sábado, 16 de diciembre de 2017

INDIOILARRA


Erosi genituen azokan Eguberritako afari berezia ospatzeren jangarriak. Senarra sakel aise, bazirudien dena guti iduritzen zitzaiola. Estreinako iloba sortu berria sehaskan izango genuen, eta, egia errateren merezi zuen ausarkiak. Indioilarra paratzea adostu genuen. Interneten errezeta hartu eta osagaiak bila genbiltzan. Errege-sagarrak, tipulin gorriak, haran lehorrak, mahats-paxak... eta indioilarra eder bat zaretoan itzuli ginen etxerat. Senarrak eginen zuen kuzinatu, eta nik jangela apainduko nuen.
Harizko mahai estalkia atera nuen, lisatu eta portzelanazko plater zuriak gainean, propiki ematen zuten. Koxeta furxeta eta nabalak zilarreztatuak, edan-ontzi politak... Mahai erdian pazko-lorea kandela eder batzuekin inguratua. Batean, sukaldean soinua dezibelio gorenean, hurbildu nintzen eta senarra baso bat ardo eskuan Haendel-en Mesias aditzen.
Baina, zer ari zara? Zer zara erotu? Galde egin nion.
Utz nazazu, pozik nago eta. Erantzun zidan bertzerik gabe.
Xarmanta zegoen nire senarra, ile zuri eta pixka bat sabel handi, baina osasuntsu eta alai. Mahai gainean zeuzkan, indioilarra, eta osagaiak garbi-garbi plater batean. Mikel eta Imanol euren bikoteekin, eta Maxus senarra eta haur sortu berriarekin ziren 24an afaltzera etortzekoak. Denetara zortzi ginen, indioilar eder bat zen, denak asetzeko nahikoa doike. Mahai iskin batean porru patata plater bana jaten ari ginela, telefonoak hots egin eta Mikel zen, neskalagunarekin aserre bizian ari zela eta ez zirela joanen biharamunean afaltzera gaztigatuz. Zer erran ez genekiela gelditu ginen. Zapore kiratsa etorri zitzaigun, are kiratsagoa Imanolek deitu bai zuen gutira. Mila aldiz barkamena eskatuz, lagun artean landa-etxe batera joateko gelditu zirela, eta abar luze bat... Elkarri beha zozotuak gelditu ginen.
Eta orain zer? Galdetu nion senarrari.
Orai? Erdibituko dut indioilarra eta erdi bat izoztu eginen dut. Erantzun zidan.
Gure nabalak beti bezala kamutsak. Ordu erdi bat zorrotz-harri bat bila ibili ondoren zorroztu genuen nabala eta hegaztia erdibitu. Sartu genuen erdia hozkailuan, eta bertze erdia osagaiekin atondu ondoren, pelikula bat ikusi genuen.
24 goizean deitu zuen berriz Imanolek, hartan azkenik ez zirela landetxera joanen, eta beraiekin kontatzeko afarian errateko. Elurra gogotik hasi zenez ez zeukatela automobila hartarako. Zer egin ez genekiela... deitu zuen Mikelek, nonbait neskalagunarekin konpondu zen eta bera ere etorriko zela erranez.
Eta orain zer? Senarra arras asertu zitzaidan. Ni nintzela errudun, hainbertze kapritxo ematen niela eta, mar, mar mar. Marmarioan atera zuen hozkailutik indioilar erdia eta jostorratz eta hariarekin hasi zen hegaztia osatzen.
Marmarioan jarrai eta jarrai, titare bat nahi? galde egin nion.
Utz nazazu bakean emakume!

No hay comentarios: