domingo, 21 de diciembre de 2014

LINIERS

LINIERS
Militar frantsesa zen Santiago de Liniers y Bremond (Niort, Frantzia, 1753ko uztailak 25 - Rio de la Plata, Argentina, 1810ko abuztuak 26), Maltako Ordenako zaldun gurutzeduna, San Joan Ordenako zalduna, Montesa Ordenako zalduna, Errege Armadako ontzi-kapitaina. Bertzeak bertze, Espainiako koroaren ondasun-administratzaile eta errege-orde izan zen halaber Rio de la Platan.
Jaka urdin-gorrian urrez azpilduriko papar-hegaletan nekez kabitzen ziren Santiagoren domina guziak, gustu handiz ageri nahiko zituenak. Bere gudarien buru desfilatu zuen egun hartan Buenos Airesko kaleetan, jendearen “Liniers!, Liniers!, Liniers!” oihuek erdi zorabiaturik zeukatela. Kalea hartu zuten hiriko biztanleek. Esklaboak aratzeak erretzen ari ziren bitartean, upategiak hustu zituzten tabernariek. Nagusi, zerbitzari, esklabo, etxekoandre, neskatxa, inude eta besoetako haurrak… besta giroan eta algara hordigarrian bilduak ziren guziak, banden himno militarren soinupean, “Allons enfants de la patrie, le jour de gloire est arrivé…”, Erretirotik Maiatzeko Plaza aldera baitzihoazen soldaduak. Merced kalean ziren ordurako eta, Corrientes kalearekiko bidegurutzean, zapi batek moztu zion bidea kapitainari. Ezpataren punttarekin hartu zuen Santiagok oparia, eta burua gora egitean, ileordeko irineztatua hegaldaka hasi eta, besoa disimulu handienaz luzatuz, bere tokira kapelua eramaten zuen bitartean, zeremoniatsu agurtu zuen painelua bere etxeko leihotik bota zion emakumea. Hogeita hamar urteko emakume ederra zen. Ana Perichon zeritzan eta frantsesa zen, bera bezala.
Santiago de Liniers bi aldiz alargundua zen eta bigarren emazte izana zen Martina Sarratearen aitaren etxean bizi ziren haren hamaika seme-alabak. Barraganen zegoen 1806ko ekainaren 25an, ingelesak Buenos Aires aldera heldu zirela ikusi, eta Sobremonte errege-ordeari gaztigatu zionean. Rio de la Platako altxorra hartu, eta etxekoak berekin harturik egin zuen ihes azken honek Cordobara.
Erresistentziarik topatu gabe hartu zuen hiria Bersford almirante ingelesak.
Martin Sarratea euskalduna zen hemeretzi urterekin hara abiatua, baina, dirua zen Martin Sarratearen aberria. Familia handi baten buru zen, bederatzi ume zituen etxean bereak, eta beste hamaika alaba Martina zenarenak. Esklabo-tratantea, kontrabandista, Filipinetako Errege Konpainiako akzioduna zen, besteak beste. Etxalde ederrenetakoa zen harena hirian, eta bertan egin zion Bersford almirante begi-okerrari ongietorria. Egundainokoa izan zen prestatu zion afaria. Hiriko familia nagusiak gonbidatu zituen, eta frantsesen moduko soinekoak luzitu zituzten bertako emakumeek, bai eta beren dominak eta uniformeak gizonek ere… “God Save the King” jo zuen pianoan Melchora Sarrateak. Gero, argitzen hasi zuenean, etxera itzultzeko tenorea zela adieraziz, txokolatea eskaini zieten gonbidatuei, ohitura zen bezala.
Bitartean, Liniersi deitu zioten Buenos Airesko alkate Martin de Alzagak eta Uruguaiko gobernadoreak, ingelesak Rio de la Platatik bota ahal izateko plangintza presta zezan. Ibaiaren alde bietan bildu zituzten boluntarioak eta, ingelesek Buenos Airesen sartzen ikus ez zitzaten, lurralde hartan sudestada deritzan ekaitz molde ezagun baten zain egon ziren gudariak. Krioloek ere beren lana egin zuten hirian, ofizial ingelesak bestaz besta erabiliz, eta 1806ko abuztuaren 12an, Liniers bere gudariekin sartu zenean, mozkorturik zeuden ofizial ingeles gehienak.
Egun hartan sinatu zuen Bersford almiranteak errendizioa, eta Liniersi eman zion bere ezpata, Martin Sarratearen etxean. Orduko hartan ez zen garaipena afari batez ospatzeko.

  “A don Santiago de Liniers jefe de la Gloriosa Reconquista y heroica defensa de Buenos Aires. 12 de agosto de 1.806- 5 de julio de 1.807”. Martin Sarratearen etxea monumentu historikoa da. Eta fatxadan oroigarri hau dauka: Venezuela kalean kokatzen da. 

No hay comentarios: