viernes, 23 de mayo de 2014

EZ BEHA GIBELAT

Gauzak gertatu ziren lekuari, etxea deitzen zioten.
Baita gerta ez beharra, gertatu zen tokiari ere.
Goizeko ihintzekin abiatu ziren.
Gibelat behatu gabe, gatzezko estatu bihur ez zitezen.
Itxaropena eta minaren arteko muga hartan;
gurutzatu zuten Artanzuteko zubia; sei ume, gaztena besoetan, altzariak gurdian, txakurra jarraian, aldapa gora egin zuten, errepideko bidean.

Gibelat utzi zuten bizimodu bat.
Sukaldeko beroa, gaztaina erreen eta taloen usaina gozoa.
Mendian erruten zuen oiloaren arrautzen zaporea.
Bazkotako gaztanberaren gurina, bildotsaren xamurra.
Lixibaren garbi usaina, putzuan, igelaren korroka.
Belarra metatu ondoko merienda.
Eskuz harrapatutako arrainen gutizia.
Sabaileihoko ontzaren begirada beilegia. Oilarraren argi-hasteko kukurrukua.
Igandetan mezara gateari utzi zioten. Ez zela konfesatzeko bekaturik ikasi zutelako.
Horiek denak eta gehiago, utzi zituzten gibelat, egun batetik bertzera folklore bihurtuko zirelarik.

1956Ko udaberri hartan, Mikaela eta Xalbador, naiz eta jakinen gainean ez egon, antzina moztu eta modernitatean sartuko ziren. Bidasoa bazterrean egokitu eta, umeak eskolara bidaliko zituzten, eta gaztena unibertsitatera ere; eta hantxe galdu zuen neskatxak euskara.

Gurdia eta abrearen ordez autoa,
goldea eta lera beharrean traktorea.
Presiozko eltzea, butanoz ornitutako labea.
Iturriko ur beroa.
Egon-gelan besaulki bi; parez pare telebista.
Mendeko tenperaturik hotzenak ikaratu zuen Europa.
Kuban Fidel Castro lehorreratu zen 82 iraultzaileekin.
Pio Baroja eta Bertol Brecht zendu ziren.

No hay comentarios: