sábado, 30 de enero de 2016

ESPERPENTOA


Jokoan beti zara jokatua.
Leihotik beha, leihori kateatua. Eserleku bikoitzak emakumearen gantzak nekez biltzen ditu. Beti dago izerditan, klines bat hartu eta kopeta eta kokots azpia xurgatu ondoren haizemaileri atxiki da. Irratiaren matrakak aspertzen du, krisi ekonomikoa, ustelkeria, hauteskunde emaitza kezkagarriak… eskuin aldeko mahaitxoan daukan zilarrezko ezkila ttikia jo eta berehala zerbitzari hego amerikarra etorri zaio lausengarri “la señora desea algo”. Bi te eskatu, eta ondoan eseri eta elkarrekin meriendara gonbidatu du neska. Gustura aritzen da Lurdes neskamearekin berriketan, amodio kontutan… gazte denborak oroituz, ez baita inorekin mintzatzen. Trumilka datozki eta trumilka doazkio oroitzapenak, zorigaiztoko patu atzaparkadak lehen amodioa eraman zion une hura beti gogoan. Ez du lagunik, negozioak salduz geroztik telefonoa mutu gelditu zaio, nahiz eta egundaino gasta ahal ez izanen duen dirutza ukan.
Gaztetxoa zen Lurdes Españara butanoa iritsi zenean: denek ezagutzen dugun  bonbona laranja. Familiak, oraingo “todo a cien) delakoa zuen  herrian, danetatik salgai zegoen horietakoa. Butanoa saltzeko baimena edo kontratua lortzea ez zen erraza, diktadura zalea izan behar zen, eta dirudienez bazituzten merituak eginak. Nola nahi ere bailara osoan butanoa saltzeko baimena lortu zuen familiak. Gero, erregai enpresa garrantzitsu batekin are gehiago eginen zuen Lurdesek, probintzia osorako emakida  erregaia saltzearen eskuratu zuen. Egoerak lagun, administrazioak azpiegiturak, errepideak, garraioak… berrantolatzekotan, enpresak sortu ziren, pare batek lortu zituen bailarako kontratu denak. Batek azpiegiturak, lan erraldoiak, bertzeak etxe eraikuntza. Bietan administrazio kontseiluan Lurdes akzionista printzipaletakoa.
Inguruko Erdi Aroko jauregi ederrenetakoa erosi zuen Lurdesek, zaharberritu eta bertatik antzinako jauntxo modura zuzentzen zituen negozioak. Lan postu bat lortzeko emakumearen gomendioa lagungarria zen, arras lagungarri. Udaletxearekin hartu-eman estuak zituen, batez ere idazkariarekin. Inguruan errana zen “Udaletxean Lurdesek manatzen du”. Jende xeheak ez zuen emakumea maite, baina bazion errespetua, baratzeko lehen litxuak harentzako izaten ziren. Zelatari sarea ere bazuen, herri ttikietan egiten diren batzarraren kontrolatzeko, apeza bere alde zedin, Udaletxean lizentzia eskaerak ezagutzeko. Bereziki zen ezaguna zelatari begi zuri bat, “munipa” zen, Ipar Ameriketan pelikuletan ikusten diren “Serif” laguntzaile modukoa, beti harro ageriko egiten zena. Mutilak ere profitatu zuen egoera nonbait, andrazkoaren gibeleko aldean etxe ederra egin baitzuen.
Ase ezina zen Lurdes, irrikan, antsia beti ezin bete, dirua, dirua eta dirua: zenbat eta gehiago irabazi gehiago nahi. Beti goseak, diru gose eta janari gose, ase ezina. Negozio bat gaizki ateratzean janariarekin ordaindu, ongi ateratzen bazen negozioa ospatzeko gutizia. Gizentzen hasi zen, gehiegi, gorputza hartara egin zitzaion, gibelat egiteko tenorea akitu. Ehun eta berrogeita hamar kilotara iritsi zenean pisatzeari utzi eta etsi zuen.


Diruarekin lortzen ez diren hainbat gauza leihotik beha, ilargi betea, zuhaitzak hostoa galtzen, hosto berritzen, liliak loratzen, inauteritan gazteak mozorrotuak, bestetan irri dantza plazan...

No hay comentarios: