jueves, 5 de enero de 2017

HAURREN AMETSAK


Ander haur eskolako maisu ekologistak arratsaldeko klasea oihanean ematea pentsatu zuen. Udaberriko egun zoragarri bat ernatu zuen, liliak loratuak ziren, gereziondoak, sagarrondoak, elorri zuria,   lorez apaindurik. Gaztaina, pago edo haritz hosto berrien kolore motelak inguruko belaienarekin bat egiten zuen.
Oihanean haurrak aztoraturik lasterka harat honat sakabanaturik galtzeko arriskuan zebiltzan,  maisuak jabegoari gotor eutsiz beregan bildu ondoren zer egin bat paratu zien. Inguruko landare motak  bildu eta bakoitzari zegokion izena ikasiko zuten. Eta horrela lapatina eta osinaren aldea, edo aistrika  eta pasmo belarraren senda ahalmena, fagoxa eta asto menta, oilo belarra eta San Jose loretxoa, eskuz esku pasa zituzten hainbat hosto eta belar izpi, eta zaunkerri adar malguak zanpatuz errekaraino ailegatu ziren.
Ibai bazterrean berro baratze batekin topatu ziren, txopera handi batzuk babesturik, berro zelaia ezkutatuan gelditzen zen.
Maisuak umeak bildu eta berro hosto bat eskuan galde egin zien nortzuk ezagutzen zuen landarea, baino inori ez zitzaion egiten ezaguna hostoa.
Masturtiun officinale  latinez; “gordina, olioa, ozpina eta gatz pittin batekin oso ona da. Zopa ere egiteko aproposa, bai eta haragi errea laguntzeko ere”. “Beraz, ikusten duzuen bezala naturak egunero berri batekin oparitzen gaitu; orain bakoitzak berro hosto xorta bat hartuko dugu arratsean afaltzeko” erran zien maisuak ogitartekoa jaten ari ziren haurrei, otordua akitu zutenean, eta mutiko eta neskatiko koskorrak merienda eramateko erabilitako zakutxoa berroz bete zuten.
Pozik itzuli ziren haurrak etxera, eguneko menturari, ume bakoitzak bere bertsioa emanez kontatu zien gurasoei.
Umeak ez ziren lokartzen, ez zeuden gaixorik, are gutxiago bazirudien zorionaren txertoa paratu zietela. Lala, lalarito irrika abesten ezin isilarazi, gurasoek desesperantza gorrian arratseko hamarrak aldera maisua deika hasi ziren; maisuak ez zekien zertan zetzan haurren desoreka, baino argi zegoen zerbait egin behar zela. Horrela herriko botikari zaharrarengan jo zuen. Gizona jakintsua eta errespetatua zen, inork jakitekotan hark zekien haurrak baretzeko erremedioa zein izan zitekeen.
Botikariari, arratsaldeko ekitaldia xehetasun guztiekin azaldu zion maisuak. Berro hostoak hartu zituztela aditu zuenean botikaria pentsatzen  gelditu zen, “eta, berro baratzean egon zaretela diozu?” Harridura keinu batekin galde egin zion. Gizonak liburutegian behatu zuen, XVI garreneko botika liburu bat hartu eta berroen berezitasunak  zekarren orrialdean “eta bereziki laminak maite duten landare hau…”irakurri zion maisuari. Goazen denborarik galdu gabe!
Erreka bazterrean aurkitu zuten lamia harri baten gainean eserita; baratzearen hondamena ia negarrez beha, zaku handi bat zeukan ondoan haurren ametsekin; lamiak ongi zekien haurrek ametsik gabe ez zutela lorik egiten, eta mendeka hartu zien. Maisua eta botikaria etortzen ikusi zituenean barrez leher, zakua erakutsi eta erran zien “ hor dituzue haurren amets guziak” zoazte fite hemendik aserretuko naiz eta. Lasterka hasi ziren bi gizonak malda goiti, nekez amets zakua orain bizkarrean, gero arrastaka; hainbertze ziren haurren ametsak...        


No hay comentarios: