PRIMABERAKO LILIAK
Belate mendateko
magalean, noizbait, aspaldi zaharrean oihanari parajea ebatsi eta
burdinola bat eraiki zuen norbaitek. Ola langileek inguruan egokituz
joan ziren, larreak garbitu zituzten, behiak, ardiak eta ahuntzak
bazkatzeko, eta artottikia, banabarrak eta barazkiak ereiteko lurra
goldatu. Sagarrondo, intxaurrondo, gaztainondo basak txertatu
zituzten, eta gero harriz goratutako baserrien inguruan landatu.
Arri-burdin mendixka inguruan bazkatzen ziren gure ardiak. Harat
joaten nintzen nire aitarekin gasna egiteko jetzi behar ziren ardiak
bila. Gogotik ibiltzen nintzen aitarekin, landare izenak ikasten,
txorien kantak bereizten, haizearen norabidea eta zeruaren itxura
behatzen. Bortz urterekin ezagutzen nituen etxeko ardiak artzainen
modura, goizero ohatzetik jaitsi eta zuzenean ukuilura joaten nintzen
gabez sortutako bildotsak ikustera. Amari ez zitzaion deus gustatzen
nire zaletasun hori, ez zituen alabak nekazari nahi. Nolanahi ere
bizimodu basa hartan hamabi urte egin nituen, eta nire urterik
zoriontsuenak doike.
Udaberri hezean egunak
luze, zuhaitzak hosto berritan,
elorria eta intsusa
loretan.
Belai eta baratz
bazterrak liliz beteak.
Bazkotan soineko berria
estreinatu,
anai ttikia sortu,
Sanjoanetan sagar gorriak
jan.
Uztailean uzta;
belar idorra metatu,
arto galdurrua bildu,
lizarrak kimatu...
Gaztaina bildu urrian,
helduek morkotsa, haurrak minauria.
Urra, intxaurra eta
eztia.
Beterraba eta arbia...
Argi-astean zerria
kurrinka,
goizean, auzoko gizonak
sukaldean gosaltzen.
Emakumeak mondongoan,
haurrak etxez-etxe txerri-puskak ematen.
Aste beteko besta etxean.
Eguberritan elurra,
sukaldean beti sua, ukuiluan aziendak, arditegian ardiak, oilategian
oiloak, zerritegian zerrikumeak eta bargoak.
Behorrak larraineko
aterpean...
Txantxangorria atarian
ogi apurrak mokoka.
Anai ttikia lau hanketan.
Urteberritan “Urte
berri, berri” etxez-etxe urtetxa eskean.
Inauteritan mozorro,
garizuman bijilia,
bakailao eta sardina.
1 comentario:
Lola:
!Ze begirada ederra zure aurtzaroana eta ze ederki idatzita oparitu diguzu!
Esker mila eta besarkada haundi bat.
Joxepa (P)
Publicar un comentario