miércoles, 30 de diciembre de 2015

HORTENTSIA ZAINA


Ilbeheran bildu zuen hortentsia zaina; patatak, tipulak eta baratxuriak bezala. Hortentsia, grekoz hidrangea (loreontzia) gurea, ederra eta erraz egiten dena, etxe bazterrak, baratzeak eta parkeak apaintzen dituena. Gurea egin dugu, baina beraz etorkina da.  Asia aldetik 1760 aldera Fhilibert Commerson-ek Frantziara landarea ekarri zuen,  gortean  Hortentsia ezagutu zuen, emakume eder bat zen eta lorea eskaini zion. Metro bat handitzen den landare hau hostotsua eta berde bizia da, abarrak loretan burutzen ditu, arrosa eta urdin artean sortu, eta zuri aldera egiten dute loreek hontzean. Zaina du gotorra hortentsiak,  haratustela du maite, eta ahal duen biziduna hil egiten du: zizarea, sugea, satorra, luhartza…

Urte-berri eguna zen, sendagilea aurpegi luze etorri zitzaion. “Senarra hil egin da” erranez eskua luzatu zion doluminak emanez. Zozotua gelditu zen. Agian negar egin beharko luke, baina ezin, irri egiteko gogoa ematen ziolako. Berrogeita hamar urte joan dira, eta atzo izan balitz oroitzen da.  

Senarra kasatu egin behar zuen, ez zeukan bertze irtenbiderik. Hortentsia zainekin egoskina egiten ikasi zuen. Aitzurra hartu eta etxe bazterreko landare ederrenari gogotik atera zizkion zain zati batzuk. Uherrak eta bihurriak ziren zainak, itsusiak, ongi garbitu zituen, erantsia zuten lurra eta.  Lapikoan jarri eta denbora luzea egosten utzi, gero zukua ongi iragazi eta beirazko ontzi batean gorde zuen. Neurria hartu behar zion, ez zen erraza, aste buruan gurasoen baserrira joan eta aitaren untxi bati edanarazi zion kikara ttiki bat,  baina ez zen hil, hurrengo astean bi eman zizkion eta gaixotu zen, eta  gutira hil. Lau hilabete gelditzen zitzaizkion, urte zahar afaria zen muga, otordu bikaina prestatuko zuen, senarraren azkena.   
    
Axunek  bilo-apaindegia zeukan, lanez lepo, egun osoa lantegian. Etxean bi haur laguntzaile gaztetxo batekin, senarra handi nahi, aldez aurretik porrot egiten zuten  negozioetan. Kontu korrontea bien izenean ala beharrez, Axunek sartzen zuen dirua eta senarrak atera. Gizona familia “onekoa” zen, gain behera etorritako horietakoa. Arbasoek ez omen zuten lanik egin, azienden etekinetik bizi ziren betiere. Belaun aldiz belaun aldi aziendak xahutu arren lanik egin gabe bizitzeko borondatea zuten horietakoa. Axunen senarra beti elegante, elastikoa kachemirazkoa bazen hobe,  automobil onak maite zituen, lurrin finak, Atkinson zuen hautatuena.   

Zorrak egin zituen gizonak, etxean egoera larria zen. Axunek haurrak behatzen zituen, lau eta sei urteko ume zoragarrientzako ez zuen aita txepelik nahi. Banantzea eskatu zion senarrari, eta honen gurasoak apez bat bidali zuten etxera. Apezak, Eliza Santuaren aginduak azaldu zizkion Axuni, eta senarrarekin batera ia botila konak hustu ondoren goizeko ordu ttikitan lekutu zen apeza. Egoerak txarrera egin zuen, gizonak berearekin jarraitzen zuen, Axunek ezin zuen jasan senarra, beti xesugose… Banantzeko temarekin, egun batean ukabilkada bat eman eta bi hortz hautsi zizkion emakumeari. Ze mina! Eta ze lotsa! Biharamun goizean hitzorduak zeuzkan emanak permanente eta metxak egiteko, ezin zuen bezerorik galdu, inondik ere, haurren ikastola ordaintzekoa zeukan, eta argi indarra, eta… Gau osoa gezur bat asmatzen pasa zuen, nolabait jipoia justifikatzeko.  Egun hartan hartu zuen erabakia Axunek.  Ispiluak itzultzen zion potretak ikaratu zuen.

Abuztu hondarrean hasi zen plana bideratzen. Dosi zehatza aurkitzean zetzan arrakasta. Gizona zopa zalea zen, maiz afaltzen zuen zopa, hortentsia zuku  kikara ttiki batekin hasi zen, deus ez, bi kikara ttiki, eta senarra bikarbonatoa  hartzera ohatzetik jaiki zenean, harako pozgarri bat sumatu zuen Axunek urdailean. Lasi, pentsatu zuen, hiru hilabete gelditzen zaizkin.

Ostrak hasteko, arrai zopa urdaila berotzeko eta bukatzeko Getariako bixigua. Senarrak ardo txuri on bat ekarri zuen, eta haren gurasoak urtero bezala xanpain frantsesa. Mahai polit bat saiatu zen Axun paratzen, harizko mahai-estalkia, portzelanazko platerak,  kikarak,furtxetak eta nabalak antzinakoak, senarrak ezkontza sari ekarritakoak. Edan- ontzi finak hauek ere oparituak. Umeei, dutxatu  eta pijama jantzita afari “berezi” bat prestatu zien amak, kroketak, patata frijituak eta txokolatezko turroia. Lasai telebista beha gelditu ziren.  Hamarrak aldera eseri ziren mahaian, senarraren aita eta ama, Axun eta bere gizona. Otordua etxekoen ekonomiarako era bat tokiz kanpo zegoela bistan zegoen, baina ez zen inor harritu, are gutxiago senarra, ematen zuen harro zegoela gurasoei tamainako harrera eginez. Ostrekin hasi ziren, Axunek ez zituela ostrak gustuko erran eta senarrak hartu zituen. Sukaldera joan zen emakumea zopa prestatzera, lau katilu paratu zituen azpil batean, senarrarenean lau kikara hortentsia zuku jarri zituen, haren gurasoenean kikara erdi bana eta berean kikara erdiaren erdia. Polizia hasten bazen bazterrak nahasten… Arrai zopa biziki gustatu zitzaien eta amaginarrebak errezeta eskatu zion Axuni.  Bixigoa arras ona atera zen, eta xanpainarekin topa egin zuten.
Gauerdi aldera ezongi zegoela eta bikarbonatoa hartzera joan zen komunera senarra, gurasoak ere nazka antzeko bat sentitzen zuten. Axun ongi zegoen, ostra jan ez zuen bakarra zen, hortaz denek erabaki zuten ostrak izanen zirela gaizki egi ziena. Larrialditara deitu eta anbulantzia bat etorri zen. Erizainek bixigu hezurrak  eta ostra maskorrak poltsa batean hartu zituzten, eta beirazko potto batean arrai zopa pixka bat. Hiruak eraman zituzten ospitalera. Axun ongi zegoenez haurrekin gelditu zen. Hamabi ordu geroago Axunen senarra zerraldo zen, haren gurasoak onik atera ziren. Ospitalean aho batez ostrak izan zirela intoxikazioa eragin zuena ziurtzat eman zuten.       


     

No hay comentarios: