LINIERS
ETA PERITXONA
Militar
frantsesa zen Santiago de Liniers y Bremond (Niort, Frantzia, 1753ko
uztailak 25 - Rio de la Plata, Argentina, 1810ko abuztuak 26),
Maltako Ordenako zaldun gurutzeduna, San Juan Ordenako zalduna,
Montesa Ordenako zalduna, Errege Armadako ontzi-kapitaina. Bertzeak
bertze, Espainiako Koroaren ondasun-administratzaile eta errege-orde
izan zen halaber Rio de la Platan.
Jaka
urdin-gorrian urrez azpilduriko papar-hegaletan nekez kabitzen ziren
Santiagoren domina guziak, gustu handiz ageri nahiko zituenak. Bere
gudarien buru desfilatu zuen egun hartan Buenos Airesko kaleetan,
jendearen “Liniers!, Liniers!, Liniers!” oihuek erdi zorabiaturik
zeukatela. Kalea hartu zuten hiriko biztanleek. Esklaboak aratzeak
erretzen ari ziren bitartean, upategiak hustu zituzten tabernariek.
Nagusi, zerbitzari, esklabo, etxekoandre, neskatxa, inude eta
besoetako haurrak… besta giroan eta algara hordigarrian bilduak
ziren guziak, banden himno militarren soinuan, “Allons enfants de
la patrie, le jour de gloire est arrivé…”, Erretirotik Maiatzeko
Plaza aldera baitzihoazen soldaduak. Merced kalean ziren ordurako
eta, Corrientes kalearekiko bidegurutzean, painelu batek moztu zion
bidea kapitainari. Ezpataren punttarekin hartu zuen Santiagok oparia,
eta burua gora egitean, ileordeko irineztatua hegaldaka hasi eta,
besoa disimulu handienaz luzatuz, bere tokira kapelua eramaten zuen
bitartean, zeremoniatsu agurtu zuen painelua bere etxeko leihotik
bota zion emakumea. Hogeita hamar urteko emakume ederra zen. Ana
Perichon zeritzan eta frantsesa zen, bera bezala.
Santiago
de Liniers bi aldiz alargundua zen eta bigarren emazte izana Martina
Sarratearen aitaren etxean bizi ziren haren zortzi seme-alabak.
Santiago Barraganen zegoen 1806ko ekainaren 25an, ingelesak Buenos
Aires aldera heldu zirela ikusi eta Sobremonte errege-ordeari
gaztigua egin zionean. Rio de la Platako altxorra eta etxekoak
berekin harturik egin zuen ihes azken honek Cordobara.
Erresistentziarik
gabe hartu zuen hiria Bersford almirante ingelesak.
Martin
Sarratea 1731an Onatin sortu zen, bere aita Juan Migel, Baztanen Zigako
Iriberriberea baserriko semea. 1750an Martin Altolagirreren morroi
zela Cadizen hartu zuten bi gizonek Buenos Airesrako ontzia. Handik
hamar urtera, Tomasa Altolagirre ugazabaren alabarekin ezkondu, eta
garaian Platoko gizonik aberatsenetakoa zen Martin. Dirua zen
Martin Sarratearen aberria. Familia handi baten buru zen, bederatzi
ume zituen etxean bereak eta bertze zortzi alaba Martina zenarenak.
Esklabo-tratantea, kontrabandista, Filipinetako Errege Konpainiako
akzioduna, besteak beste. Etxalde ederrenetakoa zen harena hirian,
eta bertan egin zion Bersford almirante begi-okerrari ongietorria.
Egundainokoa izan zen prestatu zion afaria. Hiriko familia nagusiak
gonbidatu zituen, eta frantsesen moduko soinekoak luzitu zituzten
bertako emakumeek, bai eta beren dominak eta uniformeak gizonek ere…
“God Save the King” jo zuen pianoan Melchora Martinen alaba
intelektualak. Gero, argitzen hasi zenean, etxera itzultzeko tenorea
zela adierazteko, txokolatea eskaini zieten gonbidatuei, ohitura zen
bezala.
Bitartean,
Liniersi deitu zioten Buenos Airesko alkate Martin de Alzagak eta
Uruguaiko gobernadoreak, ingelesak Rio de la Platatik bota ahal
izateko plangintza presta zezan. Ibaiaren alde bitan bildu zituen
boluntarioak eta, hirian sartzen ingelesek ikus ez zitzaten,
lurralde hartan sudestada
deritzan ekaitz molde ezagun baten zain egon ziren gudariak. Krioloek
ere beren lana egin zuten hirian, ofizial ingelesak bestaz besta
erabiliz, eta 1806ko abuztuaren 12an, Liniers bere gudariekin Buenos
Airesen sartu zenean, mozkorturik zeuden ofizial ingeles gehienak.
Egun
hartan eta Martinen etxean sinatu zuen almirante ingelesak
errendizioa. Bi egun geroago herriak Liniers nahi zuen erregeorde,
eta Sobremonte kargugabetu ondoren Santiago Liniers izendatu zuten
Ana Perchon 1775an Reunion irlan sortu zen
eta 1792an Thomas O”Gormanekin ezkondu.
Gertakari nagusia izan zen Buenos Airesko
kaira “Maria Eugenia” fragata iritzi zen egun hura. Itsasontzian
familia xelebre bat heldu zen. Bikote bat hiru seme eta alaba
batekin, hemeretzi jopu larru beltz animaliako zama bizkar gainean
eta hiru kutxa erraldoi. Elegante jantziak desfileak herria
gurutzatu zuen biztanleen harridura sortuz. Ana senidetan
zaharrena, edertasun handiko neska ezkon berria zen, baina senarra ez
zetorren berarekin, gizona, Afrikan zeuzkan negozioak zuzentzen
gelditua zen. Aferak maiz eramaten zuten Thomas Platara, batez
ere ontziak esklaboz lepo hartara iristen zirenean. Eta senarraren
bisitek Anari bi mutiko eman zizkien.
Ana ongi egokitu zen Platan, etxalde eder
baten jabe, esklaboz lagundua, haren saloietan egiten zituzten
hiriko merkatariek eta kontrabandistek tratu eta negozio. Herritarrek
laster paratu zioten izengoitia; horrela “Perichona” erraten
zioten. Liniers erregeordea Perichonarekin erotu zen; berandu sartu
eta goiz ateratzen hasi zen haren etxetik. Laster herriko zumardian
besotik helduta pasioan ibiltzen hasi ziren. Egun batean maitalearen
etxeko eskaileretan Santiagori gizon batek entzun nahi ez zuena
erran zion eta joka hasi ziren, bigarren aldiz ileordekoa hegan joan
zitzaion, eta jendeak istiak atera zizkion. Santiagok ez zuen gibelat
egiteko asmorik, are gutxiago; emakumea babestu nahian haren etxearen
atarian aga bat Frantziako ikurrarekin paratzeko agindua eman zuen
,eta emakumearekin lo egiten hasi zen. Garaiko gizarte puritanoak
ez zituen horrelakoak ongi hartzen, Santiago fama galtzen hasi zen,
eta goititu zuten bezala beheititu zuten. Buenos Airesko Kontearen
domina eskatu izana Espainako koruari, edo Afrikatik 1000 esklabo
garraiatzeko baimena lortu izanak, ez zuen gizona anitz laguntzen,
baina Maria Carmen Liniers Sarratea hamasei urteko bere alaba Juan
Bautista Perichon hogeita zortziko Anaren anaiarekin, Katedralean
besta ikaragarrian ezkondu zirenean Espainiako erregeen baimenik
gabe. Jendea arras aserretu zen.
Fernando zazpigarrena Baionan atxilotua,
Napoleon Espainia okupatzen, erresistentziak Bailengo gatazka irabazi
eta Gobernu Junta bat osatu zuen. Liniers frantsesa zenez kargu
gabetu eta ordez Baltasar Hidalgo Cisneros erregeorde igorri zuten
Platara. 1809ko uztailan. Santiago Liniersen egunak eginak ziren,
Espainira itzultzeko aferak prestatzen ari zela independentzia
iraultzak arrapatu zuen: Liniersek Espainiako koruaren alde apustu
egin zuen, eta aldi hartan galdu. 1810ko abuztuaren 6an Papagayo
mendian eta Cabeza De Tigre tokian fusilatu zuten. Sarratea familiak
Errege Aramadako Ontzi Kapitaina bere gisa utzi zuen; independentzia
aireak sumatzen baitziren, iraultza bultzatzaile aktiboa Manuel
Sarratea haren koinatua izaki.
Ana Perichon erbesteratu zuten Rio De
Janeiron, baina, Carlota Joaquina Infantak ez zituen ongi hartzen Ana
Perichonaren adiskide ingelesak eta gibelat igorri zuen emakumea.
Buenos Airesen ez zioten sartzeko baimenik ematen eta bi nazio arteko
uretan hilabete batzuk egon ondoren Cornelio Saavedra Lehendakariak
baimendu zuen, Buenos Aires hiritik at bizitzeko baldintzapean.
Suipacha y Juncal izeneko herrian etxalde eder batean eman zituen
bere azken urteak. 1847An hirurogeita hamabi urte zituela hil zen.
1 comentario:
Zenbat ixtori bitxiak daude gure ixtorian. !Arrigarria!
Joxepa Setiénwom
Publicar un comentario