sábado, 14 de febrero de 2015

KUTXA

KUTXA

Itsasoa bare, ipar haize leuna eta eguzkia goxo. Motorra biztu eta belaontziaren amarrak laxatu ondoren branka itsasorantz zuzendu zuen. Erramunek caña hartu zuen, eta Edurne bainu jantzia jarri eta ukenduz larru azala ornitu ondoren eguzkitan etzan zen. Barra gurutzatu eta gizonak haize-oihal nagusia igo zuen, motorra itzali eta leun-leun branka haizea mozten bazihoan ontzia. Uhin bat, uhin bi, uhin hiru beti berria, egundaino berdina... Udako egun eder bat zen eta lau bat orduko pasiera egin ondoren kaira itzuli ziren. Nasan ontzia estekatu eta gizonak garagardo bi upategitik atera zituen.
Zato Edurne, har dezagun trago bat” Bizkarretik hartu eta musukatu zuen emaztea.


Arratsalde apalean heldu ziren etxera. Etxea estreinatu berria zuten. Herritik gertu, belai eder bat sarreran eta basoa gibelean. Etxeko sarreran gelditu zuen Erramunek “Audi” azken modeloa, Edurne jaitsi eta zuzenean sartu zen etxean. Garajea etxearen saihetsean zegoen eta hara abiatu zen gizona. Giltza elektronikoa sakatu zuen, eta atea ireki zen, autoa sartu zuen, eta haren atea ireki, ezkerreko hanka atera eta lurrean jarri zuen, abioan gorputza bihurtu eta eskuineko hanka ate aldera jartzean parez-pare gizon baten tankera ikusi zuen.
Ze, bizi haiz...” Bekain ilun egin zion solas gizonak.
Joseba aspaldiko, hirekin oroitzen nauk, gaur bertan deitzekoa ninduan” Erramunek murmurikatu zuen urduri.
Ba, hemen nauk” Eskuak sakelan, atearen erdian planto, desafioz erantzun zion Josebak.
Erramunek irtenbideak haztatu zituen. Zorretan zegoen eta aspaldi gainera. Josebak kobratu nahi zuen, eta berak ez dirurik. Bazekien gizona ez zela txantxetan ari, eta nekez aterako zela bizirik.
Ator, hemen badiat zerbait, ea konpontzen dugun...” Garajean gibeleko aldean zegoen areto ttiki bat non baratza lantzeko tresnak altxatzen zituen; eta harat Joseba heldu zela, Erramunek iskin batean tente eskopeta irekia eta kargatua ikusi zuen, ez zuen segundorik galdu pentsatzen, eskopeta hartu “klak” itxi, eta bi tiro eman zizkion gizonari. Zerraldo erori zen Joseba lurrera muinak ageri eta odola bor-bor.

Erremelluri ardo botila bat hartu eta sartu zen etxean, Edurnek mahia prest zeukan afaltzeko, eta Erremelluri botila ikustean “ Zer bestatzen dugu?” Irribarretsu galde egin zion.
Pozik nagoela, bertzerik ez” Erantzun zion botila ireki, bi baso bete, eta bat emazteari ematen zion bitartean.
Fite-fite afaldu zuten, Edurnek "El Comisario Montalbano" larunbateroko telesaioa ez zuelako barkatzen. Ordu pare bat zeukan garajean lana bukatzeko, eta harat abiatu zen zalu. Zerraldoa odol putzu baten aurkitu zuen. Belarra metatzeko erabiltzen den plastiko zati handi batean bildu zuen gorpua, eta trapu zahar batzuekin odola xurgatzeko tiroak egindako zuloak bete. Zerraldoa soka batekin ongi lotu eta kotxeko maletategian sartzen hasi zen. Ez zen erraz laurogei kiloko zerraldo bat maneiatzea. Gorpua oraindik malgu, era bat gogortua gabea, burutik hasi eta gerriraino sartzea lortu zuen, gero hanketatik bulkatuz gorpua tolestu zuen. Maletegia itxi eta solairua garbitu zuen.
Gaua hartan Erramunek ez zuen lorik egin. Zuri-beltzeko film baten ordurainoko bere bizibidea ikusi zuen. Eskola bukatu orduko, egunez nekazari lanetan aita laguntzen, gabez kontrabandoan motora erosteko dirua lortzeko, ez zen alferra, inondik ere. Herriko auzapez juradorako aurkeztu zen eta hautatu zuten. Politikaren harrak kilikatzen zuen, eta hartara zuzendu zituen egin ahal guziak. Batez ere azken hamar urteak arrakastatsuak izan ziren. Politikan buru belarri sartu eta aparra bezala hazi zen bere boterea eta kontu korrontea. Hirigintza zinegotzia hautatu zuten eta udaleko karkabetan sartu zen. Bazen non nabigatu; landak urbanizatzeko tramiteek etekin onak ematen zizkioten, ez batitziren beti errazak, hainbatetan mugak interpretatu egin behar zirelako. Erramun hiztun ona zen eta, bazuen harako ahalmen bat inskribu nahasietatik etekina lortzeko. Bailara osoa eraikintzan buru belarri sartua zen. Azpiegiturak, errepideak, merkatu handiak... denak berritu behar ziren, eta lanak enpresei esleitzerakoan zinegotzia tratante ona zen.

Joseba mutilzahar zen eta berrogei urte Ameriketan artzain egina. Arbasoengandik landa, belai eta baso bat heredatu zituen; haietako belai handi bat bakarkako dozena bat etxe egiteko aproposa zen eta urbanizatzeko tramiteak hasi zituen. Hirigintza zinegotziak bere gain hartu zuen tramitazioa; betiko solas politekin konbentzitu zuen Joseba, baimena bideratzen zen bitartean, haren lur eremuan bere etxea egintea eta kontuak geroko uztea. Erramunek ez zuen baimenaren beharrik etxea egiteko; naiz eta eraikitzeko materialak balio erdian lortu, etxearen aurre kostua bikoiztu zitzaion; ez zen arduratzen, bankuek eskatu ahala diru ematen zioten, eta luxuzko etxea egin zuen. Maiatzean udal hauteskundeak izan ziren, eta alderdiak galdu egin zuen, eta lanik gabe gelditu zen. Gainera egun batetik bertzera dena pikutara joan zen: administrazioa dirurik gabe gelditu zen, itxi zituzten fabrikak, eraiki-gintza gelditu zen, jendea langabezian gelditu eta batek baino gehiagok bere etxea galdu zuen... eta Erramun zorrez lepo.
Bi egun ibili zen Erramun gorpua kotxen zuela, argi-hastean baso aldera joan eta erroitz ezkutu batean botatzea zuen asmoa, baina, aldi bitan atzera egi izan behar zuen, batean Orabidean basozainarekin topo egin zuelako, bertze batean, Belaten mendizale bik ikusi zutelako. Hiru garren egunean Edurnerekin erosketa batzuk egitera joan zen, eta usain jasanezina sumatzen zuela erran zion. Saguren bat hila izanen zela maletategian; zerraila autsi zela eta hurrengo goizean joanen zela tailerrera, erantzun zion emazteari. Erramuni astia akitzen ari zitzaion.

Gizonak ez zuen lorik egiten, era bat burua galtzen hasi zen. Emaztea lo sakon batean zegoela ziurtatu eta isilean ohatzetik jaiki zen; joan zen garajera, eta trastez betea zegoen kutxa zahar bat ustu zuen; kotxearen ondora eraman eta gorpua bertara iraultzen saiatu zen baina, inolaz ere, zerraldoa gogortu zen; hartu zuen zerrote bat eta hankak moztu zizkion, gero besoak, burua ere zerratzen hasi eta zerra autsi zitzaion; ala edo nola sartu zuen gorpua kutxan, eta itxi zuen. “Eta orain zer?” Galde egin zion bere buruari. Hobeki pentsatu, eta zerraldo puskak atera zituen kutxatik, sartu zuen kutxa maletategian, eta orduan bai bete zuen kutxa, itxi, eta garagardo bat edan zuen, kotxean sartu eta lo gelditu zen.

Goizean dutxa bat hartu, eta bazkaltzera ez zela etorriko emazteari erran, eta etxetik atera zen. Kotxea hartu eta zuzenean Hondarribiko kaira joan zen. Kutxa belaontzian eraman nahi zuen itsasora eta han bota. Sartu zen nasan, baina, kutxa ontzian sartzeko laguntza behar zuen. Gazte batzuk ikusi zituen egonean, denbora pasa, eta haiengana hurbildu zen. Mutilek laguntzeko gogo handirik ez zutela ikusi eta, eskupeko bat eskaini zien, orduan bai, kutxa hartu eta sartu zuten belaontzian. Esto pesa como dos muertos erran zuen mutil beltz-aran batek. Eta Erramuni ttua zintzurrean trabatu zitzaion.

Motorra martxan jarri eta ziztu bizian sartu zen itsasoan; egun hitsa zen eta kaio zuriak bertze bizidunik ez zen ageri, kosta zitzaion baina, azkenik irauli zuen kutxa kareletik. Hatsanka, izerditan eseri zen, caña hartu eta itzultzera zihoala ea bihotza gelditu zitzaion. Kutxa ez zen hondoratzen, ur gainean gelditzen zen, eta ontziaren eraginez jarraitu egiten zion. Eskuragarri zituen traste guziekin bulkatzen hasi zen, alferrik, ez zen hondoratzen. Pisua erantsi behar zion, eta kareletik erdi eskegi, uretara erortzeko arriskuan denetatik lotzen hasi zitzaion. Azkenik motorra itzali eta motorra bera askatu eta kutxari lotu zion. Orduan bai, hondoratu zen. Haize oihalak igo zituen eta branka kai aldera zuzendu, abiadura ttikiko haizea zebilen eta itsasoaren indarrak gibetat egiten zion. Iluntzen hasia zen eta laguntza beharrean zegoen. Su ziriak zituen zerurantz igorri, eta kostazainak harengana joan ziren.



Bi hilabete geroago: hiru egun euria leher, urak handitu eta Bidasoa ubidetik zen atera; itsasoak, ikaragarri aserre, ibaiaren isuriak ez zituen irensten; itsas gorarekin batera uholdeak Txingudi ertzeko bazterrak zituen astindu. Hondarribia eta Hendaiako hondartzak hondakinez bete ziren, eta haien denen artean Erramunen kutxa.

1 comentario:

Anónimo dijo...

Gabon Lolita.
Oraintxe bertan irakurri dut "Kutxa" Asko gustatu ait. Faltazaikit irakurtzeko zure azkeneko zazpi edo zortzi kontuak.

Biartik asiko naiz.
Gaur Zure etxeko atarian egondu naiz Arraiotzen. Ez ziñan. Polita zegon bailara guztia.
Bazkaldudeko Donamariko bentan.
Beno Lolita. Muxu bat eta laister arte.
Joxepa.