Hamar ziren emakumeak,
biziaren azken txanpan, eta hamarrak bakarrik. Elena zen anfitrioia;
mimo anitz prestatu zuen afari-merienda. Hantxe gan zen goizeko ordu
ttiketan bere ahizparekin menditik itzuli bat egitera, eta ontto,
xixa-hori eta gibel urdin zakutxo bat hartu. Gero, oilasko batzuk
labean erretzen jarri zituen. Lagunak esku-bete iritsi ziren,
antzara-gibela, gasna, txokolatina... Mahia ongi hornitua zegoen,
eta haren bueltan eseri ziren hamarrak alai eta gogotsu.
Donostiako jazzaldia zen
aitzakia, okasio ederra benetan; urteroko bilera zen. Pare bat ziren
Argentinatik etorriak, bat Madrildarra, bertzeak bertakoak edo
ingurukoak.
“Gure zorionari topa
diezagun!” Gora egin zuten batera edalontzia, ezpainak sagardoz
busti eta otoruntza esets. Umore onean, bat bertzeari hitza kenduz,
ohizko kontutan; gurasoen osasuna, edo galdutakoen oroitza. Seme
alaben ikasketa, arrakasta edo porrotak; iloben polita. Langabezia,
etxe-gabetzea, dibortzioa eta erretreta saria... horiek denak eta
gehiago airean atera ziren.
“Amodio aferetan hasi
beharko dugu ezta?” Bota zuen norbaitek. Amodioa aipatzea aski izan
zen mahi kideek irribarretsu txokolateari ekiteko. Postrearekin
batera izaten baitira amodio kontuak. Amoros izateak goxatu,
erlaxatu egiten gaituelako. Hain zuhurki eta maiteki zaindu izan
diren amodioak, desengainu, kamusada eta zoritxar anitz ekar
dezaketen arren, bertze amodio batekin hasteko beti prest legoke
amorantea. Badira irudizkoak, birtualak, aspaldikoak, ezinezkoak,
suntsitzaileak, zorionezkoak... denak dira amodioak. Amorante haina
amodio baitira. Denak berriak, egundaino berdinak, beti pozgarriak,
nahiz eta berantak izan.

No hay comentarios:
Publicar un comentario