Josetxo militantea zen.
Lehendabiziko semea, bi gaztetxo haren aita eta ama. Bi amatxi eta
aitatxi bi estatusa estreinatzen. Anitz bestatua izan zen iaio berria
eguberriak baitziren. Ospitalera arreba ttikia ezagutzera eraman zuen
aitak, bi urte eginak zituen mutikoak ordurako. Aitak automobila
erosi eta asteburutan beti parrandan xarmantki ibiltzen zen familia.
Zoriontsuak zirela uste zuten inguruan, itxura ona ematen baitzuten.
Zazpi urte zituen mutikoak aitak etxetik alde egin zuenean. Ama,
jostuna beti lanean; diruz doi-doi, finitu ziren fantasiak. Hasieran
asteburutan joaten ziren anai arrebak aitarekin, baina hark
automobila galdu zuenean ea ez zuten ikusten. Ongi ikasten zuen
ikastolan, eta kirola anitz maite zuen. Egokitzapen sozial aldetik
integratua. Erraz egiten zen giro gehienetara.
Ez zekien noiztik zen
militantea; zergatik ere. Horrela suertatu zelako nonbait. Herri
ttiki batean sortu eta bizi zen. Ikastolan hasi berria zen diktadorea
hil zenean. Kartel eta pintadaz betetako kaleetan jolastu zuen
lagunekin estreinako aldiz. Oraindik galtza motzetan, ez zen oroitzen
noiz jarri zuen estreinako kartela; ezta nork manatu zion paratzea
ere: edo? oroitzen zen, baliteke lehendabiziko aldi hartaz oroitzea,
baina handik aitzina galdu zuen kontua. Haren bizia goiz makurtu zen,
eta gibelat egiteko aukerarik gabeko bidean sartu. Taldearen
hasierako ekintza inozoak, hagitz goraipatuak izan zirelarik; udal
etxean pleno bat orroka lehertu, edo ikurrin erraldoi bat herriko
harresian jarri, balentria handia zen hamalau urteko mutiko
kozkorrentzako.
Josetxo ama eta arrebarekin
bizi zen. Institutuan fundamentu handirik ez zuen egin, eta amak
ofizio bat ikasteko lanbide heziketetara zuzendu zuen, eta mekanikari
ikasten hasi zen. Ama maite zuen, baina ezin zitzaion mintzo, ezin
zion bere bihotza ireki, eta bien artean harresi bat sortu zen.
Mutila berez irekia eta alaia, iheskor eta betizua bihurtu zen.
Aspaldi ikasi baitzuen bere ekintzen berri ez ematen. Bakarrik
eraman beharreko zama zen, beraz, pisu handiko zama hura. Beti
bakarrik, egunkaria besapean betiko tabernara, taberna ilun eta
zaratatsu hartan, betiko diskoak dezibel gorenean. Betiko lagunak
han, janzkera kolorebakarrekoak, denak berdin. Ele gutxiko taldea
zen berea, ea silababakarrekoa. Arbasoen herria askatzeko hautatuak
izan ziren; pribilegio handia, aitzindariak ziren. Koktel Molotov
usaina hordigarria zitzaien, zakar-ontzien suekin kitzikatzen
zirelarik.
Ipar Aldera joan zen
lehendabiziko aldi hartan, iraultza buruak ezagutu zituen eta haien
onespena hartu, pistola eman baitzioten. Hemezortzi urte bete berria
zen Josetxo, eta bizarraren egiteko komando buru egin zuten. Hiru
ziren talde kide, txosten bat eskuratu zieten automobil azpian
lehergailuak jartzen ikasteko, eta ekintzak burutzeko azpiegitura
zuten ezagutu. Automobilak ebatsi, matrikula faltsuak lortu, produktu
kimikoak...
Biziak baditu bere legeak,
eta ez gara beti gure buruaren jabe. Baina hori oraindik ez zekien
Josetxok neska berri bat ezagutu zuenean. Era bat aparta, orduraino
ezagutu zuen neskarik politena, atseginena, alaia eta berba onekoa.
Sagardotegi batean gertatu zen, bakailao tortilla eta idi txuleta
mahai berearen bueltan dastatu zuten. Maialen zuen izena: neskaren
lurrin freskoa, haren begien distira, haren ilearen urre
kolorea...ezezaguna, berria, egiten zitzaion; neskaren atentzio osoa
zeukan, eta horrek mutila handitu egin zuen: afal ostean pote batzuk
hartzera joan ziren, eta neskari telefono zenbakia eskatzea ausartu
zen. Ongi zekien horrelakorik ezin zuela egin. Buruz ikasi zenbakia
eta paretxoa autsi zuen. Taldearekiko traizio handia zen. Arau
zorrotz pean egin zen talde kide, eta sartzea erraza bazen, ez hala
ateratzea, eta hori arras ongi zekien Josetxok.
Biluzik ohatzean sartu eta
argia itzali zuen. Loak hartu ezinik, neskaren iduriak jarraitzen
zion. Estreinako aldiz zeraman bizimodua zalantzan jartzen hasi zen.
Militantziaren bakardadea, militantziaren bide ilun eta estuak argi
ikusten hasi zen. Eta, aspaldian ez bezala fantasiari eman zion
aukera; neskaren ezpainak musuka erdi lo gelditu zen.
Tailer batean lana lortu
zuen Josetxok. Automobilak konpontzen gustura aritzen zen, eta bere
burua ornitzeko haina irabazten zuen. Maiz hartzen zuen autobusa
ilunabarrean, eta Donostiako alde zaharrera hurbiltzen zen Neska
ikusteko irrikan. Batzuetan ikusten zuen lagunekin irrika,
txantxetan; durduzaz eta dardaraz, zirrara osoan hurbiltzen zitzaion
neskari. Neskak irribarretsu hartzen zuen, limur zoragarri hark,
olgetan, ziri sartzen, mutila txoratzen zuelarik. Josetxo zalantzak
jana zegoen. Bere buruarekiko konfiantza galtzen ari zen. Ahul eta
sentibera: nire gaitik dago? gustuko nau? Maialen! Maialen! Maialen!
mailu bat zen neskaren izena bere buruan. Estugarri, itolarrian
negarra zeriola biltzen zen ohatzera. Bizia bikoiztu balitzaio
sentitzen hasi zen. Bere lehen ekintza prest zegoen, lehergailua
egina, objektiboa zehaztua, eguna eta ordua adostea gelditzen zen.
Aukera izanen balu ez zukeen eginen. Baina, bazekien ezin zuela
gibelat egin. Azken ekintza izanen zela erabaki zuen. Erabakiak
ustu zuen. Indargabetu ahuldu; leize sakon baten barruan ikusten zuen
bere bizia, eta leize haren hondarrean, beltza, dena beltza...
Lagun baten aitaren xaian
prestatu zuen lehergailua. Etzekien nor zen biktima, ez zen bere
ardura. Talde kide biek objektiboa artatua zuten; gauero zelatari
motoan joaten baitziren. Eguna eta ordua adostuta, Josetxok
lehergailua motxilan sartu zuen, eta garajean konpontzen ari zen
bezero baten kotxean sartu. Arratsaldeko zortziak ziren. Goizeko ordu
bitan gelditua zen Easo aparkaleku parean. Kideak zain egonen ziren
eta elkarrekin joanen ziren ekintza burutzera.
Sei ordu, sei ordu luzeak,
sei ordu kiratsak gelditzen zitzaizkion. Eta Maialeni deitu zion. Ez
zekien nondik atera zuen adore, baina deitu zion, eta neska etxean
zegoen gainera. Ez zen erraza izan hura konbentzitzea, azkenik,
garagardo bat hartzeko haineko tartea hartuko zuela erran zion, eta
ordu erdi batean kai parean ostatu baten terrazan gelditu ziren.
Josetxok automobila hartu eta zuzenean aparkalekuan utzi zuen,
etxetik hogei kilometrora. Arin abiatu zen, lastaren gabe, loturaren
barik, maitasunaren bila. Zertaz mintzatu ziren? Ezerez, eta denez,
sedukzio joko leun eta zalantzati hartan. Premia sartu zitzaion
Maialeni, berandu ari zitzaiola egiten erran zion, biharamun goizean
azterketa bat zeukan, eta etxean errietan eginen ziotelako. Zihoazen
gazteak Kontxako hondartzatik Ondarreta aldera, itsas behera, arras
behera egun hartan, non oinez joan baitzitekeen Haizeen Orraziraino.
Alderdi Eder parean eskutik helduak elkar beha gelditu ziren
gazteak. Besarka gozo batean bildu ziren eta batean, neska laxatu
eta lasterka eskuarekin aio eginez galdu zuen hegian. Zein iheslari,
gibelat beha gelditu zen Josetxo, zeru mugarantz.
Lau ordu, lau ordu gelditzen
zitzaizkion. Lau ordu luze eta kiratsak; taberna bitan egon zen
denbora galtzen, denbora egiten. Kaleak ustu ziren, leihoak ilundu
ziren eta kotxeak gelditu. Bakar bakarrik aparkalekura hurbildu eta
kotxean sartu zen. Ordu bitan atera zen eta kideak moto batean zain
zeuzkan, solasik egin gabe jarraitu zien, eta zuzenean Ondarretako
Mikelete kalera heldu ziren. Audi bati azpiko aldean lehergailu lapa
bat atxiki zion Josetxok.
Nekatua, arras nekatua, bere
burukiko gorroto ohatzean sartu zen, irratia biztu zuen, bazekien ez
zuela lorik eginen, itzuli eta itzuli mandiria lepoan korapilaturik,
lomoker eta izerditan, goizeko zortzietan aditu zuen albistea
Ondarretako Mikelete
etorbidean duela hamar minutu lehergailu batek eztanda egin eta A.B.
Kazetaria eta bere alaba M.B hilik suertatu dira. Dirudienez,
lehergailuak kotxeari atxikia, motorra martxan jartzean eztanda egin
du...
No hay comentarios:
Publicar un comentario