Tximinoa zuhaitzetatik beheiti joan eta
bi hanketan hasi zen; bi miloi bat urte lehenago izan zen Afrikan.
Berrogeita hamar bat mila urte geroago, inork ez daki nola gertatu
zen, baina pentsamendua mintzoarekin batu zuen. Sapiens sortu zen.
Orduraino lehoi bat zetorrela abisua egiteko bazuten garrasi moduko
hizkera bat, lehoinabarra bazen bertze bat... eta horrela ziren
babesten. Egun batean Sapiens delako batek lagunari, kontuz ibil
hadi, atzo erreka bazterrean lehoi bat ikusi nian eta, erran zion.
WhatsApp-a sortu zen. Elkarrekin komunikazioa sortu eta multzoan joan
ziren ehizara, intxaur biltzera, edo barazki bila. Komunikazioa izan
zelarik zer zen jangarria edo pozoitsua jakiteko. Egunez egiten zuten
lan, arratsaldeak, su bazterrean jan, edan eta eletan egiten zuten.
Batzuetan gazteek dantzan alaitzen zuten ilunabarra, baina deus
gehiago. Aspertu egiten ziren gehienetan. Eta hasi ziren asmatzen,
fantasiari utzi zioten bidea. Eguraldia ez zuten konprenitzen, ez
zekiten zertaz ziren uholdeak, lehorteak, elurroldeak: eritasunak,
izurriteak... Eta Jinkoak asmatu egin zituzten. Bazuten nori negar
egin, erregu ortziari, beti baizen urrun Jinkoa ortzi-mugan galdua.
Errudun sentitzen ziren, gertatzen zen txar guzia beraien erruz zela
uste zuten. Hasi ziren danborra eta txalaparta gogotik jotzen Jinkoen
aserrea baretzeko. Jinkoa! Jinkoa! barka gaitzazu gure zorrak!...
Garia landatu... ardiak, zakurra eta
oiloak etxekotu... Hamabi mila urteko urtemugan gertatu zen. Landak,
baratzeak, artaldeak... zaindu egin behar ziren, eta hesiekin babestu
zituzten; etxeak gertu egin zituzten, eta familia sortu. Jabego
pribatua sortu zen, eta harekin batera gizon eta emakume arteko
harremanak legalizatzeko ezkontza egin zuten asmatu. Emakumea, eta
haren umeak bihurtuko zirelarik gizonarenak. Batez ere
emaztea,edonork ebatsi ezkero, behor edo ardi baten balio zuena. Ez
kezkatu, egoera aldatu da, baina ez hainbertze: ezkontzak badauka
herako ohore eta babes bat gure gizartean. Badirudi azken muga beti
dela ezkontza; homosexuala edo etereo bazara berdin da ezkondu eta
ageriko egin behar dena.
Halaxe ari ginen Maxus eta biok kafetto
bat hartzen, gaiari heldu genionean. Batean Maxusek bere asmoak
azaldu zizkidan.
Ni ari naun ausnartzen, neska zahar
gelditu naun eta naiz eta amorante faltarik ez ukan, uztaiak amesten
ditinat. Berriki aditu dinat hasi direla emakumeak bere buruarekin
ezkontzen. Soineko txuria eta guzi lagunekin ezkon-bazkaria egiten.
Zer dion? Arritua galde egin nion.
Bai, ezagutzen dinat bat, serioski.
Bake epai baten aitzinean sinatu din, eta bere buruari fidelitatea
osasunean eta eritasunean zin egin.
Ze, ari haiz horrelako zerbaitetan
pentsatzen? Galde egin nion
Ez, aspaldian maitemindua naun
haritzondo batekin, or hurbil basoan ezagutzen dudan zuhaitz ederrena
dun. Sendoa eta itzal onekoa. Maiz joaten naun, bere ondoan eseri eta
irakurtzen; ez dakin ze xarmanki, bakea dagin. Nere ametsa bere
ondoan zahartu.
Zer erran gelditu nintzen. Hotzaldia
mozteko.
Whiski bat hartuko dinagu? Joan
nintzaion botila eta bi edalontzirekin.
No hay comentarios:
Publicar un comentario