HIPATIA
Alexandrían,
Hepatia deitzen zuten emakume bat bizi zen.
Teón filosofoaren alaba,
literatura eta zientzietan lortu zuen
jakinduria
garaiko handiena izan zen.
Pláton eta Plotinoren eskola jarraituz,
entzuleei azaltzen zizkien filosofiaren
printzipioak.
Anitz zirelarik urrundik etortzen zirenak.
Lortu
zuen jakinduriek garaiko filosofoarenak gainditu zituen.
Sócrates Escolástiko
Beti izan zen aitaren kuttuna. “Zergatik egiten da handitu eta ttikitu
ilargia” neskatikoaren halako galderak nahasi egiten zuten aita, eta
erantzunik gabe gelditzen zen. Hipatia 370-416
Egipton sortu zen, aita Alexandríako Teón
filosofoa. Ortziak liluratzen zuen; argitzen ezin zuen misterio bat
ezkutatzen zuten izarrek; zerk egiten zituen distiratsu?, hainbatean bere
buruari egiten zion galdera, “mataza askatzerik
izanen banu…” Matematika eta astronomia ikasi zuen, eta astrolabioa hobetu. Zalantzan jartzen zuen
lurra unibertsoaren zentroa zenik, giristinoak ziurtzat hartzen zuten modura. Ezagutzen ziren erlijioen historia eta
filosofia pentsamenduak estudiatu eta aztertu zituen. “Alegiak, alegi bezala egin behar dira kontatu, mitoak mito bezala,
eta mirariak, zein ameskeria poetikoak”. Alexandríako neoplatoniko
eskolaren jarraitzaile; garaiko
elitearen irakasle izan ze: Orestes Alexandrían inperioaren ordezkariaren
irakasle eta kontseilaria. Emakume zientzialari lehena: Aljebra, geometria eta
astronomia buruz idatzi zuen. 400ean Platón eta Aristótelesen ideiatan
murgildurik, Alexandríako neoplatonikoen liderra izan zen. “inguratzen gaituzten gauzak ulertzeak,
haratago daudenak konprenitzeko prestakuntza bikaina da”. Filosofo modura
jantzia, jendearekin elkartzen zen kale eta plazetan eztabaidan.
“Zure pentsatzeko eskubideak aldeztu, ze, oker pentsatzea ere, hobea da ez
pentsatzea baino”. Emakume argia, hiztun ona, erakargarria eta kilikagarria,
batzuen baitan sorgina. “Egiak ez du
aldatzen, naiz eta gehienek hartan ez sinets”. 380an Teodosio enperadore
erromatarrak inperioa kristautu, eta derrigorrez fede bakarra inperioan
inposatua zuen. Hipatia jentil filosofoak, uko egin zion edozein erlijiori. “Erlijio formal guziak dira gezurrak, eta ez
dira onartu behar, norberaren errespetua zaintzeren”.
415eko garizuman, martxoaren
zortzigarrenean gertatu zen: Alexandríako
Museoan bildu zen Hepatia filosofo eta zientzialari kideekin: gero eta gutiago
ziren harat joatea ausartzen zirenak, giristino fedea hedatzen ari zen, eta neoplatoniko ideiak kamustu nahian bortizki
inguratuak ziren. Arratsaldea goibel, zeruan izarrik ez, kaleak isil eta ilun.
Susmo txarra sumatu zuen Hepatiak, bihozkada bat izan zuen. Etxerako bidea
hartu zuen zaldi-gurdiz. Bidegurutze batean sermolari bat buru, giristino
jendaila batek, bortizki hartu eta oihu eta irain artean arrastaka eraman zuen Cesáreo-raino; Augustok, Marco Antoniori
irabazi eta eraiki zuen monumentu ospetsua giristinoek katedral bihurtu
zuteneraino. Alexandro Handiak, Aristóteles filosofoak hezi zuenak, pentsamendu
eta ideian mundua txertatu nahi izan zuen. Alexandría sortu zuen, eta txertoak
hartu; mundu ezagunean liburutegi handiena izan zen Alexandríakoa; Erlijio eta
arraza denen gainetik, zuen irabazi jakinduriak. Suntsitu zuten liburutegia,
erre zituzten liburuak, esetsi zituzten ideiak; baina filosofia ez zuten hil
ahal izan. Edo hori pentsatzen zuen Hipatiak katedralean sartu zutenean.
Emakumea biluzi, errailak atera, soin atalak urratu, gero gorpuzkiak prozesioan
hilerrira eraman eta erre zituzten.
Hipatia-ren hilketak aztoratu
zuen Alexandría. Cirilo patriarka giristinoa zigortu zuten; bortzehun zaindari
monje kendu zizkioten urte baterako. Susmopean zeuden monjeak; bazirudien filosofoa
kasatu zutenen artean monjeak zeudela;
Cirilo patriarkari ezarri zioten zigorrak nolabait ziurtatzen zuen susmoa.
Behin urtea igaro, seiehun monje zaintzaile hartu zituen patriarkak. 444an hil
zen eta saindu egin zuten Cirilo. Eliza Santuaren doktoretza dauka.
No hay comentarios:
Publicar un comentario