domingo, 18 de octubre de 2015

SERORA ETA APEZA



Baselizaren hormen mintzoa, urtetan ikusitakoa isilduz bizi direnen hantzekoa da: motza, idorra, galderarik gabekoa, erantzunik ematen ez duena. Erantzun hitz bakarrekoak susmoak eta zalantzak sortu egiten dute. Baseliza eta nire artean badago aldea. Aspaldi ezagutu ditut horma arrosa hauen sekretuak.
Banaka banaka harrobitik ekarritako baselizaren horma hauek; xuxurlatu egiten dute.
Baselizaren gibelaldean ostatua dago. Areto laukia da, zuria, zurezko solibak sabaian, ate ttiki batek zeramika zurizko komunetara ematen du, lurrean zuloa eta berrogei bortzeko urrats bi dituena. Handik ate marroi batek zuzenean aldarera ematen du. Aretoak hamabi lagunentzako mahai bat dauka, eta banku kurritu bi. Parean ikatzez hornitutako su bat, purpurinazko tapakiarekin, ontziak garbitzeko arraska, eta bertze horman intxaurrondoz egindako armairu arrunta bat, garbi eta distiratsu. Ez dago apaingarririk hormetan, baina, suaren parea burdin edo aluminiozko eltze eta zartaiez estalia dago. Gastronomiko apaingarri gisa.
Ostatuak garbi lurrina dauka. Su ohatzea beti distiratsu: astean behin egiten da ozpina eta legarrarekin garbitu eta marruskatu distirak itsutu arte. Meza ondoan ez da berdin egoten; txistor eta txingar kea gorantz aldareraino, sagardo astinduak harlauzak busti egiten ditu, eta intsentsu lurrina ostatu kiratsa bihurtzen da.
Baseliza ttikia eta arrunta da: femenino keinu batzuk: oihal almidoituak, lore jarri berriak eta argizari usaina, eliztarrentzako garrantzitsua direnak. Bankuak garbi garbiak, Ama Birjinaren iduri ttikia harpe batean, eliztarrei lasai begira. Hormak kare arrosaz margotuak, urre kolorean bukatuak. Ondoan organo zahar bat sitsak jaten hasia, eta tekla bi ez dituena.
Pentsatzen dut, Jose Maria apeza herrira etorri zenean berarekin ama, alarguna, ekartzekotan egon zela. Etxeko lanak egin, eta idazkaritzan lagun ziezaiokeela, baina, gero pentsatuko zuen amak ezin zizkiola bere behar guziak bete.

Apeza, informatu zen, Burgosko herri batean familia batek bazituen alabak, eta bat ongi etorriko zitzaiola pentsatu zuen. Familiak, Jose Maria jauna erreferentziaz ezagutzen zuen. Urte ilunak jasandakoak ziren, gizona kristau petoa, ala beharrez herrian jarri zuten irin-ola batean lanean ari zen. Giro nahasian sozialistak hartu zituzten herrian lan tokiak, zinea, zumardiak... Denak ziren gorriak! Gizonak lan postua mantentzeko iraultzailearena egiten ahalegintzen zen. Egoera horretan amorru bizian itzultzen zen etxera, emaztea eta alabak jipoituz. Gero, errukiturik Jinkoari barkamena eskatzen zion.
Etxekoandrea familia handiaren buru, antsietateak desorekatzen zuen. Apez lagun batek haur neurosia zela erran zion, denborarekin sendatzen zena. Bere egoera arrunta zen, emakume anitzei gertatzen zaiena, ama izateko tenorean alaba izan nahi zutelako.
Emakume gehienetan ohikoak dira nahaste hauek, diskrezioz eta pazientziarekin eraman beharrak” zion Emiliaren amaren zama lagun zen apezak
Emiliak, bere ahizpek bezala ttikietatik jasan zituen amaren nerbio krisiak deus ulertu gabe. Egun batzuetan haren ama pozik egoten zen, irrika eta abesten, gazte garaiko kontuetan murgildurik. Bertze batzuetan aldiz, bortizki alaben aurka erasotzen. Aita ez zen egoeraz jabetzen, beti zegoelako lanean.

Hauek denak pixkanaka ezagutzen joan naizen gauzak dira.

Emakumea nerbioak jota krisialdian sartzen zenean, haurrak garbitzera igortzen zituen. Gero lerroz-lerro jar erazi eta banaka belarri zuloak eta lepoa begiratzen zien. Haurrak ikaraturik eta dardarka jasaten zituzten amaren belarri astinduak eta matelezurrekoak. Gero emakumea, indargabe, negarrez, zotinka, muki zeriola barkamena eskean hurbiltzen zitzaienean, era bat zer egin ez zekitela gelditzen ziren.
Bortizkeria haiek denak, egun batean aitari azaltzen ausartu zen Emilia. Aitaren erantzunak, aztoratu zuen:

_Hire amari gertatzen zaiona, eta nire portaera zakarra ez din etxetik atera behar. Isilean eta dignitatez aitzina egin behar dinagu, salbatu nahi badugu. Ez hadi etxean gertatzen denez egundaino mintzo. Ez hau inork kontsolatuko, eta gutaz irri eginen diten. Beti eginen dinagu burua gora! Ala beharrez.

Lan egoki bat zegoela beretzako Emiliari erran zioten, eta handik bi agunetara etorri ziren haren bila.
Neskak erran zidan pozik hartu zuela albistea, etxetik alde egiteko aukera zelako, eta apez batentzako lan egitea, nolabait gizarte estatusa hobetzeko pauso bat izan zitekeelako.
Maleta prestatu zuen fite, aldagarri batzuk, nezeserra, jantzi batzuk, aitatxi eta amatxiren argazkia, arratsetan idazteko kareira eta arkatzak. Ahizpek toki gehiago izanen zutela pentsatu zuen, denek arropa gordetzen zuten armairua etsi zuenean.
Baselizara zorabiatua eta nahiko urduri iritsi zen. Ez zioten erran zertan zetzan zehazki bere lana, baina aitaren hitzak oroitu zituen.
Beti dignitatearekin...
Jose Maria jaunak harrera ona egin zion, bere gela erakutsi eta baselizan egin beharrezkoak adierazi: garbia mantendu, “etxeko andre” ona izan, eta eliztarrak zaindu. Soldatarik ez zuen ukanen, baina eliztarren eskupekoak gelditzeko aukera bazuen.
Arratsean jakin zuen serora gazteak zertan zetzan “etxeko andre” ona izateak.
Apezaren eraso bortitzak betiko blokeatu zion bihotza.
Inork ez zion erran zer gertatzen ahal zitzaion. Ohatzea gorriz zikin, zauritua gorputza, arima minez, aitaren hitzen oihartzuna: Beti dignitatearekin...
Ulertu zuen bere eginkizuna. Ametsak alde batera zituen utzi. Ilea motots batean bildu, eta amatxik oparitutako kareizko orratz bi apaingarri orraztu zen.
Gero lehen gosaria prestatu zuen.

_Egunon Emilia andrea, ongi duzu lo egin? _Bertzerik gabe zioen apezak.

_Egunon Jose Maria jauna, arras ongi Jinkoak lagun. _Erantzun zion neskak.

Aitzinean egunerokoak izanen ziren lanak hasi zituen: ezkilak larunbatean eta igandetan jo, eta norbait hiltzen bazen ere. Idazkaritzan arazoak egunean eraman. Asteburutan ostatuan sukaldatu, bezeroak pozik egoteko. Apezari gaztigua eginen zion baldin eta zerbait desegokia entzunez gero.
Jendearen errespetua bazuen. Batzuetan Jose Maria jaunena ere.
Jite zintzoa eta zuhurra ematen saiatzen zen Emilia. Eliztarrak anitzetan joaten zintzaizkion aholku bila, beti ongi hartuak, eta emakumearen erranak errespetuz kontuan hartzen zituztelarik.

Bion arteko hartu-emanak onak dira, eta noizbehinka bere biziaren kiratsak azaltzen dizkit. Ni entzuteko nago beti, jakin minez...

Urte bat zeraman serorak baselizan, eta gosaltzeko tenorean haurdun zela gaztigatu zion apaizari.

_ Jose Maria jauna, trabatua nago.

_ Ongi. Konpondu arazoa, emakumeak aise dakizue zer egin halakotan. Ez dut buruhauste gehiago nahi.

Dignitatean eta isilik” aitaren hitzak beti bere baitan, jantziz aldatu, apaizak oparitutako oinetako berriak jarri zituen eta joan zitzaion apaizari:

_Jose Maria jauna, irtetera noa, laster itzuliko naiz.

_Ongi da, lasai ibili. Bertzerik gabe bota zion apezak.

Reginaren etxera joan zen, denetako balio zuten belarrak bazituen, eta ziur bazekiela horrelakotan zer egin.
Hitz gutxiz azaldu zion arazoa:
Haurdun nago eta ez dut nahi umea eduki.
Regina andrea horrelakotan ikasia zen doike, ez zion garrantzirik eman eta. Elkar beha gelditu ziren, ze arrotza egiten zitzaien historia bat izanen balitz.
Belar zuku bat prestatu zion, eltze handi batean ura irakiten jartzen zuen bitartean. Oihal zorro zuri bat ireki, eta orratz luze batzuk eta emakumeak ezagutzen ez zituen tresnak zituen atera. Harizko maindire zuri batzuk zerrendetan ebaki zituen hesgailu gisa. Dena ordenan jarri zuen.

_Ordena beti da ona.

_Ordena eta dignitatea, Regina andrea.

_ Bai horrela da. Ordena eta dignitatea.

Mahai garbitu zuen, eta bertan jarri zituen xukadera batzuen gainean etzateko erran zion. Belar zukua edateko eman zion eta gerraontzitik behera biluzteko erran. Bularretakoa laxatzeko ere, komenigarria zelako. Emilia andreak zukua zurrupatu eta mahaian etzan zen, gero pixka zuzendu eta ilean kareizko bi orratzak askatu eta iskin batean utzi zituen; berriz etzan zen.
Regina andreak zuzenki begietara behatu eta lasaitzeko eskatu zion. “Dena ongi joanen da!”
Zapi handi bat ahoan sartu zionean bazekien oinazea zetorrela. Ezaguna zuen oinazea, bazituen amaren krisialdietan jasan zituen zimiko zantzuak. Gero haren bagina egin zen apezaren zakilaren erasoetara. Orain hilaurtzea, bertze esperientzi mingarri bat izanen zen.
Begiek etsi eta konortea galdu egin zuen.
Berera itzuli zenean, Regina andreak zioen:

_ Ezta erraza izan, baino uste dut ongi bukatu dela. Adi ibili zaitez ez dadin berriz gerta. Ezta komeni.

Sukalde odolez zikin, kiratsa zerion, errail kiratsa. Etxeetan odolkiak egitean usaintzen zen usain berbera.
Regina andreak fite-fite garbitu zuen aretoa, gertatutakoaren zantzurik utzi gabe. Belar zuku bat prestatu zion eta ohatzera eraman zuen Emilia.
Emakumeak, lagun bat bazuela pentsatzen lo gelditu zen.



Sekretu hauek, Emiliak kontatutakoak dira. Lasaitasunez, dignitatearekin, Baselizan serora, Jose Maria apezaren sexu esklaboa.

No hay comentarios: