jueves, 22 de mayo de 2014

MAISTRA


Gaizki pasatzen zuen maistrak eskolan. Gaztetxoa izaten zen, erdalduna eta hiritarra: Sei hilabeterako etortzen zen, baserri baten eskola eman, eta bertan bizitzera. Nafarroako aldundiak, bidaltzen zuen, hamar bat baserriko haurrei, idazten eta irakurtzen; gehiketak, kenketak, eta zatiketak; Espainiako mugak, ibaiak eta mendiak irakastera. Hogeita bortz bat haur ginen, eta denak batera ikasten genuen; neska mutilak, eta hiru urtetik hamalau bitartekoak. Arras bihurriak eta basak ginen, maistra gaxoa, batzuetan negarrez gaten zen baserriko sukaldera atseden bat hartzera. Eskola-gelako ateak, etxeko korridorera ematen zuen, eta parez pare sukaldeko atea zegoen. Bazuen gortinatxo bat ateak, eta hantxe egoten ginen txandaka zelatari, maistra bazetorrela ikustean abisatzeko. Orduan denak bere tokian eseri, eta zintzoarena egiteko. Maistrak hauts laino batean aurkitzen zuen gela. Eta bertako leihotik ortzadar hits baten modura sartzen zen argien marrek salatzen gintuen. Maistrak nekez asmatzen zuen gurekin. Zigor xelebre bat jartzen zigun; ari bidez, ehun aldiz biharamuneko perpaus bat idaztea, baina ez zigun papera ematen, eta gure etxeetan paperik ez. Baina, azkarrak eta zorrotzak ginen, porlan zakuak paperezkoak ziren, eta haien pusketetan idazten genituen gure zigorrak.
Apeza etortzen zen noizbehinka dotrina ematera. Errezoak buruz ikastea behartzen gintuen, eta lezioa hartu. Mutikoei uhalarekin ipurdia astintzen zien, eta neskatikoei matelezurrekoak, agindutakoak ez ikasiz gero.
Goiz erdi aldera maistrak errekreoa ematen zigun. Mendira gaten ginen lasterka. Hurbilean, bazegoen gaztainondo erraldoi bat erdi idortua, eta barna hutsa zeukan. Egun batean handienak barnean sartu ginen, eta isil isilik hantxe gelditu. Maistra ikaragarri larritu zen, eta ero bat bezala gure bila ibili zen. Azkenik, baserriko nagusiari eskatu zion laguntza. Osaba Joxe erraten genion, gehienen osaba baitzen, ea auzotar guziak jendakiak ginelako. Osabari bekainak belzten zitzaizkionean, bagenekien kontuz ibili behar genuela. Berehala harrapatu gintuen, eta zintzo-zintzo sartu ginen eskolan. Hantxe egon ginen zigortuak, bazkaldu gabe egun osoa. Etxekoandrea, izeba Patrixi emakume goxoa zen eta arratsaldean etorri zitzaigun ogitarteko batzuekin.
Oroitzen dut urte batean maistra euskaldun bat etorri zela. Euskaraz abesti bat irakatsi zigun: Aldapeko sagarraren adarraren, puntan puntaren puntan...
Egun zoriontsuak eta aberatsak haiek.

1 comentario:

Anónimo dijo...

Gauza oberena maistrarentzat izango zan, saiatu "integratzera" bainan.........................ze zaila.
Joxepa (P.)