martes, 15 de abril de 2014

1944


1944 Claus von Stauffenberg konteak, Hiltler kasatzeko asmoz lehergailu bat jarri zuen diktadorea eseri behar zuen ondoko mahiaren azpian. Eztandak lau lagun hil zituen, baina diktadorea onik atera eta handik ordu batera Musolinirekin bildu zen. Gudari aliatuek lehorreratu ziren Normandian. Paris liberatua izan zen. Espainiako gobernuek bi dosi penizilina erosi zituen. Pezeta berritu zuten, Francoren pezeta izenarekin ezagutuko zena. Bienvenida anaiek, Dominguinek eta Manoletek zezen plazak betetzen zituzten. Carmen Laforetek “Nada” eleberriarekin Nadal saria irabazi zuen. Argentinako San Juan hirian lurrikara baten eraginez hamar mila hildako suertatu ziren. Kaltetuen aldeko dirua biltzeko “Luna Park” klubean egin zen bestan Domingo Peronek Evita ezagutu zuen. Atletikek Generalisimoaren kopa irabazi zuen. Matissek bere emakume biluzi baten irudi famatua marraztu zuen…
Ezkurdiko Mikaela goiz jaiki zen, ez zen ongi lo egina, haurdunaldiaren zortzigarren hilabetean sartu zen eta pisu eta nekatua zegoen. Eguraldiak ere ez zion laguntzen, haize-hegoak giroa egiten zuen sargori. Astelehenetan egiten zuen aste osorako ogia, eta horixe eginen zuen. Labea biztu zuen, ordu pare bat behar zuen labeak ongi berotzeko. Gero, lasai, bezperan oratutako orea zatitu zuen, mahaian oihal baten gainean paratu zituen zatiak. Martina hemezortzi urteko neskatxa ezkontzeko zegoen eta diru pixka bat irabazteko etxekoandreari laguntzeko bizpahiru hilabeterako Ezkurdira etorri zen. Xalbador etxeko nagusia argi-astean uso ehizara joana zen. Manuel morroia bargoak ezkurretan bazkatzen ari zen mendian.
─Martina, goizeko zortziak ditun, mugi hadi, maindireak atxiki zaizkin ala? hator gosaltzera, lan handia dinagu eta. ─ Esnatu zuen etxekoandreak neska.
Neska alai eta bizia zen Martina, hamar senidetan zaharrena, gazte hasi zen lanean, han, hemen… batzuetan otordu truk ia, ez zegoelako inon lanik. Baina zoriontsua zen, maitemindua zegoen, nobioa soldadu zegoen, haren kutuna bular gainean zeraman, mila aldiz leitu eta musukatua, zimur-zimur egina… mutila lizentziatzen zen bezain aise ezkonduko zen
Labea goritu zen, txingar eta kanborrak akitu zirenean errautsak lekutu eta ore zatiak sartu zituen Mikaelak. Labeko atetik hurbil Lau opil jarri zituen gizonak itzultzen zirenean elkarrekin afari-merienda egiteko.
─Ze urrin ona! Anitz gustatzen zait sukaldeak hartzen duen giroa ogia egiten dugunean. ─Erran zuen neskak.
─Bai, horrela dun, baina ez hadi sutondoan zozotu, beha ezan ia ze arrautza dauden oilategian, eta gero bazka itzan oiloak. Nekatua nagon eta deskantsua behar dinat.
Neska zalu joan zen agindutakoak egitera. Mikaelak oihal batzuk erosi zizkion eta siesta denbora profitatzen zuen arreoa prestatzeko.
Arratsaldean eguraldia makurtzen hasi zen. Derrepentean zerua beztu zen, oinazturak eta ortotsak ia batera, bazirudien ortzia lehertu nahi zutela. Xalbador gerria usoz betea eta urez blai ailegatu zen, arropaz aldatu eta leiho eta ateak trangaz hertsi ondoren su ondora bildu zen. Handik gutira Manuel ikara hutsean, hatsanka etorri zen aziendak gobernatu eta gero.
Lauek ogi beroarekin afaldu zuten eta garaiz joan ziren ohatzera.
Goizeko hirurak aldera behien orroak iratzarri zuten Manuel. Nagusia abisatu eta aziendak laxatu ziten. Etxea sutan zegoen, Xalbadorrek, etxeko paperak zeuzkan mesanotxea eta eskopeta kanpora bota eta leihotik emaztea atera zuen. Mikaela nerbioak jota Martina ikusi zuenean pixka bat lasaitu bazen ere, kale gorrian erdi biluzik bere burua ikusita negarrez eta garrasika kontsola ezina zegoen. Bailara argi horitu zuen Ezkurdi baserriaren suak, txinpartak, eztandak, asotsak, garrasiak, oihuak bazirudien infernuko ateak ireki zituela. Ikaragarrizko haizeak zuhaitzak erroetatik atera eta bideak moztu zituen. Bailarako jendea lasterka hurbildu zen, zuhaitz gainezka ote eta elorri gainetik saltoka, estrata eta bidexka guztietatik… Baina ezin zen deus egin baserria zurezko eta zaharra denbora laburrean suntsituko zen.
─Martina non da?─Non da Martina?─ Jendea hasi zen neskaren bila.
Martina hasieran kanpoan ikusi bazuten ere, ke ikaragarria zegoen eta neska ez zuten inon topatzen. Jende anitz etorri zen laguntzera eta denak batera hasi ziren neskaren bila. Agian izutu eta mendian galdu izanen zelako ustean miatu zituzten inguruko oihan, mendi eta larreak. Deiadarra joka, Martina! Martina! Martina! Oihuka. Baina Martina ez zen agertzen. Mikaela larriki gaixotu zen eta auzoko emakumeek eraman zuten Iturriako baserrira. Auzo kideek hamabi ordu Martina bila ibili ondoren, etxe bazterra behatzen hasi ziren, sua itzaltzen ari zen eta etxearen ate ondoan aurkitu zuten neska kiskalia. Besoak bular gainean gurutzatuak zeuzkan, ezkontzeko prestatzen ari zen arreotxoa eta mutil lagunaren argazkia besarkatuz.
Xalbador eta Mikaelak Europan gertatzen ari zenaz guti zekiten, guda osteko ilun hartan bizitzeak ere bere lana zeukalako. Etxe erreari ke usaina zerion alaba sortu zen egunean, ohatze arrotzean erditu zen Mikaela, estraineko alabari jantzi zion lehendabiziko atorra emana izan zelarik. Berritik hasi ziren, etxea auzokideen laguntzarekin berreraiki, eta aitzina egin zuten. Europa osoak egin zuen bezala. Hirurogeita hamar urte joan dira eta ─ nor oroitzen da? Lehen pobreak, gero denak aberatsak, orain anitz berriz pobre. Agian berritik hasi beharko dugu.

2 comentarios:

Anónimo dijo...

Ixtoria trixtea. !Martina gaxua!
Bai orduan (1.944 an) ni hamar urte exkaxak nituen. Frantzitik etorri berria........... !Nola gogorazten dituk orduko oroimen gogorrak.......!

Joxepa. (P)

janneke h zb dijo...

Ha lolita what a great blog, with your works on. I will see you friday.