jueves, 10 de diciembre de 2015

ATOR, ATOR MUTIL ETXERA...


Erdi lo erdi itzarri, gaztaina erreen zapore gezi geza, usaina etxekoa, aspaldikoa, hamabortz urteetan ahantzi ez duena. Zarata ikaragarrian ate joka. Polizei! oihuek bere senera ekarri dute; goizeko bortzak dira.
Jon A. sehaskatik da ele anitza, ama alemaniarra, aita euskalduna, frantsesak eta espainolak lagun anitz. Ikastolan ikasi eta elektronika ingeniaritza Munich-eko unibertsitate batean zuen burutu.
Mugalari talde baten kide izatea leporatu zioten, eta urte berria estreinatu berri eraman zuten, hogeita bortz urte zituen ordurako.  Bortizki jipoitu eta bi urte egin zituen espetxean. Epaiketaren zain baldintzapean atera zen, eta zin egin zuen ez zela berriz espetxean sartuko. Ator, ator mutil etxera…Amaren poza, aitaren irribarrea, anai arreben bozkarioa, azken topa urteberriari, eta aio erran gabe iheslari partitu zen,  bizi berri bat asmatzera.

Neska-laguna maindire artean, ederra, gozoa, burua paparrean, samur, leun, mutilaren baitan sartu nahian. Sexua fisikoki beti  bikaina, bizigarria. Kontsolarik gabea, ordulari batek beza funtzionatzen duela erraten diote sarritan amoranteek. Fernandoren zama handiena kontrola da, bere biziaren kontrola ezin du galdu. Nortasun berri bat lortzea ez zaio zaila egin. Friburgo-ko unibertsitatean matrikulatu, eta lehen Munich-ekoan burututakoa lortu ondoren, bertan irakasle onetsia da. Paperak dira, eta paper faltsuak egiten badaki, elektronika da berea. Paperen gibelean “nor” bat dago, eta  “nor”  hori lortzeko imajinazio ere badu. Bigarren gudan desagertutako ijito familia espainol baten  bizirik gelditu zen kide bakarra izan zen bere ama, ezkon gabea zen ama, aita bat ez asmatzeko aitzakiaz. Ipuina bat bezala osatu du bere bizia, ipuina sinesgarria behar du izan berea. Haurtzaroko jostetak, amaren sukalde gutiziak, lehen amodioa… Diskurtso koherentea betiere.
Estudio ttiki bat da berea, gela bakarrekoa, Fernandoren beharrak aise betetzen dituena. Jonen beharrak bertzelakoak dira, arimaren beharrak, eta horiek bihotzean baizik ez dute tokirik. Euskal Herriko berririk ez du, egunkaririk ez du irakurtzen, ez du behin ere interneten Euskal Herria klikatu. Amarekin oroitzen da. Bizi ote da?  Badaki anitz sufritu duela. Salbatu nahi badu, Jon ahantzi behar du, eta Fernandorekin laketu. Baina,   haren larruan ezin sartu. Azkarra eta argia da,  lagun artean ospetsua, eta era bat integratua, baina gezur handi batean bizi da, bihotza hozten diona, zulo sakon batera  eramaten duena. Bakarrik.

John Lennon modura orraztua, begi-lagun borobil ttikiak sudur gainean, eta beltzez jantzia, ogitarteko bat hartzen Friburgo-ko unibertsitateko kafetegian.  Hamabortz urte Interpola bere bila lortu ez duena, anaiak lortu du. Urteak ibili da unibertsitatetik unibertsitate anaia bila, bihotzaldi bat izan zen berea, nonbait ezkutatu behar bazuen, unibertsitatea izanen zela lekua pentsatu zuen.

Polizia Jonen anaiaren gibeletik zen…



No hay comentarios: