domingo, 11 de junio de 2017

AMETSA


Lola Sarratea 1944an Almandozen sortu zen.
 Ibiltari nekaezina 
 bokazioz da artista
 Akuarela, grabatua
 ilustrazioa ditu landu
 eta kontuak idaztea ere du maite.

Bizitzaren arratsean nire jaioterrira itzuli. Horixe zen nire ametsa. Udaberriko zelaiak nituen gogoan, haurtzaroko arratsaldeak. Nire gurasoek, laneguna amaitu ondoren, larrainean hartzen zuten atseden. Ordu magikoa zen guretzat, haurrontzat. Basatien antzera katuei segika jolasten genuen, zuhaitzetara igoz edo apoak harrapatuz. Bailara honetan udaberria da ederra, arras ederra: neskatxa bat bezain osasuntsu eta freskoa, pubertaroa bezain aldakor eta garratza. Ezustean eta bat-batean lehertu egiten da, bizigarri eta lizun. Unerik gorena San Juan gauekoa izaten da: sorginak matxinatu egiten dira eta ilargiari eguna luzatzeko eskatzen diote, haren argi zuri eta magikoak dena alda dezakeelako. Dionisos ere gonbidatu egiten dute, gehiegikeria eta haragikerien jainkoa. Akerraren gaua da, mandragora gaua, lebitazio gaua, akelarrea.
Liburu bat idaztea, horixe nire bertze ametsa, laster beteko den ametsa.


No hay comentarios: