Atruska, atruska, eta
atruska, sudurra muki dario hasi nuen eguna. Hezur guziak minbera,
eta burua leher zorian. Hau miseria, pentsatu nuen, larunbata izanik,
asteburua etxean egon behar. Euria gogotik ari zuen, eta botika bila
atera nintzen. Automobila hartu eta martxan jarri orduko erregairik
gabe gelditzen ari nintzela ikusi nuen. Gasolindegian erregaia jarri
eta sartu nintzen kaxan ordaintzera, txartela datafonoan sartzerakoan
“ez duzu euro millon zozketarako billete bat nahi?”
galdetu zidan neska irribarretsu batek. “Berrogeita hamar miloi
euroko saria dago, eta billeteak bi euro balio dizu”, erantsiz.
Nola erran ezetz, hartu nuen billetea eta botika bila joan nintzen.
Hartu nituen egunkariak, laranjak eta limoiak, eta itzuli nintzen
etxera. Gero eta gaizkiago, sabelean mina, hilekoa etorri zitzaidala
konturatu nintzen. Botika hartu eta ohatzean bururaino estalia,
munduko malerusena sentitzen nintzen. Irakurri ezin, telebista jasan
ezinik, begiak etsi eta, zoro bat bezala hasi nintzen irabazi behar
nituen berrogeita hamar miloi euroekin zer egin asmatzen.
Euskadiko Kutxara joanen
naiz lehen bai lehen, leihatilan zuzendariarekin mintzatzea eskatuko
dut. Zuzendaria billetea ikustean mutu geldituko zait, urduri,
boligrafo bat eskuz esku. Gero, betikoa, diruarekin lortzen ahal
dituzten etekinak... eta.. Erroetatik moztu eta tinko erranen diot;
ez dut diru gehiagorik behar! Kartila aterako diot eta, bertan
sartzeko eskatu. Bai, baina hainbertze diru kartilan... Hasiko zait;
bai kartilan, pentsatu eta etorriko naiz, erran eta joanen naiz.
Ausnartzera. Behingoz ametsak betetzeko haina diru: Donostian itsaso
aitzinean etxe bat erosiko dut, Hernani kalean, terraza eder batekin.
Semeak beti erraten dit, nik ez dut ikasi nahi, nik baserri bat nahi
dut, ama. Euskal Herriko baserririk ederrena erosiko diot semeari.
Alaba argazkilaria, beti dago ganbaran zulo ilun batean sartua; ba,
estudio polit bat jartzeko aukera emanen diot. Munduari itzulia bat
emanen diogu, sema alaba eta beraien bikoteak, noski. Etxekoen zorrak
kitatu eta ez zaizkit kontuak ateratzen, diru soberan gelditzen zait.
Bortz anai ahizpei miloi bana eman, haziendarekin kontuak egin eta
bertze gainerakoa kartilan utziko dut. Familia guziaren ametsak bete,
eta gero zer, pentsatzen gelditu naiz. Nola bizi ametsik gabe?
No hay comentarios:
Publicar un comentario