Bitxori:
1960ko urrian Bitxorik hamasei urte bete zituen eta, beroki berria,
oinetakoak, galtzerdi, gona, elastiko, kulero eta bertze gainerako
guziak sartzeko, maleta erosi zion amak. Astelehenero arrautzak
izebari eramateko poltsa bat ere. Bitxoriren izebak ile-apaindegi
dotorea zeukan Donostian, eta hara joan zen ofizioa ikastera
neskatxa. Hasieran astelehenetik larunbatera egiten zuen Donostian,
eta irrikan itzultzen zen astebururo baserrira. Amaren janariaren
zaporea, etxeko haurride arteko giroa, ukuiluko animalien usaina;
horiek denak eta gehiago sumatzen zituen Bitxorik eskas. Baina,
laster laketu zen, garai hartan mutil bat ezagutu zuen bera bezala
astelehenero ikastera Donostiara joaten zena, eta harekin
lehendabiziko aldiz maitemindu zen. Astebururo poltsa bete arrautza
itzuli behar: hura miseria!, arrautzak ez auts zitezen, amak belar
idorrean biltzen zituen, eta poltsaren iskinetatik beti ageri zen
belar izpiren bat, eta mutilak irri egiten zion. German (zuen izena)
kaletarra zen, eta ez zekien zer nolakoa zen baserritar baten zama,
beti arrautza garraio!
-Zer daramazu poltsan? -
Galde egiten zion Germanek.
-Eta neskak, ba arropa
eta horrelakoak... erantzuten zion.
Baina, mutilak zirikatu
nahian jarraitzen zuen.
-Ba nik uste dut arrautza
garraio ari zarela.- Eta barre egiten zuen.
Guti iraun zuen amodioak;
igandetan herriko enparantzan dantzan aritzen ziren, eta batean neska
frantsesak hasi ziren mugaren bertze aldetik etortzen, Brigitte
Bardot modura jantzi eta orraztuak, eta, herriko mutilak txoratu
ziren. Bitxorik gaizki pasa zuen, baina, frantsesena ez zion mutilari
barkatu.
Bai, Donostian neska ongi
laketu zen, naiz eta ordurainoko giroa arras bertzelako izan. Haren
izeba Txurruka kalean egokitua zen, eta ospe handiko ileapaindegia
zeukan. Hamar bat neskek egiten zuten bertan lan. Gehienek ez zuten
soldatarik irabazten, lan ordain ikasi egiten zutelako. Bezeroak
aberatsak ziren, eta eskupekoa sartzen zieten langileei mantalaren
sakelan. Neskek ongi zekiten zein bezerok bortz pezetakoa ematen
zuen, eta zeinek pezeta bakarra; erne ibili behar zen, bezeroari
harrera egin, berokia edo guardasola hartu, sinpatiaz agurtu, eta
haren ipurdiari atxikita egoteko; zein zerbitzari arrunta beti haren
aginduetara. Bitxorik laster ikasi zuen, eta egun gehienetan sakela
txanponez betetzen zuen
Ile-apaindegiko giroa
arras faxista zen; batez ere uda partean, Madrildik diktadorearen
gortea iristen zenean: ministroen emazte eta senideak,
konde-andreak, duke-andreak, printzeak, militar-andreak... eta
noizbehinka diktadorearen alaba eta biloba ere. Bitxoriren izeba
Elenak arreta handiz hartzen zuen berean gorte hura. Alde batetik
negozioarentzako ona zela uste zuelako, eta bertzetik bera ere
faxista zelako. Elenaren familia karlista sutsua izandakoa,
eskuindarra zen, eta guda garaian euskal abertzaleen salatzaile.
Baina, Bitxorik garai hartan ez zekien deus, etxean gai haietaz ez
zelako mintzatzen. Ez zekien zertan zetzan abertzale izatea ere.
Sortzez zen euskalduna, euskara zelako bere lehen mintzoa. Haren
erdara, garaian nahiko txepela izanik, sarritan mesprezuez
begiratzen ziotela iruditzen zitzaion. Aise ikasi zuen gaztelaniaz
ongi mintzatzen, baina bere betiko mintzoa ez zuen alde batera utzi,
euskaraz alfabetatu egin zen. Izebari ez zitzaion batere gustatzen
Bitxoriren euskararekiko zaletasun hura, eta are gutiago egin zituen
lagun berriak, baina baziren neskaren gauza aunitz, izebak jakinen
ez zituenak. Txurruka kalea Gipuzkoa enparantzan akitzen da gaur
egun, orduan bezala. Eta enparantzan aintzira ttiki bat zegoen gaur
egungo berbera, eta ur putzuan betidanik antzarak. Abuztuan mezu
bitxi bat hartu zuen Bitxoririk; egunero behatu behar zuen ea
antzarak Gipuzkoako enparantzako aintziratxoan zeuden, ala handik
desagertu ziren. Jakina zen Franco Donostiara etortzen zenean,
Gipuzkoa Enparantzako antzarak Aieten diktadoreak zeukan egoitzara
eramaten zituztela. Ihes egiteko tenorea zen.
Isidoro
Arzoz: komandante karlista, mutil xarmanta,
Zumalakarregi modura boneta, sudurpeko galanta, eta paparrean dominak
ageriko. Halaxe zen haren argazkia, etxeko gela printzipalean,
hautsez estalia, eta denboraren poderioz horitua. Gizonaren
garrantzia ez zen behin ere zalantzan jartzen. Naiz eta zein izan
ziren haren merezimenduak ongi ez jakin. 1859an Marrokoko gudan
ibilia zen, arras gaztea izanen zen, hamasei bat urte akaso. 1876an
Karlos zazpigarrenarekin guda galdu eta mugaren bertze alde egin
zuen. Donibane Lohitzunen, bere familiarekin urte bete egon zen, eta
hantxe bere emazteak sortu zuen alaba; Bitxoriren amatxi hain
zuzen. Bazegoen etxean, halako misterio antzeko bat egundaino
argitzen ez zena, antzina laino zerratu batean galtzen zelarik.
1498an Nafarroako
Erresumak juduak bere lurraldeetatik igorri zituen. Kiristiak
bataiatzen zirenei gelditzeko baimena ematen zieten. Anitzek
erbesterako bidea hartu zuten, baina bertze hainbertze gelditu ziren.
Batzuk nahi izan zutelako, bertze batzuk ez zuketelako joateko
modurik. Gelditu zirenak, naiz eta ez sinetsi, fede berriari zin
egin eta inork zalantzarik izan ez zedin, gotor eutsi zieten eliz
berriaren debeku eta aginduei.
1850an Espainian Isabel
bigarrena erregina izanik, gobernuak guda egin zion Marrokori, eta
boluntarioak eskatu zituen gatazkarako. Nafarroatik
atera zen boluntario karlista kopuru handi bat, eta haiei zuzendu
zintzaizkien apezak, itzul ez zitezen islama suntsitu ezik, meskitak
erre eta gazteluetan gurutzea jarri gabe aginduz. Lizarran bizi zen
Isidoro Arzoz, eta arbasoengandik zetorkion elizarekiko zaletasuna
erraldoi egin zitzaion, hainbatekoa baitzen giroa. Isidororen familia
lur gabea zen, aita zurgina eta ama emagina; senideak militarrak edo
apezak, garaiko pobrezian aitzina egiteko aukerak zirelako. Pobrezia,
eliz, eta aberri koktela fanatiko iturri, karlistek osatutako
ejertzitoan bazuen tokia Isidorok; tinko heldu zion baionetari, sutsu
abiatu zen Marroko aldera sinets-gabeak suntsitzera.
1872an Karlos
zazpigarrenak muga gurutzatu zuen, Espainiako gobernuaren egongaitza
profitatuz, ejertzito bat osatu eta matxinatu zen. Hirugarren
karlista guda zen, eta azkena izanen zen. Lizarran ezarri zuen
gobernua, eta Euskal Herriko hiru aldundietan gotor egin zen.
Gudariak erdi bandolero, basa hutsak, Santa Cruzko apeza bezalakoen
aginduetara, sarraskia eta hondamendia hedatu zuten. Estatuan
Saboyako Amadeo zen errege; bi urte eskas egon zen boterean,
lehendabiziko errepublikak jarraitu zion; gero berriz ere erregea,
Alfonso Hamabigarrena, Iruñean sartu zen egun berean, gurutzatu zuen
muga Karlos zazpigarrenak, eta harekin Isidoro Arzoz komandante
karlistak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario