogeita zazpi edo hogeita hamar pezeta irabaz
lezake.
Arratsalde
apalak melankoliakoak dira, airea urdintzen da; enarak agertzen dira,
labirintuzko bideak eginez hegan dute egiten. Gure etxean enarak ez
dute kabirik egiten, otza da doike. Nahi nituen Itzea etxearen
erlaizpean enara kabiak, horretako jarri nuen puru kaxa bat. Enara
bikote batek hautatu zuen kaxa, gogo txarrez dirudienez; ez zuen
gustuko tabakoaren kiratsa doike, eta gutira bertan behera utzi zuen
kabia eta ez zen berriz itzuli.
Donostian,
mutiko kozkorra nintzelarik, nire etxe parean Don Fernando izena zuen
gizon bat bizi zen, protestantea zela erraten zuten. Egunero
ateratzen zen balkoira liburu bat eskuan leitzen, enarei ogi apurrak
ematen zizkien, etxeko erlaizpean arrosario bat kabi zituztenei. Don
Fernandok alde egin zuenean, etxearen nagusiak makil batekin kabi
guziak kendu zituen. Hortaz nire haurtzaroko hiztegian sinonimo hauek
gelditu ziren: protestante: irakurtzen duen gizona, eta enara kabi
maitale Katoliko: irakurtzen ez duen gizona, eta enara kabi
gaitzets.
No hay comentarios:
Publicar un comentario