GUAZEN
ALASKARA ZE ARRAIO. Urrun, handia, hartza, urrea... burura etorri
zitzaizkidan lehendabiziko hitzak izan ziren. Josetxo, nire lagun
zahar batekin kafetto bat hartzen ari nintzen. Biziaren azken txanpan
geunden biok, eta berrogei bat urte lehenago amoranteak izanak ginen.
Errana da, joan diren urek ez dutela errotik mugitzen, baina
aitzitik, zurrunbiloak uzten dituela. Ederrak izan ziren denbora
haiek, gu bezain ederrak, gazteak ginen, eta, ‒ba
ahal dago gazte amodio baino ederragorik?. Ezinezkoa zen gurea, eta
horrek handitu egiten zuen desioa, pasioa, ezinegonak ahultzen
gintuen, eta malko gazi-gezak elkarri xurgatuz asetzen genuen
etsipena. Bai, ederra izan zen garai hura; xentimorik gabe aberatsak
ginen, arras aberatsak, eguzkia, ilargia, basoa, itsasoa,
ilunabarra... gureak ziren. Bizi beharrak eta ardurak banandu
gintuen, ekintza, mingarria bezain eskuzabala izan zen, eta horrek
elkarrenganako estimua handitu zuen. Gero, anitz geroago, biok kaska
zuri plazer handiz elkarri beha gelditu ginen, eta konturatu ginen
gure amodioak, oraindik gaiztotu gabea, nekatu gabea barrena kilika
genegiela.
“Alaska
azken muga” ‒hori ote
da gure azken muga? ‒galde
egin nion.
‒Ez,
guk azken muga aspaldi galdua dugu, goazen Alaskara, ze
arraio! ‒ Erantzun zidan
Josetxok.
Euria
ari zuen, giroa umela eta hezea, lohiak dena orakatzen zuen.
Ikaragarrizko jendetza non kokatu harat-honat, ehunka kanpadenda
perretxikoen antzera, behiak orroka, zaldiak irrintzika, zakurrak
zaunka, zerriak kurrinka... jendea armatua. Norberak bere burua
begiratzea bertzerik ez bai zuen. Ez zegoelako legerik, babesik...
Denak ziren basak, leku basa hartan. Mota guzietako jendilajea
iristen zen urre bilatzaileekin batera; iruzurgileak, eta
alkohol-trafikatzaileak, prostitutak eta altzairu saltzaileak,
zaranda egileak eta apaizak... eta haiek denekin batera 1897ko abuztu
hartan, Jefferson Smith eta bere taldea Skagwayera iritsi zen. Ez
zen hilabete bat, San Franciskoko kaira Elxcersior itsas ontzia, eta
Porland ontzia Seattelkora, Alaskatik urrez beterik iritsi zirela.
Eta, berrogei mila lagun batera atera ziren munduko alde guzietatik
Klondike ibaia, Yukon parajean zutela helmuga.
Jefferson
Smithi” Soapy” erraten zioten, eta urrearen usainak eraman zuen
Alaskara. Esklabista baten semea Georgian sortua zen. Eskola onetan
ikasia, hiztun bikaina, eta beti dotore; itxura oneko trajea
soinean, tximeleta paparrean eta hain ongi ematen zion zapeta buruan,
gangster ukitua oinetako distiratsuetan. Jokoan, kartak trukatzen
abilez handikoa, beti irabazten zuen. Herrira iritsi bezain laster
misiolari anglikano bati “trile” delako batean, eliz bat
eraikitzeko zeraman diru guzia garbitu zion. Gizona, Seattlera diru
gehiago bila joan, eta ez zen egundaino itzuli. Misiolariak eraiki
behar zuen elizaren ordez, Soapyk oholezko etxola batean Skagwayko
lehendabiziko kasinoa jarri zuen. Jeff Smith Parlour erraten zioten.
Hantxe jarri zuen bandiduak bere zuloa. Eta zulo hartatik, pistola
eskuan gobernatu zuen herria. Prostituzioa, merkatua, eliza,
prentsa... menpe jarri zituen, zerga ezarri zien, eta edonork
eskatutakoa ukatuz gero, haren gizonek bisita egiten zieten. Negozioa
gero eta handiagoa zen, egunero iristen bai zen uholde modura
jendea. Chilkoot gailurrerako bidea egiteko, urre bilatzaileak
herrian prestatzen ziren. Luzea eta neketsua baizen egin beharreko
bidea. Chilkoot gailurra Kanada eta Estatu Batuen mugan kokatzen zen
eta Kanadarrak aduana ezarria zeukaten. Kanadako Zaldun Poliziek
zorrotz miatzen zizkieten aferak urre bidatzaileei, Yukonen urte
bete pasatzeko derrigorrezko guziak bortzehun kiloko zama egiten
zuelarik. Aduana pasatzea lortzen zuenak, berriz Alaskan, gain behera
Yukon ibaia jarraitzen zuen, haren ibai-adarra Klondike hartu arte.
Skagwaytik
Chilkoot gailurrerainoko hogeita hamabortz kilometroko bide neketsua
hartan hirutik bik gibelat egiten zuen. Bideak, hasieran baso estu
bat gurutzatzen zuen, dirua zuenak zamari indigenak kontratatzen
zituen, baziren zaldi edo idi gainean abiatzen zirenak ere. Basoak
aldapa harritzari ematen zion pasua. Eta erroiztu ez ziren animaliak
egarri eta gosez hil egiten ziren, ez baitzegoen urik eta deus
jatekorik. Baina, azken txanpa zen latzena. 45 graduko malda ilaran
eta banaka igo behar zuten. Aitzindari batzuk harriak jarri zituzten
eskalera modura, baranda batez babesturik, eta bidesaria kobratzen
zuten. Mila bortzehun maila, bat bertzearen jarraian, gelditu gabe,
txanda gal ez zitzaten, galduz gero berritik hasi behar bai zuten.
“Urrezko eskailerak” zeritzan haiek, lau bat aldiz egiten zituen
norbanakoak. Zama aldi batean ezin zuelako igo. Lau zatitan banatu
eta eskaileren hasieran, ordain zama-zaingoan uzten zituen aferak.
Zingarra,
irina, ulua, artoa, arroza, arrai gatzatua, tipula lehorrak eta
patatak. Esne kondentsatua eta ziapea, kafea eta tea, azukrea, gatza
eta piper-mina. Gurina eta fruitu lehorrak...
Txamarra
handi bat, hiru galtzontzilo luze, panazko bi galtza pare, hamabi
galtzerdi pare, larruzko buruki bat, hiru eskularru pare. Bi ator
lodi eta lau bota pare...
Infernutxo
bat, zaranda eta pozal bi. Koxeta eta furtxeta, kafe eta te potoa.
Zartai bat eta jostorratzak. Mailu eta iltzeak, ahizkora ttiki bat,
bi zerrote, daratulua eta konpasa. Hiru soka, kanpa-denda, hiru
manta lodi eta bi maindire...
Kanadako
Zaldizko Poliziek armak kentzen zizkieten. Muga pasa eta ehun
metrotara Estatu Batuan zeudenez, arma trafikanteak zain zeuzkaten,
nahi haina erosteko aukera zutelarik.
Skargway
handitu zen, saloonak, kasinoak, diru-mailegatzaileak, elizak ugaritu
ziren. Soapy harrapari maltzurra bere saltsan zegoen. Eta bere legea
ezarri zuen. Hirian negozio bat paratu nahi zuenak bazekien
bandiduari zerga ordaindu behar ziola. Berak ematen zituen eraikinak
egiteko lizentziak, ostatuak irekitzeko baimenak... Kazetaritza bere
alde jarria zuen eta eraikinak inauguratzera dotore gaten zen
argazkian itxura ona emateko. Behartsuak ornitzeko elizari dohaintzak
egiten zituen eta gero bere taldea igortzen zuen emandakoa
berreskuratzera. Boterearen erotikak jota zegoen eta bazuen jendea
bere alde. Egun batean Klondiketik ailegatu zen gizon bat zaku bat
urre bizkarrean, Soapyren gizonek engainuz eraman zuten bandiduaren
zulora. Ausarki eman zioten jan eta edatera, saloonetako puta
politena ere ekarri ziotelarik. Baina gizonak zakua ez zuen laxatzen,
orduan, urrea gainean eramatearen arriskuak azaltzen saiatu ziren,
balioa dolarretan emateko prest zirelarik. Azkenik gizona konbentzitu
zuten eta tratua egin. Dolarrak patrikan atera zen gizona, eta batean
Soapiren gizonek pistola eskuan garbitu zioten dirua. Gizajoa erotuta
etxez-etxe eta ostatuz-ostatu, dendaz-denda eta entzun nahi zion
guziei gertatutakoa oihuka kontatzen zielarik.
Herriko
jendea kezkatu zen, ez zuten gizonarengan lastimarik, ez, ez zen
hori, ez bai zen lastima hitza ezagutzen ere garaian Alaskan. Herriak
fama txarra hartuko zuelakoaren beldur ziren, eta urre bilatzailek
bertze bide bat hartzen ahal zutelako.
-Zer
egin gizonari urrea itzularazleko? Gizon bakar bat zegoen herrian
bandiduari aurre egin diezaiokeena eta harengana jo zuten. Frank Reid
injinerua zen eta gobernuak azpiegiturak antolatzeko bidalia zuen
Skargwayera. Pistolarekin trebezi handiko gizona zen. Hurrengo
egunean herrian bi talde egin ziren; bat Soapyren alde eta bertzea
Reidiren alde, eta 1898an uztailaren zortzigarrenean arratsaldeko lau
eta erditan bi gizon haiek parez pare tiro egin zuten, biek zerraldo
lurrera erori zirelarik. Urre bilatzaileak urrea berreskuratu zuen.
Soapyren gizonak mendira ihesean joan ziren.
Soapik
hamaika hilabete egin zituen Skargwayan. Hogeita hemezortzi urte
zituela kasatu zuten. Jeff Smith Parlour kasinoa egun turistek
bisitatzen dute.
Utamila
ontzia jendez lepo, zapa-zapa, popa arrastaka, ”“Deabruaren
Zuloan” sartu zen, haratago “Jainkoaren Sakela”, Saminduraren
Zintzurra”, “Arretaren Lur Muturra”... Ura uherra eta zerua
mutur beltz, baleek ur zurruta bizkar gainetik bota eta buztanekin
aio egiten zieten. 450 lagun 290en tokian, Alaskarako bidean Barneko
Pasuan; 1.750 kilometro Seattletik Skagwayra urre bila. Eta haien
denen artean Jack London. San Franciskon sortua. Hogeita bat urte
bertzerik ez zituen baina eskarmentu handiko mutila zen. Mutiko
umezurtza, herriko liburutegian bere kabuz ikasia; eskura erortzen
zitzaion guzia irakurtzen zuen, Nietszche, Darwin, Carlos Marx...
Hamalau urterekin hasi zen lanean, eta denetan aritu zen;
nekazaritzan, arrantzan, fabriketan lan arruntetan... Erromes
ibiltari atxilotu zuten eta hilabete espetxean egon ondoren, ipuinak
idazten hasi zen, baina ez zuen argitaratzerik lortu. Alaskan urrea
agertu zela jakin zuenean bere koinatuak etxea hipotekatu zuen, eta
biek harat abiatu ziren. Zortzi egun iraun zuen Barneko Pausoko
bidaia. Parajea ikaragarri hartan, mendi orratzak elurretan zerua
zulatzen zuten, glaziarrak, basoak, erroitzak derrepentean urean
erortzen zirelarik.. Ehunka uharte, fiordo, erdiuharte eta kanal
labirinto antza, Malaespina, Vancouver eta Cook bezalakoek ireki
zuten bideari jarraituz, flotatzen ahal zuen guziak balio zuen
urre-bilatzaileen garraio. Itsasoa aserretzen zenean heriotzaren hiru
dei gorrak, “bakardadea, ekaitza eta lainoa” aditzen ziren. Zerua
irekitzen zen eta izokin aldeak Bella Coola ibaiaren isuria gorritzen
zuen. Inguruko baso eta larreetan hartza eta otsoak ziren nagusi.
Baporezko
ontzi handiak, belaontziak, arraun traineruak, mota guzietako
ontziak zeuden kai hartan 1897ko abuztuan. Mundu guziko jendearen
artean, zaldiak, behiak astoak, zakurrak. Altzairuak, arropa eta
janaria. Armak, alkohola... Haida eta tlingit-tak, bide-lagun
eskain; ongi zekizkitelako mendiko basa-bideak, berrogei mila urte
lehenago Asiatik etorriak bai ziren, Bering pasua oinez egiten ahal
zenean. Merkatariak laster aberasten ziren, egunez-egun gauzen
balioa bikoizten zelako.
Juneau
mendi gaitzak, basoak eta glaziarrak babesturik, berezko babes kaia
hura, zerratu bat zen, irteerarik ez zeukalako, urez soilik jarrai
zezakeen. Urre bilatzaile guzien topagunea izan zen. Handik abiatzen
bai ziren urre miatzetara. Eta bi bide zeuden; bat, Lynn kanala
180kilometro nabigatu Skagwayraino eta gero oinez Chlkoot edo White
Pass eginez Yukon sorbururaino, eta handik 900 kilometro ibaia jaitsi
Dawson Cityraino. Bigarrena, luzeena bazen ere errazagoa zen. Saint
Michaelraino 2.500k nabigatu eta gero bertze ontzi batean 2.300k
Yukon igo, Klondike ibaiko urre-hobietaraino.
Jack
Londonek lehendabiziko aukera egin zuen. Lehen bai lehen ailegatu
nahi zuen. Negua baina lehen mendiak pasa behar zituen, elurrak
bideak mozten bai zituen. Laster aurkitu zuen haida familia bat kanoa
baten jabe, eta haiekin abiatu zen Linn kanala arraunean. Gero
Skagwayen negua pasatzeko beharrezkoak metatu eta Yukon aldera
zuzendu zen.
Irailaren
lehendabiziko egunean gurutzatu zuen Jack Londonek bere lagunekin
Chilkoot pausoa, eta gainbehera Linderman lakura zortzi egun geroago
iritsi ziren. Geldi aldi bat egin zuten txalupa bi egiteko. “Yukon
polita”eta “Urrezko Yukon” erran zieten, eta inguruko
ederrenetakoak ziren. Yukonera ailegatzeko bide luzea egin behar
zuten; Lindermanen bederatzi kilometroak, hogeita sei Benet
lakuarenak, Tagishen berrogeita seiak eta Marshen hogeita zazpiak.
Witehorsen Yukon ibaia gurutzatu eta, bertze berrogeita zazpi
kilometro Laberge lakuarenak.
Jack
London eta hiru lagun Steward ibai ondoan gelditu ziren. Bi hilabete
eta bi egun iraun zuen bidaiak eta Yukon hormatzen hasia zen.
Etxola batzuk hutsik ikusi zituzten eta batean negua pasatzeko
egokitu ziren. Jack, zaranda hartu eta ibaia arakatzen hasi zen. Urre
harritxo batzuk aurkitu zituen. Animaturik “Yukon Polita” hartu
eta Dawsonera abiatu zen. Ehun kilometro egin zituen ibai erdi
hormatuan, eta bere izenean erregistratu zuen urrea aurkitu zuen lur
eremua. Hogeita bortz dolar ordainduta. Zakur leraz negua
pasatzera etxolara itzuli zen.
Jack
London meatzari idazlea. 1898ko urtarrilak 17. Etxolaren zutabe
batean Londonek idatzi zuena.
Zazpi
hilabete horman isolaturik, egurrezko etxola hartan eman zituen
Jack Londonek Yukon ikaragarrian. Egonean egon bertzerik ez zetzakeen
egin. Kontu kontalari ona zen eta laster bera bezalako harrapatuak
hurbildu zitzaizkion erausira. Hantxe sutondoan pasatzen zituzten
gaua luzeak berbetan, bertsotan... Nork, bertzeak baino handiagoa
botaz. Baziren London bezala zaranda bizkarrean joanak, baita
justizia burlatu zutenak, animalia basa larru harrapariak,
kontrabandistak... Anitzek ez zekiten ia leitzen, eta Londonen ele
zaharrekin liluraturik gelditzen ziren. Giro aproposa suertatu zen
eta gizon gogorrenak ere bere eskarmentuak azaltzen zituen. Han aditu
zituen idazleak kontakizun ikaragarriak eta memorian gorde. Londoni
atsegin zitzaion giro hura, bere saltsan zegoen, baina, jateko
handirik gabe gelditu ziren eta mutila nahiko gaixotu zen. Yukonen
urtzaldian bi lagunekin ibaia kanoa batean jaitsi zuen. 2.300k Saint
Michael kairaino. Aurkitutako urre harri koxkorrekin, literaturaren
mesederako bidaia ordaindu eta etxera betiko itzuli zen. Laster
argitaratzen hasi zen, eta arrakasta handia izan zuen. Aberastu zen
eta Kalifornian etxalde bat erosi. Eta hantxe berrogei urterekin
bere buruaz bertze egin zuen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario