Olentzerok
aitatxiri ezusteko itzala ekarri dio. Amatxi txapel gorri, limur eta
xarmagarri baten sedukzio jokoak aztoratu egin du. Ihesean joan da.
Irudi
bat oihal batean irudikatzen hasi eta, ezin, gelditzen da margolaria,
azkenik zirriborro bat egiten du; pentsatzen du inguruko egoeraren
eragina izanen dela. Mundua itzulipurdika dabil, eta aginteek,
arduradunek, konpontzea dagokienek, zirriborro batean uzten dute
soluzioa; ez dute lorik galtzen pentsatzen, are gehiago, ederki
egiten dute lo; ohatze beroan eta aseak. Gudak ezin gelditu, armak
egiten dituzte. Jendea gudetatik ihesean, zakua bizkarrean noraezean,
hesiak saltoka, txalupatxoetan itoak... Margolariak nahi eta ezin,
zirriborrotan.
Ospitalera
joan da ahizpari bisita egitera, ongi dago, laster joanen da etxera.
Ondoko ohatzean andre xahar bat dago, ebakuntza egin diote eta
saihetsean zakutxo bat jarri, 101 urte ditu eta larritua.
" Baina ze ,betiko
paratu didazue poltsa"? Galde egin dio sendagileari. Biba zu! Pentsatu
du, baduzu eta bizi-gogoa.
Maritxu
bizigarri bila gibelat beha hasi da, Italia gogoan, Ugoren begiekin
ikusi zuen argia, kolorea eta bizipozarekin oroitzen da. Baina Euskal
Herrian dago; hotz umel eta batzuetan samina den bere herrian. Liburu
bat idatzi eginen du, gaur bertan hasiko da. Amorante bat asmatu
eginen du, eta hari kontatuko dizkio munduan zehar ikusitakoak,
sentitutakoak, irriak eta negarrak... Bere iloba Mikelekin oroitzen
da, asmatutako lagun bat egin zuen eta, xarmanki pasatzen zuen
mutikoak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario