domingo, 24 de noviembre de 2013

DONUTS


-Nire polita, donuts bat ekarri dizut gaua alaitzeko, aspaldian ez dugu orgasmorik gozatzen eta- Erran zion gizonak egun hartan.
Andoni zela munduko gizonik eleganteena pentsatu zuen Luziak, eta donutsa, arras ona.
Kartoi azpian, botila ardoa altzoan eta zakurra hanketan, iskina egiten zuen etxearen erlaitzaren babesean, eta parkeko zuhaitzen aitzinean egiten zuen lo.
Lana finitu, laguntzak akitu, etxea galdu, eta haiekin batera jendakiak, lagunak, eta bere buruarekiko estimua. Baziren bi urte kale gorrian bizi zela. Hasieran kotxean gordetzen zituen bere zerak. eta hantxe biltzen zen gauero bere maitalearekin. Garai hartan maitemindu baitzen Andonirekin. Andoni gizon jatorra zen, ez zen behin ere esku hutsik joaten bere maitearengana, zakar ontziak behatzen zituen emakumearentzako opariren baten bila. Bazekien leitzea maite zuela eta astero “Hola” lortzen saiatzen zen, azala guritzeko krema eta  parkeko loretxoak ile apaingarri
Behin batean aferak ebatsi zizkioten, bertze batean kotxearen zirrikak hustu, ispilutxoak kendu... azkenik garabiak hondamendira eraman zion bere altxapea. Begi-lagunak autsi zitzaizkion eta Andoni atxilotu zuten.
Luzeak dira Luziaren egunak, gauak hotzak. Ele gaitasuna ez du galdu , eta bere buruarekin mintzo da. Itxaropena ere badu, Andoniren bila egiten ditu hiriko kaleak, eguna joan eguna etorri, euri zaparradak, kazkabarraldiak edo eguzki kiskalgarria sumatu  egin gabe.

No hay comentarios: