Grezia
zaharrean, Peloponesoko guden garaian Korinton sortutako hetaira
famatua izan zen Lais. Ederren artean ederrena. Lehendabiziko
emazteki filosofoa. Korinton, Elokuentzia eta Amodioaren Baratza
eraiki zuen, eta han biltzen ziren garaiko
filosofoek. Aristipo izan zuen maisu eta maitale; honen lanen arteko
bi Lais buruzkoak dira. Aristipok bezala, gizonaren azken
helburua plazerra zela irakasten zuen Laisek, bere baratzean besta
handiak egiten zituen, eta goi mailako filosofoak bertan biltzen
ziren, non gizakiarentzako plazeraren onurak zituzten eztabaidatu.
Gaztetxo
zela, hainbat eskultoreek haitzurdinean zizelkatu zuten haren
iduria. Apeles margolariak Hafrodita irudikatzeko
hartu zuen neskatxa modelo, eta berarekin eraman zuen Atenasera.
Neskak Tenpluan ezagutu zituen filosofoak, eta bere faboreak
eskaintzen zuen ikasi. Demostenesek neska ezagutu zuenean 10.000
drakma eskaini zizkion berarekin gaua bat egotearen ordez, baina
honek ezetz erran zion. Bere gustukoekin baizik ez baitzen
oheratzen.
Nostalgiak
jota Korintora itzultzeko gogoa adierazi zion bere maitaleari, eta
Aristipo eta biak itzuli ziren Korintora.
Ordurako
goi mailako hetaira zen Lais, eta Hafroditari loreak eskaintzera
Tenplura zuzendu zen. Neska Tenpluan sartu zenean, bertan zeuden
prostitutek Laisen edertasunaz liluraturik bidea egin
zioten, gero, han zeuden gizonek bizkar-gainean atera zuten
hetaira.
Aspasia
Periclesen maitalearen laguna egin zen, eta honek alargun zahar
aberats bat aurkeztu zion eta harekin zen ezkondu Lais, gero,
Aspaiak berak lagundu zion gizona kasatzeko modua aurkitzen. Lais
alarguntsa aberatsa zen, eta jauregi oparo bat erosi zuen, non
Elokuentzia eta Amodioaren baratza zuen paratu. Aristipori
fidela ezin zitzaiola izan erran zion, eta bere bideari zion
jarraitu.
Edertasuna
galtzen zuen heinean galdu zituen maitale, lagunak eta dirua.
Edariari eman zion, eta 10 drakmetan saltzen zen Tenpluaren izkinan.
Hirurogei
urterekin ezagutu zuen mutil gazte bat, berarekin maitemindu eta lan
bila Tesaliara joan ziren. Tesalian Tenpluan mutilarekin larrutan ari
zela atzeman zuten eta, harrikatu zuten hil arte.
Baina,
herriak Lais ez zuen ahantzi, Korinton mausoleo bat eraiki zuten bere
izenean, bertan paratu zituzten haren irudiarekin egindako
eskulturak. Elokuentzia eta Amodioaren Baratza denborarekin
zimelduz joan zen, iturriak agortu eta eskulturak erori ziren, baina
bertako gliziniak, kameliak, hortentsiak eta arrosak bere gisa
joan ziren oihanetik, eta oraindik hantxe daude.
Haragiaren
bekatu
…A.xularrek
ere ezagutzen zuen Lais
Kontatzen
du Aulo Geliok Korintoko herrian zela emazte eder bat, famatua,
amultsua eta plazer egilea, eta ofizioaren baliatzen ongi zakiena.
Bada egun batez Demosteles filososo handi hura emaztearen aldetik
iragaten zela, kilikatu zen, ernatu zen, linburtzen hasi zen: eta
galde egin zion Lais berari ia zenbana saltzen zen fruitua, zer balio
zuen merkatalgoak. Eta alegerarik, ustez ezen ihizia sarean zuen,
eskatu zion suma handi baten, gehiago bortzehun ezkuturen baino:
Handiari handiki, Demostenek aditu zuenean emamutiriaren demanda,
ihardetsi zion, ez uste bezala: ez dut nik urrikitzea edo errukia
horren garestia erosten. Erran balio bezala: Badakit, andrea, ezen
baldin nik orain iragan baneza zurekin neure apetitu desordenatua,
urriki lekidakeela berehala. Bada urrikitze hura, ondoko damu hura,
ez dut horren kario erosten, eta ez hargatik hainbat diru ematen.
Eskarnio egin ustea, gelditu zen eskarniatua. Eta Demostenek eman
zuen hartan aditzera bekatuari betiere bere ondotik urrikia
darraiola.
No hay comentarios:
Publicar un comentario