Pello
Salabururen “ERRATEKO NITUENAK” leitzen ari naiz, arras gustura,
ama hizkuntzan ari naiz; hain egiten zait hurbila! Ni ere etxeek
zenbakia beharrean izena zuten tokian sortua naiz. Nire etxeari
Azkurreta erraten zioten, eta aitari axkurreta, hortaz ni
axkurretaren alaba naiz. Ni bera bezala artzaina izana, bokazioz
artzaina, ttalla nintzen, arras ttalla ohatzetik jaiki eta lasterka
joaten nintzenean arditegira ia gabez bildotsik sortu zen; gero
eskolan lagunei gaztigua egiten nien, bart bortz bildots sortu dira,
eta... Gaiztakeria itzalak egiten genituen, ginen basak, arras basak,
oroitzen dut egun batean ondoko baserritar bati, behiak edanaztera
gaten zituen aska hustu egin geniola. Aska bide bazterrean zegoen eta
kortxo moduko batekin zuloa etsia ura bitzeko, ba ikusi genuen gizona
behiekin heldu zela eta buxoia kendu egin genion. Hantxe egon izan
behar zuen gizajoa, denbora, berriz aska bete arte.
Gaueko
lana, baztandarron lan berezia, ez dakit bertze tokietan nola aritzen
ziren, gurean lan baina gehiago sport bat zela erranen nuke, jakina
dirua irabazten zen, eta bazituen bere arriskuak, lehian indarrak
neurtzeak ere bazuen berea. Hamasei urterekin zuen hartu guardia
zibilak (edo eltzetzuak deitzen zioten bezala) nire anaia portuges
bat pasatzen; mugan izan zen eta anaiaren atorrarekin gelditu zen
eltzetzua. Ipar aldera egin zuen ihes anaiak, baina, zer egin ez
zekiela itzuli zen, hartu zuten eta Iruneko espetxera eraman. “Vagos
y maleantes” zeritzana leporatu zioten. Ama, larriturik joan zen
Jacinto Argaya Gotzainaren arrebarengan laguntza eske, honek okindegi
bat zeukan, eta horrela erran zion nire amari; “mintzatuko naiz
Gotzain Jaunarekin eta ahal duena eginen du, baina, bihartik gurean
erosten baduzu ogia obe.” Sei hilabete egi zituen anaiak espetxean,
baina gaueko lana ez zuen aise utzi. Badira bortz urte joan zaigula.
Salaburu
jaunak Errazuriz Buenos Airesko jauregiaren historia azaltzen du,
egun, Arte Apaingarrien Museoa; pare bat urte izanen dira egon
nintzela, eta bai hantxe ikusi nuen Baztango armarria museoaren
sarreran, gidariak hamar bat minutu eskaintzen dizkio armarriaren,
eta Errazuriz familiaren historiari.
Etxeak
izena ari dira galtzen. Nire etxeak Kanakonea du izena, lehengoan
internetez eskatu izan behar nuen Osasun Bidean txartela berritzea;
helbide gaizki zegoela idatzi zidaten, etxearen zenbakia ez nuelako
paratu, Udalara deitu izan behar nuen zenbakia eskatzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario