Gau hartan hiru gaztetxo
institutuko lagunekin afaldu ostean etxera abiatu ziren. A. eta P.
lehengusinak ziren, L. P.ren neska laguna bizikleta eskuan. A.ren
guratsuak Paristik itzuli bat egitera joanak ziren, eta P.k
lehengusinaren etxean lo egiteko baimena bazuen. Azken garagardoa
hartzea etxerako bidean otu zitzaien, dirurik gabe gelditu, eta
kutxazain bat bila hasi ziren. Kale pare bat ibili eta topatu zuten,
beirazko ate handi baten babesean kutxazaina barnean izaten duten
horietako bat. Gauerdia zen ordurako, eta kalean ez zen inor ageri.
P. sartu zen dirua
hartzera, A. eta L. kanpoan gelditu ziren zain. Gutxira atera zen P.
Egin duk?, galdetu zioten kideek. Bai to! Kristoren sustoa hartu
diat. Zer duk ba? Galde egin zioten kideek. Hor barnean bazagok
norbait. Jode! Ia gainean erori nauk. Lo zaku baten barnean zagok lo.
Jode! Usain kirats ikaragarria duk, ezin diagu hortik dirurik atera,
goazen hemendik.
Eztabaidan hasi ziren: ez
gaituk hemendik joanen dirurik gabe, dirua hartzea gure eskubidea
duk, zerri horrek kutxazain batean lo egiteko ez dik eskubiderik. Ni
sartuko nauk, erran eta A. sartu zen. Txiroak aretoa ia betea zuen
bere gorputza luzean etzan eta poltsa pare batekin. Mutila aserre,
kiratsak zorabiaturik ostikoka hasi zen txiroa jipoituz. Utikan! Ospa
hemendik zerri hori! oihuka. Etxegabea esnatu zen eta kexu, erdi
negarrez, ai-eneka mugitu eta aurpegia agerian gelditu. Ez ustekoak
arrapatu zuen A. txiroa andrazkoa zela ohartu zen eta. Puta zahar
bat duk! erranez atera zen. L. bizikleta hartu eta etxera bazihoala
erran zuen. Ze beti bezala? Gauzak hontzen direnean hi etxera... hasi
zitzaion P. Ez iezaiok jaramonik egin neskak horrelakoak dituk eta,
bota zion A.k
Eta orain zer? Goazen
etxera, zion P.k, ezta pentsatu ere, erantzun zion A.k Ez gaituk
koldar batzuk. Zorrizu madarikatu horiek utz nazazue bakean!. Aditu
zuten kutxazain barnetik. Mutilak berotu ziren, ordurako bazituzten
garagardo batzuk gainean. Biak batera sartu ziren aretoan txiroa
handik atera nahian, baina hark gotor aurre egin zien. Puta kumea!
Zaborrez inguratua nahi dun bizi, no! zaborra. Eta espaloian
zaborrontzi batzuen ondoan zeuden hondakin batzuk hartu eta
emakumearen gainean botatzen hasi ziren. Hondakin zakuak, eta
telebista zahar bat ere. Emakumea kexu, oihuka, utz nazazue bakean!.
Alfer zikina! ez dun lanik egin nahi? Zer nahi dun gure bizkar bizi.
No! jan ezan, erranez, janari hondakin poltsa bat erdi usteldua bota
zion A.k. P.k bidoi bat ikusi zuen, hutsa zegoen, oraindik umel,
usaindu zuen eta gasolinarekin ibilia zela nabaritu zuen. Sakelan
metxero bat eramaten zuen beti, ( P.k ez zuen erretzen, baina neskek
zigarreta bat ateratzen zutenean adi egoten zen sua emateko) metxeroa
biztu, bidoiari su eman eta kutxazain aretoan bota ondoren etsi zuen
atea.
Albisteak hedabideetan
oihartzun handia izan zuen. Emakumea hilik aurkitu zuten. Ez zen
surik biztu, baina bidoia garrik gabe erre zen ke toxikoz aretoa
betez. Kutxazain segurtasun kamerak hartutako iduriak behin eta
berriz telebistan jarri zituzten, herritarren laguntza eskatuz. Gaua
hura lanbrotsua izan zen eta iduriak ez ziren onak. Idurietan ez zen
emakumea ikusten, kamerak kutxazainean sartu eta atera egiten
zirenak soilik hartzen zituelako. Gazteak irrika lehenik, parrez
leher zorian gero, zaborra hartu eta aretoan botatzen, atea ostikoka,
ematen zuen oihuka ere ari zirela. Bidoia zuria zen eta argi ikusten
zen metxeroarekin su emateko keinua. Kiroletako oinetakoak,
bakeroak, txamarra iluna eta azken garaian moda-modan zegoen bixera
buruan, gazteen janzkerak marka onekoak, garestiak ziren. Datu hauek
denak aztertuz, poliziaren susmoaren arabera, gaizkileak adin
txikikoak ziren eta familia onekoak.
Bordeaux ardoa hur
batzuekin, aperitibo gisa hartzen ari ziren A.ren aita eta ama afal
aitzinean. A.ren aita eragin handiko politikoa zen, ama,
barne-dekoratzailea, bera ere arrakastatsua. Goizean egunkarian
irakurria zuten albistearen xehetasunak eta kutxazaineko kamerak
hartutako iduriak arratseko telesaioan ematen ari ziren. Senar
emazteak isil-isilean ikusi zituzten iduriak eta kazetarien
hausnarketak aditu.
_Ez dira gure gazteak oso
originalak, denak berdin egiten dira jantzi, aise aski gure semea
izan zitekeen haietako bat. Badugu zer eginik..._ Bertzerik gabe
bota zuen gizonak.
_Ardo gehiago nahi? _
Hurbildu zuen emazteak botila ardoa senarraren kopara.
-
No hay comentarios:
Publicar un comentario