martes, 3 de enero de 2017

BONETA GORRIA


Azaroko hamaikagarrena, 1918ko guda handiaren armistizioa gogoratzeren, Frantzian jai eguna izaten da. Goizeko seietan jo zuen iratzargailuak, Michelle bi itzuli maindire artean egin eta nagi jaiki zen, ikusi zuen senarra gozo-gozo ohatze osoa beretzako hartzen, eta sartu zen bainugelan. Gizona, irakaslea zen eta jai zeukan, aldiz Michelle gerdarmea, zortzietan hasten zen lanean. Metroan heldu zen, eta gendarmerie atean, platano azal bat zanpatu eta lurrera erortzen eskuineko eskua espaloian jarri zuen, gorputza dena haren gainera joan zitzaiola, eskumuturra bortxatu zuen. Larrialdietara eraman zuten, eskumutur zauritua lotzeren. Hamarretan berriz kalean; senarra harritu eginen zuen, kruasan batzuekin joanen zitzaion.
Hartu zuen metroa eta ordu erdi batean etxeko zerraiala ireki zuen, lurrin ezezagun batek geldiarazi zuen; etxeko sarrera nahasian, jean batzuk, elastiko eta enkajezko kulero bat lurrean beha gelditu zen. Logelako atea ireki eta senarra bere ohatzean neska gazte batekin kurrinka ikusi eta kruasanak haien gainean bota eta “on egin dizuela” erranez gibelat atera zen etxetik.
Noraezean hartu zuen berriz metroa eta Chanps Elysees hurbilean atera zen. Hotz handia egiten zuen, jendez gainezka, turistak gehienak etorbideko desfilea begira. Kafetegi baten terrazan eseri eta ogitarteko bat eskatu zuen, goseak zegoen, gero pentsatuko zuen zer egin. Begeta erdi bat urdai azpikoa gasnarekin, eta garagardo bat ekarri zion kamareroak; esku batekin jateko luzeegia, erdibitu zuen bokadiloa, pusketa bat mahaian utzi eta bertzeari gogotik ekin zion; neska gazte bat, boneta gorria buruan, eta esku arin pasa zen haize bolada batek bezala mahaian zeukan ogitartekoa eramanez.


Michelle negarrez hasi zen, zotinka, negar eta negar hartu zuen oinez etxerako bidea.

No hay comentarios: