Hogeita bat garren mende hasieran
gertatu zen. Agote etxe zahar hura erosi zuen, etxearen jatorria
jakin gabe. Zaharkitua, alde batera utzia, bizi lagunen artean
madarikatua. Aldi berean lotsagabe, tente, zuzen zerurantz; bazterrak
osinaz, larrez eta zikinkeriaz estaliak ukan arren egiten desafio.
Bazterrak garbitu eta lorez betetzea
otu zitzaion emakumeari; paratu zituen izpilikuak, krabelinak,
geranioak, arrosak, glizinia igokaria, eta,eta, eta... ongi
ongarriztatu zituen eta ederrak baino ederragoak egin ziren. Etxeak
harriduraz behatzen ziola iduritzen zitzaion; harriduraz eta harro
emakumearen ausardiak liluratzen zuen; inguruko etxe zahar hutsen
artean ponpox egiten zelako ageriko. Bizi lagunak aserretu ziren, eta
nola gainera! Agote etxe zahar bat lorez bete, inondik ere, bailatako
lur pittin bat ere agote etxeari! hori ikusi beharra! Eta lore
borroka hasi zen, gabez eta isilean loreak akitzen. Eta kameliak
herbizidaren bidez hil, jeranioen lore potoak mailuz austsi,
izpilikuak ipurditik atera... Emakumeak ez zuen amore ematen, eta
berritu egiten zituen, eta begoniak loratu. Ondoko etxeko jabea
alkate jurado egin eta emakume loretzalea bere tokian paratzea
erabaki zuen. Kargua hartu eta zortzi egunera emakumeari denuntzia
bat jarri zion herri lurrak okupatzea gatik; eta batzar bat
gaztigatu, loreak nola handik lekutzeko: apezari ere laguntza eskatu
zion. Igandeko meza ondoren herritarrei errateko eskatuz, garrantzi
handiko asuntoa zenez denak batzartzea komeni zela argudiatuz.
Emakumea inoxente gan zen batzarrera,
bere loreen eskubideak defendatzera, baina atean gelditu zen, ez
zegoen erroldatua,agote moderno bat zen, baina agotea nolanahi ere,
eta sartzea ukatu zioten. Erabaki gogorrak hartu zituen batzarrak;
arras gogorrak loreak handik lekutu eta “beti bezala uzteko”
agote etxe zaharraren ingurua; ala guztiz ere emakumeak lore
borrokarekin jarraitu zuen eta etxe bazterrean ez da egundaino
lorerik falta.
No hay comentarios:
Publicar un comentario