jueves, 14 de febrero de 2019

SANTIO ZUBIA



Ilbeltza mutur beltz ernatu zen, itsasoa aserre eta mendiak kaska zuri. Haize nahasian euria leher, uretako oinetakoak, txamarra eta boneta buruan, eguraldiari aurre eginez  oinez abiatu zen Bidasoaren bertze aldera Maritxu.
 Santio zubiak ipar eta hego Euskal Herria Bidasoaren gainetik  batzen du.  Jendarme furgoneta bi zelatari  zubiaren Iparraldean. Hegoalderakoan,  zazpi gazte larru beltz kale gorrian. Maritxuk bi jendarmeak ikusi zituen,  zazpi etorkinak ere eta bihotz estu jarraitu.  
Historia handikoa Santio zubia. Hego eta iparraren artean oztopo itsusia. Lehen mundu gudan Frantzian ogirik gabe gelditu eta kontrabandoan eramaten zuten.)Pio Barojak 1920an horrela idatzi zuen) Espainiako guda zibilean Irun faxistak erre zutenean, milaka izan ziren zubia zeharkatu zutenak, haurrak eskutik arrastaka, zama bizkarrean eta miseria gorrian. Bigarren mundu gudan juduak izan ziren Gestapo gibeletik zutela, ikara larrian zubia gurutzatu zutenak. Frankismo garaian, baziren iparraldeko bidea hartzen zutenak, neskak bikiniz jantziak edo “Emmanuelle” filma ikusteko. Edo euskaraz egindako Laberriren diskoak, jogurtak, aspirinak… erostera.
Alo! Alo! Ze le cinema cochon?
Q, peliculi pon?
2019an Europa boteretsuan eta demokraziaz hanpaturikoan afrikar etorkinak edonongo mugetan gibelat igortzen ditugu, ezlekura. Beraz surrealista.
Maritxu gozotegian lagun batekin kafetto eta  kruasan bat gosaldu ondoren, kontrako bidea egin zuen. Santio zubi iskinean etorkinik ez, ezta bertze aldean jendarmerik ere, eta lasaitu egin zen Maritxu.     

No hay comentarios: