sábado, 2 de septiembre de 2017

ORAIN ZER?


Akitu da, errana gelditzen da, idatzia eta inprimatua, beraz ez dago gibelat egiterik. Liburu bat idatzi; ze gauza harrigarria! Hori zen nire ustea, pozgarria eta ezustekoa. Ezustekoa izan zen, urteetan idatzitako gogoeta, hausnarketa eta bitxikeriak, txukundu, zuzendu eta berridatzi ondoren, ausartu nintzen argitaletxe batera testuak bidaltzen. Aste bat baino lehen baiezkoa eman zidaten. Zozotua gelditu nintzen, arduratua, hirurogeita hamabi urteko ibilbidea egiten du liburuak, nekazari belaunaldi baten gozo gezak, eskasiak eta ausarkiak, asmoak, irriak eta negarrak, amodio eta kamusadak, horiek denak lanbro umel baten nostalgian murgildurik. Ausardia eta indar handiko belaunaldia beraz, aitzin egin zuen, erroak atzendu gabe modernitatean sartuz, Ipar Amerika aldera batzuk, herri handietara bertze anitz, aise egin zen belaunaldia modu berrietara egokitu, eskaintzen zitzaizkien aukerak ongi profitatuz. “Lolitak” hartzen du hitza, baina denak dira Lolita, bera bezala joan ziren mundua ikertzera hainbat eta hainbat gazte; bihotza estu baina itxaropentsu, euren erdara txepelarekin bidea egiten, beti ikasten, trabak gaindituz, gogotsu. Amaren sukaldeko usaina beti gogoan, etxeko jatekoaren zaporea dastatzera irrikan ahal zen aldiro itzultzen.
Zertako balio dukeen liburuak ez dakit. Lagun batek erran zidan egun batean, “ ez dakizu ze poza hartuko nuen, etxeko txoko batean nire aitatxik idatzitako liburuxka bat aurkituko banu” Ba, hori izanen da nik nire ilobei utziko diodan lekukoa.

No hay comentarios: