domingo, 3 de enero de 2016

URTE HAHAR...

URTE ZAHAR GAUA
Deus Magots kafetegian, Saint Germain des Pres enparantza 6 garrenean elkartzen ziren Simone Beouvoir eta Jean Paul Sartre. Eta haien itzelera hurbildu nahian hainbat surrealista. Beirez babestutako terrazan eseri zen Karmen. Kafetegiak eraikinaren iskin osoa hartzen du, San Germain enparantza eta zumardira emanez. Urte zahar eguna zen eta jende uholdeek zituen hartuak kaleak. Jendea bakarka behatuz zirudien bazekitela nora joan, erosketak edo loreak eskuan arin aitzina begira. Arratseko hamarrak ziren eta Karmenek Jean Pierrekin zuen hitzordua.

Lehendabiziko urtean zen Karmen bakarrik zela urte zaharretan. Planik gabe. Sei hilabete ia moja moduan. Umeak senarrarekin joan ziren, eta aste bat era bat libro zen. Internet bidez egin zuen hitzordua. Hendaian  goizean trena hartu eta bazkal ondoan Parisen zen. Montparnasse etorbidean hartu zuen ostatua, Saint Germainerako erdi bidean.  Aspaldi ez bezala mimoz apaindu zuen bere burua. Beltza moda-modan zegoenez, soineko beltz estu eta motza, zetazko galtzerdiak, zapata takoi altuak eta chapeau polit bat buruan atera zen ostatutik bederatzi eta erditan. Astiro, ibilaldia profitatuz, hamar bat minutu lehenago iritsi zen. Lore gorri bat erosi zion kalean lore saltzaile bati, hura baitzen hain zuzen eskuan eraman beharreko ezaugarria. Beira ondoan mahai ttiki baten ondoan eseri zen, berehala etorri zitzaion zerbitzaria, elegante beltzez jantzia. Ezustean harrapatu zuen emakumea, ez zekien zer eskatu, azkenik kafesne bat eskatu zuen; ttikia, ertaina ala handia, galdetu zion gizonak. Ba, ertaina eskatu eta adi gelditu zen Karmen. Adi, bakarrik kafetegian sartzen zen gizon bakoitza beha gelditzen zen, lorea eskuan betiere. Berriz ere zerbitzaria, zerbait gehiago? Zorrotz galdezka. Ba, bertze kafesne bat faborez. Ttikia, ertaina ala handia? Ertaina mesedez. Hamaikak, hirugarren aldiz. Zerbait gehiago? Botila bat ur mesedez. Ttikia, ertaina ala handia… Ttikia mesedez.  Zalantza sartu zitzaion Karmeni, agian hamaiketan geldituak ziren… bere baitan sinesgaitz pentsatu zuen,  ba ez bada  era ordu laurden bat itxaronen zuen. Hartutakoak ordaindu, lorea mahai gainean utzi eta, erdi zorabiatua atera zen Karmen kalera. Ez zen ezta pentsatzeko ere gai. Atomikoki hotelerako bidea hartu zuen. Zapatak mina egiten zioten, kendu eta eskuetan eramatea otu zitzaion, baina ez, mina nahi zuen, hanketako mina gozatu nahi zuen.

Urte muga ezkilak aditu zituen hoteleko atea gurutzatzean. Ostatua arrunta zenez ez zegoen bertan besta giro handirik. Mostradore ttikira hurbildu zen gelako giltza eske, ez zen inor ageri eta txirrina jo zuen, gutira mutil gazte bat etorri zen, irribarretsu begiratu zion, giltza eman eta,” ordu batean bukatzen dut” naturaltasunez erran zion mutilak.

 Urte berria xarmanki argitu zuen, oskarbi biziki hotz, baina eguzkiak engainatu egiten zuen.   Goizeko hamaiketan ostatua ordaindu, eta motxila bizkarrean atera zen Karmen. Lehen bai lehen gosari on bat hartuko zuen, fruitu zukua eta croasán pare batekin kafesne handia, gose zen eta.  Arratsaldeko seietan zuen hartzekoa trena, beraz ordu batzuk gelditzen zitzaizkion hiria gozatzeko. Paris zoragarria, kaleak, zumardiak, etorbideak hutsik, Louvre beirazko dorrea distiratsu, Notre Dameko ataria usoz betea, Sena ibaia zilarrezkoa, Ponpidou aretoko enparantza saltinbankirik gabe…Karmen zoriontsua sentitzen zen, libro eta bere buruaren jabe, dirurik gabe aberats, Paris osoa berea zen, argitzen zuen eguzkia ere, hanketan ez zuen minik sumatzen, kiroletako oinetakoekin hegan hartu zuen Hendaiarako trena.                 
      


No hay comentarios: