Nabar, nabar jartzen da bailara udazkenean.
Nola bildu margolari
baten paletan tonu guziak?
Iretzearen hori-beilexka, ala gorrixka,
haritz, gaztaina,
hurritz edo pagoen hosto galtzea,
ezkur eta minauri jauzia, nola irudikatu?.
Haizearen doinua zuhaitzak
astintzen,
orbelaren asotsa,
arranoa hegaletan
garrasika…
Udazkenak badu bere xarma gure
bizian,batzuetan. Joan den asteburuan bildu ginen auzokide eta jendakiak, eta
bazkari ederra egin genuen. Badira bortz bat urte nostalgiak jota elkartzen
garela, batzuk hurbilean bizi gara, bertze batzuk urrun, arras urrun, baina
badira urtero etortzen direnak Ameriketatik. Kalifornia edo Renotik ari bidez. Duela berrogeita
bortz urte artzain joanak, egun Ameriketan errotuak, beti herriminaz jota, itzultzen
direnak euskara ederra mintzo. Garbia nahasi gabea, ama hizkuntza, hunkitu
ninduen.
Eta, zuk nola
zaindu duzu euskara? Galde egi nion Joxe Martinei.
Ba, elkarrekin gara ibiliak eskolan, eta zurekin oroitzen naiz (unkigarria beraz) Hamaika
urterekin joan nintzen Txilera, gero handik Kaliforniara, ezkondu nintzen eta
familia osatu nuen. Anitz gara euskaldunak handik eta ahal dugun aldiro biltzen
gara. Beti mintzo gara euskaraz, gehienak ez genekien ea erdaraz joan ginenean,
ingelesa ikasi genuen, baina gure artean hobeki konpontzen gara gure
hizkuntzan. Erantzun zidan.


No hay comentarios:
Publicar un comentario